Zerua hemen
Zerua hemen
2026, poesia
Poesia 102
112 orrialde
978-84-19570-57-4
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
2021, poesia
 

 

APIRILAK 28

 

 

Mundua itzali da

nobela bat irakurtzen nengoen

Apaizen pasealekuan

mobiletik nobela bat irakurtzen

 

oraindik argitaratu ez den zerbait

beste zerbait

guztiz irentsi nauena

 

candy crushak

instako reelsek

eta pipa paketeek bezala

 

etxeratu naizenean konturatu naiz

“denok hilko gara”-ka sare sozialak

 

hiltzear dagoela storyak

egingo ditu jende batek

 

sekula ez hiltzeko eskatzen

nien gurasoei umetan

“ez hil, bale?”

heriotza zer den ikasteak

beldurra ematen du

 

gero nerabea zara eta

banku batean pasatzen duzu urtea

“ojalá se muera”-ka

benetan sinisten ez nituen gauzak

gaztelaniaz esaten nituen

 

hizkuntza hautuak

konplexuak dira

arrazoi bat dute maiz

 

gero inoiz baino umeagoa zara eta

mediku bati baimena ematen diozu

zure aita hil dezan

 

haren gelara sartu eta

“ez hil, bale?” esaten diozu

begiradarekin

 

hainbat aldiz amaitu da mundua

denon bizitzan.