
Aurkibidea
Aurkibidea
TIRANTEDUN KAMISETA ZURIA
Ixten ditut begiak eta
hortxe zaude.
Eguzkiak ilundutako azala
tirantedun kamiseta zuriaren azpian
zeinen ondo gelditzen zaizkizun
masail gorriak.
Eskaileran gora zatoz
gereziz betetako kaxa bat eskuetan
ze sinplea den plazera.
Ixten ditut begiak eta
hortxe zaude.
Berandura arte lo egin duenaren azal markatua
tirantedun kamiseta zuriaren azpian
zeinen ondo gelditzen zaizkizun
makarrak begi puztuen ondoan.
Bainujantziaren marka nabari zaizu
ipurmasail bietan
ze sinplea den plazera.
Ixten ditut begiak eta
hortxe zaude.
Zilarrezko katea
tirantedun kamiseta zuriaren azpian
zeinen ondo ateratzen zaizun
lesbiana modernoaren performancea.
Kamiseta kendu nahi dizudala esan dizut
titiak erakutsi dizkidazu
tirantedun kamiseta zuri bat
baino sinpleagoa da plazera.
Gurago nuke uztaila balitz berriz
baina otsaila da, argia joan da
eta hemen nago
esne hotzetan hondoratu diren
zerealak afaltzen.