BELUSEZKO SUGEA
Rock Rebel Fashion
holaxe idatzita dauka nikiaren aurrealdean
iragarki batean agertu den gazte batek,
eta txiklea mastekatzen duen bitartean
Sid Viciousek erabili ohi zuen nazka keinu artifizialaz
ez isiltzeko esan dizu telebistaren pantailatik,
esateko daukazun gauza mordoa
lau haizetara zabaltzeko aukera ematen dizula
marka ospetsu horrek,
hala nola, zu zeu benetan izateko aukera paregabea.
Baina, lagunok, iruzurra belusezko suge ederra da,
kokotetik zulatu eta burmuina astiro xurgatuko dizuna.
Giza manikiak izen handiko markek jantzita,
non Che Guevararen irudia, haren jokabidea ezabatuta,
Mickey Mouserenarekin pareka dezaketen
(a!, pop artea zoragarrrria zara...)
eta Bob Marley Marilyn Monroerekin
(biei gogotik emanda, aurretik eta atzetik)
eta Lenin, sobietei berbetan mitin sutsu hartan,
oihuka dabiltzan tarzan birekin haren alboetan,
edota Malcom X bongoak jotzen Disneylanden...
Halako batean, basque fashion izenpeko amarruaz,
lasai asko jarriko digute Argala edo Zumalakarregi
Madonna erotiko zerutiar baten bizkartzain modura.
Baina be cool, lagunok, be cool,
pop art ondo koloretsua, su itzaliaren cold-ture,
Botereak nahi bezala, iraultza sodomizatua,
be cool, lagunok, be cool-ture, be happy
don't worry ezertaz eta be happy.
Lau egunetarako munduratu ei gara
eta pastel erraldoi honetatik striper bat
agertuko zaizula diotsu belusezko suge eder horrek.
Beraz, musukatu egingo duzu sugearen ahoa?