
Aurkibidea
Aurkibidea
DOLU OHARRAK
Oharra I. Inoiz desiratu ez ditudan gauzak desiratu ez nituelako neure buruarekin haserretzea da dolua egiten ikastea.
Oharra II. Ilea garbitu berri eta belarritakoak jantzita antzezten da tristura publikoki. Hori da tristura: samurrago, eleganteago, neskago agertzea. “Ondo zaude?” galderari “Bai, lasai, hobeto” erantzuteko trajeak janztea. Tristuraren estetika unibertsala pijama zulodun bat da, ordea.
Oharra III. Negar egin dut afaria prestatzen zidaten bitartean.
Oharra IV. Beltz kolorea aukeratu dut. Prakak, kamiseta, jertsea. Inork ez du ikusi gaurko propio jantzitako nikia. Aita hil zen gauaren urteurrenean Anari eta Belako ikusten egon nintzen Gasteizen. Bertan erositakoa da. Gasteiz 01.05 jartzen du. Lotsaz diot, baina horregatik erosi nuen.
Oharra V. Zergatik tristatzen naiz haserre nagoenean? Gurago nuke min sakonez berba egin. Ulu egiten baino hobeto dakit negar egiten.
Oharra VI. Ni hiltzen naizenean nolako agurra egitea gustatuko litzaidakeen galdetu didate. Lehen kapaz nintzen horri buruz berba egiteko. Orain ez. Oraindik ez.
Oharra VII. Amesgaiztoekin negarrez esnatzen naiz. Ume. Gosaldu eta berriz ohera sartzea erabaki dut. Inoiz ez da gosalostean baino hobeto lo egiten. Eta hemen nago, ametsa ezabatu guran. Beste edozein egunetan beira jasotzeko kamioiak esnatuko nindukeen orduan.
Oharra VIII. Banaiz apur bat, baina normalean ez naiz hain kursia. Esaldi potoloegiak esaten ditut beti despedidetan, gurago dut hori ez agurtzea baino.
Oharra IX. Roland Barthesen dolu-egunerokoa irakurri dut. Hala esan zuten aurkezpenean: “Ama hil eta biharamunean hasi zen Barthes txarteltxoetan doluari buruzko oharrak jasotzen”. Nik ere idatzi izango nukeen, baldin eta aita hil baino lehen irakurri izan banu liburua.
Oharra X. Nire bila etorri behar izan dira. Ezin nuen gidatu.
Epilogoa. Louise Glücken Basairisa liburutik: “Noahk dio / depresiboek gorroto dutela udaberria, barne / eta kanpo munduen arteko desoreka”. Niri apur bat gustatzen zait. “Ez, dolua (depresioa) ez da gaixotasun bat. Zer ote da sendatu behar zaidana?” dio Roland Barthesek. Hori izango da.