
Aurkibidea
Aurkibidea
URTARRILAK 7
Egun horretan ikasi nuen,
norberak antolatu behar du
bere maiteen heriotza.
Sofan etzanda egin nituen deiak,
akordatzen naiz.
Beilatokian asanblada bat aitaren lagunekin.
Momentuan ez zitzaidan arraroa iruditu,
barre baino ezin dut egin orain.
Idazkariak paper txiki batean
hartzen zituen apunteak
(serbilleta bat?),
DBH3ko mutikoen bilera bat zirudien.
Denok umetzen gaitu tristurak.
Esan genuen zer bai eta zer ez.
Funerala bukatzean ardoa
banatzeko baimena eskatu zidaten.
Kriantza banatu zuten,
gure aitak beti edaten zuen urtekoa.