Zerua hemen
Zerua hemen
2026, poesia
Poesia 102
112 orrialde
978-84-19570-57-4
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
2021, poesia
 

 

ANIMALIA HILAK

 

 

“Guk katu bat geneukan, baina desagertu egin zen”. Zenbat jendek ikusiko ote zuen errepidean asfaltoaren kontra, ez-gorputz hori, zomorroen bazka bihurtuta, zuen katua. Zenbat jendek esan ote zuen “qué asco”, zenbatek “ay, pobre”. Zenbat autok zapaldu ote zuten. Zenbat jendek ez ote zuen ikusi. Zenbat jendek zapaldu ote zuen nahita.

 

* * *

 

Usoak eta kaioak eta saguak eta arratoiak. Trikuak eta sugeak eta satorrak eta sugandilak. Ikusi izan ditut hilda. Txerriak eta txahalak eta oiloak eta arrainak ere bai. Amuarrainak, armiarmak, labezomorroak: horiek akabatu ere egin ditut inoiz.

 

* * *

 

Zuhaitz gazteren bati erauzitako arrama batekin txori hilak disekzionatzen oroitzen dut neure burua. Jolasten. Fuerte garbitzen zizkidan amamak eskuak. Oso fuerte. “Hilddakuek ezin die holan tratau, ume”. Espartzuaz, indarka, heriotzaren arrastoak kentzen zizkidan eskuetatik. Oilaskoa bazkaltzen genuen gero.

 

* * *

 

Leihotik saiak ikusten genituenean “ardiren bat” esaten zuen amak. Sarraskijaleei beldurra nien garai hartan. Giza haragia gustatzen ote zitzaien galdetzen nuen beti. Zergatik ez diren ibiltzen kanposantuetan. Zergatik ez diren bizi ospitaleen aldamenean. Nolatan ez dituzten egiten habiak beilatokietako teilatuetan. Nik ere ez nuke nire etxea poligono industrial batean eraikiko, baina hori omen da heriotzaren lekua. Urteekin konturatu nintzen baietz, ibiltzen direla putreak beilatokietan ere.

 

* * *

 

Heriotzak ez du irudikatzen nuen bezala funtzionatzen. Nik nahi ez dudanean hiltzen dira beti besteak. Hanka zaurituta zeukan ardi bat salbatu nuen behin mendian. Kostatu zitzaidan autoan sartzea. Inork ez digu irakasten hiltzeko zorian dauden izakiak ukitzen.

 

* * *

 

Lanetik bueltan, gauez, kotxearekin orkatz bat joko banu zer? Ezagutzen dut herri bazkaria egin duenik.

 

* * *

 

Begiak itxita eta mingaina aterata irudikatzen genituen hildakoak umetan. Uste dut txerri hil batek eraiki zuela hildako gorputzaren ideala urte askoan nire iruditeria pertsonalean.

 

* * *

 

Behin suge bat ikusi nuen erditik moztuta. Espaloiaren ertz batean zati bat, belartzan bestea. Desbrozadora batek moztuko zuen. Arrasateko errementariaz akordatu nintzen etxera bidean. Piztien boterea gizonek hartu zuten. Sant Jordik desbrozadora batekin akabatu du sugea. Mitoek bizitza esplikatzen dute.

 

* * *

 

Heriotza ez da ikusteko polita. “Pasau lasai, elegante dau”. Esaten dute helduagoek beilatokietan. Nik beti izaten dut zuen katu zanpatuarekin topo egiteko beldurra. Baina narrastiak topatzen ditut. Inoizko orrazkerarik landuenekin. Izan ez ziren horri kultu egiten. Azala atzean utzita.