DANBADA
bizarra egitean danbada itzela aditu dut kale aldetik
eta, zer izan den nondik etorri den ez badakit ere,
arnasestuaz eskuak pausatu ditut konketan,
aparrez zikindutako labana txorrota azpira jausi zaidala
flash antzeko batek aurpegia ezabatu dit ispilutik
eta, gauez halako beste danbada baten ondorioz,
betiko joan zitzaigun lagunaren begirada agertu zait
gazte, irri apala, zigarro bat ezpainetan
segundo batzuk pasa ostean haren irudia deuseztatu
eta, diapositiba pase baten aurrean banengo bezala,
beste begirada batzuk hasi dira agertzen,
bestelako zoritxarrek eragindako heriotzaren segadak
albotik lapurtu zizkidan lagunenak,
eta, haize leuna lez, ispilutik berriro desagertzen...
telefono hots batek denak lausoarazi ditu
neure begitartea ispiluan berriro agertu arte:
hor daude nire zimurrak, nire betzuloak, zain ubelak,
ile urdinak, soiluneak eta nire begirada...
lagun horiek guztiak hil eta hogei urte zaharragoa
oroitzapen hutsa besterik ez badira ere
betirako gazte gorde dituen nire begirada...
bihotzeko nire begirada