ZERUTIK IZUA
euria gogotik ari badu ere
larru iluneko ume bi zerura begira jarri dira,
teilatuek mugatzen duten laino beltzetara,
zaparrada honek bustitzen dizkien eskutxoetatik
oraindik are estuago heldu diote elkarri,
eta horretan gelditu dira
ekialde hurbil baina orain urrun hartatik etorritako
larru zein patu iluneko ume biak
inguruko jendea hara eta hona dabil,
nor bere beharretara, bere zereginetara
eguneroko bizimodu gor eta itsuaz,
ume biek espaloi erdian sortu duten traba saihestuz
umeek zerurantz begira jasotzen dute euriaren kolpea,
bustitzen ari direla axola gabe,
uholde bihurtu diren lainoen gainetik
helikoptero baten zaratak erabat geldiaraziak
espaloiaz bestaldeko atari batean babestuta
agure batek bere burua ikusten du
ume horien begirada beldurtuetan,
sua eta izua darizkien begi txiki horietan,
eta, atzera biltzen diren filmetan bezala,
umea zeneko garaietara joan zaio bihotza,
zerutik bonbak etengabe jausi
eta inguruan lehertzen ziren egunetara
kalea gurutzatzen ari dela
aspaldian ez bezala hasi zaizkio atzamarrak dardarka,
poltsikoan mendazko karameluen bila dabiltzan
atzamar zimurtuak