Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

LAZUNEN POZA

 

korronteek ekarritako dortoka ilun bat

edo portuko ur koipetsuetan katea apurtu eta

itsasadarrean gora errari doan buia izan liteke,

baita portutik uretara jausitako fardel bat ere,

edo Guggenheimek itsasadarrean jarritako artelan bat,

modernoa, nonbait, edo postmodernoa, nahi baduzue;

ur gainean dagoen jostailua ere izan litekeela

pentsa dezake jendeak, barandatik begira

 

argazki kamerak zein telefono mugikorretakoak

di-da batean jarriko lirateke lanean

 

salbamendurako zodiaka hurbiltzean

lazun saldo bat ikusiko dute haren inguruan,

saltoka eta itzulinguruka, marrazo txikiak bezala,

eta kako luze batez ontzira gerturatzean

ninirik gabeko begizuloak topatuko dituzte,

musu desitxuratua, ezpainak eta mihia janda

 

giza gorpu beratua

lazunen bazka

 

handik bost minutura, zodiaka oraindik desagertu barik,

surf taula baten gainean marka ospetsu baten iragarkiak

argazki kamera guztiak bereganatu ditu, ezin agudoago

 

lazunen poztasun berberaz