Zerua hemen
Zerua hemen
2026, poesia
Poesia 102
112 orrialde
978-84-19570-57-4
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
2021, poesia
 

 

EZ BEREZIKI ONDO

 

 

Ni aitak orrazten ninduen.

Gauza finetarako arterik bako eskuek

gobernatzen zidaten burua

uzta biltzeko makinak bezala.

Irene Sola

 

 

Gu ere aitak orrazten gintuen umetan. Ez bereziki ondo. Ez bereziki elegante. Arterik bako eskuak orrazi txar bati helduta. Ahal zuena egiten zuen. Hil baino bi egun lehenago harekin eman nuen arratsaldea. Ilea moztuko ote nion galdetu zidan. Oraindik igar dezaket eskuetan kalpar zuri haren laztasuna. “Basurdiena moduko ulie daukotzu”. Esan nion makina eskuetan hartuta. “Kalbo behintzat ez zara inoiz geratuko”. Esan nion egun hartan bertan kimioterapia hartzen egon izan ez balitz bezala. “Zuri be zurittuko jatzu ulie, kabrona”. Esan zidan sukaldeko aulkian kamiseta erantzita. “Moztidazu, ba”. Esan zidan. Lana amaitu baino lehenago nekatu zen. “Nahikue ein dozu. Elegante nau, dutxara noie”. Esan zidan. Ez zen bereziki txukun gelditu. Ez bereziki ondo. Ez bereziki elegante. Arterik bako eskuak makina zahar bati helduta. Ahal nuena egin nuen.

      Hilko zela esan ziguten unetik ez nintzen berarekin egoteko gai izan. Helduen gauzak egin behar nituen. Asumigaitzak zitzaizkidan milaka gestio emozional eta antiemozional. Sedatzeko baimena eman nuenean, ospitaleko gelara sartu nintzen agur esatera. Inoiz baino helduagoa eta inoiz baino haurragoa sentitu nintzen une horretan. “Ya te vale, e, aita… ulie hain txarto moztuta hilttie be…”. Esan nion. Ez zidan ezer erantzun. Ordurako ez zuen berbarik egiten. “Zuri be zurittuko jatzu ulie, kabrona”. Pentsatu nuen.