Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aresti eta Begiarmen
Jokin Apalategi Begiristain eta Paulo Iztueta Armendarizek 1974ko azaroaren 29an Sei idazle plazara argitara eman zuten [519]. Hirugarren idazlea Gabriel Aresti da, Iztuetak (?) estudiatua. «Koldo Mitxelena, Larresoro eta Gabriel Aresti idazleen zenbait lan aztertzen da ideolojia eta pentsakeraren aldetik», idazten zuen Amatiñok, [520] «Koldo Mitxelena eta Gabriel Arestiri dagozkien kritikak ulerterrezago» direla.
Intxaustirentzat, ostera, «Arestiren kasuan, beronek Euskal Herriaz dituen ideiak azaltzen» dira [521], «Bontzo nagusiekin edukitako burrukak, astakeria eta zerrikeriaren definizioak (edo astolojia eta zerrilojiarenak), etab.» [522]. Intxaustiri kasu eginez gero, Begiarmenek ez du poetarik estudiatu, «burrukalari» eta «albaiteru» bat baizik.
1975eko urtarrilean, Joan Mari Torrealdaik karta bana bidaltzen die aztertutako autoreei, «ea zuetako bakoitzak berari buruzko lanaz zer pentsatzen duen» [523] galde eginez. «L. Mitxelenak eta Larresorok erantzuna bidali digute. G. Arestik, ez», ziotsen irakurleei. Gabriel Arestik ere gutun bat bidali zion, ezer egitekotan jujeengana eraman behar zituela Paulo Iztueta, Jokin Apalategi eta Jakin, adieraziz; izan ere, Begiarmenek Gabriel Arestiri buruz esaten zituenen berri edukitzera Donostiako Aurrezki Kutxakoak ailegatzen baziren, ez zioten Hiztegia egiteko eskaka zebiltzan diru-laguntzarik emanen.
Hitz-eko Xaxpirentzat, ostera, «Larresorori buruzko lana da ahulena, eta Mitxelenari dagokiona aberatsena. (...) Aresti malgizonak aldi bat gehiago bereak eta bost biltzen ditu: merezi ere hartzen zituenak eta arrazoiz emanak. Segur aski gogorrenik egonen da madarikazioneak laudorioak baino bait zaizkioke atsegin eta goresle. Dena den, kapitulu hauk dira pobreenak, Begiarmen zerbait desarmaturik agertzen bait zaigu Arestiren harroaldi eskandalagarri haien aitzinean: desarmaturik gaizki esana dagoke: amatatuegi, beharbada, edo desegoki armatua...» [524].
San Martinek ere parte hartu zuen debate honetan: «Begiarmen, aldez aurretik ideiazko gogoari loturik bere plangintzaren montakizuna egin zuenez, gogoaren araberazko arrazoiak jaso ditu. Bila joan denaren agiriak aurkitu ditu. Eta, Arestiren kasoan, gure herriaren alderako eta gure hizkuntzaren alderako arrazoiak bilatu nahi izan balitu ere, hala aurkituko zituen. (...) Arestiren kontra nabarmenago agertzen da. Autore honen bizitza giroa behar bezala ez aztertzetik sortuak, noski» [525].
[519] BEGIARMEN: Sei idazle plazara. Ed. Franciscana (Jakin bilduma), Oñati, 1974.
[520] AMATIÑO: «Sei idazle plazara» in ZERUKO ARGIA (1974), XII.29ko 2an.
[521] INTXAUSTI, J.: «Sei idazle plazara» in ZERUKO ARGIA (1974), XII.29ko 4.ean.
[522] INTXAUSTI, J.: id. id.
[523] TORREALDAI, J.M.: «Mitxelena eta Larresoro» in ANAITASUNA (1975), I.15.8.
[524] XAXPI: «Mitxelena, Larresoro eta Aresti plazara» in HITZ (1975), III.34.ean. Hitz-ek hiru etapa egin ditu Gabriel Arestiren inguruan: Hitz-1: deskomekatu. Hitz-2: gutxietsi eta Hitz-3: Bedeinkatu. ETAko militanteek, edozelan ere, ez dute Arestiren produkzioa ezagutu berandu xamar arte: Etxebarrieta baitan Oteroko Bladi agertzen da, baina ez Aresti. Ik. LORENZO, J.M.: Txabi Etxebarrieta. Txalaparta, Tafalla, 1993).
[525] SAN MARTIN, J.: «Sei idazle plazara kritikaren aurrez aurre» in HOJA DE LUNES DE SAN SEBASTIÁN (1975), VIko 2an