
Aurkibidea
Aurkibidea
LOREAK ZABORRETAN
Oparitu al dizute lorerik sekula?
Maitaleren batek, lagunek, amak, ezezagunek.
Tulipa hori elegante bat.
Arrosa gorri klasiko bat.
Zitoriak edo
izendatzen ez dakizun lore arrosa sorta bat.
Ur apur bat eta lixiba tanta bat.
Luzaroan irauten dute bizirik horrela.
Egunkari paperetan bildu eta
buruz behera jarrita
betiko lehortzen dira.
Eder lehortu ere.
Opari jasotako lore guztiak lehortu izan bazenitu
lekurik izango ote zenuke etxean?
Gure aita hil zenean krabelinak
banatu genituen hiletan.
Haren argazkiaren ondoan jarri
genituen ezin txukunago.
Errituala amaitu zenean
“eta ze eingou honekin?”
bota nuen urduri.
“Kontenedore bat dau hor”.
Esan zuen batek.
“Ez dittut lorak kontenedorera botako”.
Esan nuen nik.
Ez dakit niri, aitari, loreei
baina burla egitea iruditu zitzaidan.
Loreak ezin dira zaborretara bota.
Goreegia da.
Edozein poetak idatziko lituzke
hamar edo ehun poema
eszena hori ikusita.
Lore besakada hartu eta banaka-banaka
oparitu nituen.
“Hartu. Ez naz lorak botateko kapaz”.
“Hartu. Eingotzazue lekutxo bat etxien”.
“Hartu. Lora bati ezin jako ezetz esan”.
“Hartu. Hartu. Hartu”.
Lehortuta dauzkat
egun hartako arrosa sorta
eta krabelin bat.
Ordutik ez dut lorerik jaso oparitan.
Eman bai, behin baino gehiagotan.
Landareak oparitu dizkidate, ordea.
Jendeak oso modu elegantean
egiten dio ihes heriotzari.