
33. Gizatasuna non?
Literatura jolas serioa dela esaten zuen gure inguruko idazle batek eta hala planteatua dago Harkaitz Canoren azken eleberria. Jostari heldu dio donostiarrak oraingoan euskal gatazka erdigunean duen eleberri bati. Kontua da eleberria ezagutu, eleberriaren fikzio mundu horretatik kanpo, ezin dugula ezagutu. Soilik, haren gainean egin diren balizko kritika batzuen bidez, zeharka jakin dezakegu haren edukiaren berri. Horrela, destolestu egiten da idazketa: egilearentzat inportanteak diren liburuko uneak aipatzen dira eta eztabaidatzen. Irudi oteizar bat bihurtzen da liburua, azaletik bertatik.
Kritiketako batean aditzera ematen da kontatzen zaigun balizko nobela horren protagonistak, ETAko komando batek bahitutako enpresari bat, Roman izena duela eta horrek ematen duela egiazko protagonistaren berri: “roman”, eleberria. Izan, “nouveau roman” bat da liburua, lan esperimental bat. Forman eta edukian. Saiakeraren eta eleberri/fikzioaren artean dabil liburua. Saiakera fikziotik kanpo kokatzen den literatur genero handi bakana dela deuseztatzen da proposamen honekin.
Eta bestalde, Canoren espezialitatea erakusten du: artefaktu literarioari buruz hitz egitea, posible dituen molde guztietan. Baina nik muinean ikusi dudan gaia, aldiz, idazlearen obsesio handietako bat da: etika. Bere eleberrietako pertsonaien etika, idazteko, kontatzeko, esanahiak, bere forma guztietan, eraikitzeko lanari erantzuten diotenak. Ekitaldi historikoak sortzen jarduten duen militante politikotik hasi eta istorio bat kontatzen duen idazlearengana edo liburu bat komentatzen duen kritikariarengana. Badaki Canok larruz mudatzen, beti bera baina desberdina izan dadin.
Inguruko irakurle on batzuei Miguel Alcazarren “La crítica literaria en los noventa”ren eta Nabokoven “Pálido fuego”-ren eragina ikustea iruditu zaie.
A.S.
2025-12-27