
32. Hau hasi besterik ez da egin
Júlia Nueno Guitarti irakurri berri diogu Genocidios saiakera bilduma bikainaren hitzaurrean: “Palo Altoko profetek, ahotsik ezabatzen ez duen zentsura bat asmatu dute; areago, jada ez du inork zure boza ezabatzeko nekerik hartzen, horren ordez, adierazpen askatasun absolutuaren izenean, milioika ahotsen zurrunbiloan kokatzen da zeurea, gainerakoetatik ezin bereizteko moduan. Albisteen eta gezur biralen, iritzien eta gorroto-diskurtsoen, publizitate pertsonalizatuaren eta propaganda emozionalaren pilaketak etengabeko disonantzia kognitiboa sortzen du. Steve Bannonek argi eta garbi esan zuen: flood the zone with shit. Bete dena zaborrez. Esfera publikoa lokazti bihurtuz gero, gorpuzteko aukerarik gabe hondoratzen da kritika saiakera oro”.
Pentsa liteke horren kontrakoa egin nahi izan duela egileak Silueta-n: gehitu beharrean kendu, erantsi beharrean erauzi, idatzi beharrean hutsune bat sortu. Izan ere, literatura horretantxe ez ote datza? Estilo baten bila, testuak trinkotu, laburtu, soberakoak ezabatu eta premiazkoa den horretantxe uztea izan ohi da idazlearen erronka. Kendu, ostendu, erauzi… Silueta-n, muturreraino eraman da ariketa hau, halako moldez non irakurleari nobela osoa izan baitzaio ezkutatua. Ez dago nobelarik. Arkeologoak nola, halaxe eraiki beharko du irakurleak ere existitzen ez den nobela hori, errautsetatik, arrastoetatik, bere sena eta espekulaziorako gaitasuna lagun, nobela horren inguruko 31 testu kritiko edo iruzkinetatik abiatuta. Pribazioaren erotika maite dutenek estimatuko dute agian liburua. Gainerakoek, ez hainbeste. Ez dauden, falta zaizkigun, idatzi ez ditugun liburuen inguruan hitz egiteko aitzakia bat besterik ez baita funtsean Silueta.
Hogeita hamaika eskutik. Ez ote dira askotxo, aukeran? Horra hor egiantzekotasunarekin Silueta-k duen lehen talka, pentsa lezake norbaitek. Gure literaturan zein liburuk izan ditu, bada, 31 kritika aspaldion? Armiarma webgunean sartu gara bart eta azken urteetakoen artean Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat aurkitu dugu gehien iruzkindutakoen artean: 20 kritika egin zizkioten. Danele Sarriugarteren Erraiak eleberriari, berriz, hamalau. Atzerago joz gero, ordea, bada beste aurrekari nabarmen bat: Lauaxetaren Bide barrijak poema bildumari Lizardik, Orixek, Aitzolek eta beste hainbatek egin zizkiotenak, duela ia 100 urte. Asmatu duzue: 31 izan ziren orotara. 31, gainera, zenbaki lehena da, “zenbaki lehen sexya”, matematikan adituak direnek ongi dakitenez. Erkatu garai hartako kritikak eta gaurkoak: gizonezkoek egiten zituzten, gaztelaniaz gehienetan, eta gaurkoak baino askoz luzeagoak izan ohi ziren. Espazio gehiago zuten (gizonezkoek) argi-itzalez hitz egiteko, noiz liburuaren bertuteak seinalatuz noiz akatsak salatuz, ez alde edo kontra, baizik eta alde eta kontra, aldeko argudioak, badaezpadako zalantzak eta ñabardura ezkorrak nahieran aletzeko. Gaur egun, ordea, kritikari batek apenas duen ñabartzeko espaziorik, eta nobelari egindako edozein komentariotxo ez hain baikorrek, denik eta mendreena izanagatik ere, bonba atomiko baten pisua har lezake. Edo, errazago mintzen garela da kontua, agian? Azala asko findu zaigu, menturaz?
Pentsa liteke, honenbestez, balizko nobela horretakoak baino, hemen ez ote diren kritikariak beraiek benetako pertsonaiak. 31 ahots ezberdin, kritikarien saldoan denetik baitago: laudorioetan urtzen dena, destroyerra, idatzi ahala iritzia aldatzen duen kritikari zalantzatia, bere aldartearen berri eman edo bizitza kontatzen dizuna, beste idazleen benetako aipuekin edo aipu apokrifo zein okerrekin elikatzen dena, liburua irakurri ez duela aitortzen dizuna, nobelagileari idatzi beharko lukeen liburua gaztigatzen diona, spoiler-ak irristatzen dituena, sutsua, ponderatua, akademikoa, paternalista, sumindua, politikaz arduratzen dena, psikoanalista lacaniarra... Liburua, nobela baino, irakurketa performatibo bat eskatzen duen artefaktua ote den dioena ere bada, eta agian ez zaio arrazoirik falta. Ildo horretan, paregabea da Xabier Gantzarainek egin duen azala, liburuaren existentzia berez justifikatuko lukeena, egileak azal horrek liburu bat izan dezan idatzi izan balu bezala nobela, eta ez alderantziz. Liburu honen egitura ez da lirudikeen bezain originala, jakina, duela mende erdi pasa idatzi baitzuen Stanislaw Lemek Doskonała próżnia (Hutsune perfektua), zeinetan existitzen ez ziren hamasei kritika egiten zizkien existitzen ez ziren beste hainbeste liburu eta ikerketa-lan zientifikori. Silueta-n, ordea, liburu bera da beti iruzkindua.
Kritikariei egindako omenalditzat ere har liteke. Izan ere, esker txarreko lanik bada, hori kritikari izatea da. Kritika falta salatu ohi da askotan, baina kontuz: sortzaile batek iritzi zintzoa eskatzen badizu, zera ulertu behar duzu: lausengu premian dagoela. Sortzaile naizelako dakit hori. Kritikari zintzoa lagunak galtzeko arriskuan dago etengabe, gaizki ordainduta, eta gutxietsi egiten dute beti, merezi ez dituen esamolde gaiztoekin. Ezagunena, hauxe: “Dakienak egin egiten du, ez dakienak erakutsi; erakusten ez dakienak erakusten dutenei erakusten die; eta erakusten dutenei erakusteko gai ez dena kritikari bihurtzen da”. Tira, ez zen zehazki horrela: “erakusten dutenei erakusteko gai ez dena politikan sartzen da” zen jatorrizkoa, baina ulertzen didazue.
Sare sozialek guztiz aldatu dute kritikarien ahalmena, helmena eta pisua. Iritzia beste modu batera antolatzen da orain eta pulpituak digitalak dira orobat. Asko dira epaiak, gutxi iritzi artikulatuak. Larriena, jakina, ez da prentsako kritika literarioa edo zinematografikoa urritzea, baizik eta tresna kritikorik eza arlo guztietara hedatu izana, diskurtsoa pobretu eta gure zirkuitu mentalak endekatzeraino.
Jakina, omenaldia dagoen lekuan parodia ere badago: maite duguna parodiatzen dugu, edo gorrotatu arren, bere baitan gugan gorroto dugun zerbait daukan hura. Mimetismo eta ispilu-joko etengabe bat da bizitza, gaizki-ulertu pilaketa bat. Nago Silueta nobelaren egilea, bere harridurarako, komedia suerte batera ez ote den apurka-apurka lerratzen ari. Baina ez gaitezen erratu: bere zirtoak eta txisteak gezien muturretan idazten ditu.
Nobela-tranpa hau, silueta hitzaren aldarrikapena ere bada, hauxe baita agian, jende askok ez jakin arren, euskarak munduari eman dion hitzetan hedatuena eta ederrena. Frantsesaren iragazkitik pasatuta jaso dute, ez soilik erro latindarreko inguruko hizkuntzek, baizik eta berdin ingelesak, errusierak, polonierak, hungarierak edo are, japonierak ere. Hitzaren etimologiak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten: zulueta, xilhoeta edo ziloeta baita “zuloz betetako lekua”, nola eta den sasieta “sasiz betetakoa”. Zuloa bere baitan du silueta-k, eta non gertatzen da bahiketa, zulo batean ez bada?
Silueta-ri egingo zaion iruzkin bakoitza liburuaren hedapen bihurtuko da hemendik aurrera, liburu hau infinitua baita.
Gonbidatuta zaudete denok.
H.C.
2025-11-28
(liburuaren aurkezpenean irakurritako testua)