Zerua hemen
Zerua hemen
2026, poesia
Poesia 102
112 orrialde
978-84-19570-57-4
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
2021, poesia
 

 

BITXILOREZKO IDUNEKOA

 

 

Ez da amets efimero bat,

ez da fantasia hutsa.

 

Azala erauz diezadaten nahi dut.

Bizilagunari oparitzeko

geranioari aldaxkak

erauzten zaizkion gisan. Baina egizue bortitzago,

odoltsuago, biolentoago.

Geranioek ez dute gorri kolorea merezi,

ez nire haragiak bezainbeste.

 

Azala erauz diezadaten nahi dut

eta geruzaz geruza

usain dezatela;

ustel mailak identifikatzeak

plazera sortzeraino.

 

Eta espero dut egingo dutela disekzio

ahalik eta detailatuena

azalpean daramadan zoologia

guztia identifikatu arte.

 

Inurriak, katakumeak, okilak, bareak,

labezomorroak, akaroak, saguzarrak,

euliak, amuarrainak.

 

Entziklopedia bat idatz dezatela

aurkitzen duten hori guztia

patxadaz irakur dezadan gero,

edo errurik gabe gorde dezadan

egongelako apalategian,

sekula berriz ez zabaltzeko

gordetako argazki albumen ondoan.

 

Azal eder-eder bat egin diezaioten nahi dut

eta nire azalez tapiza dezatela gero,

tapa gogor sendoekin bildutako

n tomo,

ez bainaiz espezie guztiak

ezagutzearekin konformatuko.

Espero dut izaki bakoitza identifikatuko dutela

eta lotuko diotela bitxilore bat lepoaren inguruan.

 

Zoologia uniformatu bat nahi dut

nire zelaietako bitxiloreak

bazkatzera makurtzen direnean

elkarren lepoak jango dituzten

izakitxoak haz daitezen

nire azal berriaren azpian.