Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aresti dramaturgo
Karlos Santamaria jaunari eskaintzen dion ...Eta gure heriotzeko orduan kristau tragedia publikatzen du 1964an [185]. Bukaeran ohartxo hau erantsi zion: «J. Etxaide Itarteren hitz pozgarri bati eskerrak, 1963 urteko maiatzaren bi igandetan izan zen ...Eta Gure Heriotzeko Orduan trajedia hau eskribitua».
Urte beronen abenduan, Donostiako Antzoki Zaharrean, Jarrai taldeak Beste mundukoak eta zoro bat jokatu zuen.
Propaganda paperetan, autoreak berak egindako ohar hauxe: «Egilleak entzule ikuslei eskatzen die, ez dezatela oinarritzat har, bakarrik kanpoko azala den hau: Idazlearen, teatro lanen eta komediako personaien arteko har-emanak, eta batez ere lekuaren eta denboraren aldaketak eta desberdintasunak. Guzti hori argumentu gaitz bat agertokiaren gainean jartzeko aitzaki bat besterik ez da-ta.
»Egilleak, hemendik, norbaitek egingo dion akusazio bat ukatu nahi du aldez aurretik, Luigi Pirandello'ri eskola hartu diola, italiar Nobel-sariaren lana ezagutu arren, ez baitu atzerriko airerik euskal teatrora ekarri nahi izan (gure artean oso beharrezkoak izan arren, bestela). Euskal tradizio zar bat berriztatu nahi izan du (orain gure artean ilda dagoana). Tradizio horrek Mondragoetar antzerki-gille Pedro Ignazio Barrutia eta Basagoitia eskribauarengan hartu zuen gorputza eta egilleak harengandik hartzen du eskola. Haren ikaslea aitortzen da» [186].
Teatro honen prozesuaz Saizarbitoriak xehetasun gehiago ematen du: «Aresti gurekin, Jarraikoekin, hitzegitera etorri zen, teatro-obra bat geure neurrira egiteko. Gure ekonomiaren, eszenario parrokialen, erosi eta konstante eszeniko bezala erabiltzen genituen panelen neurrira. Eta, ahal bazen, gure edadearen, gure estiloaren neurrira. Afaltzen genuen bitartean, Arestik behatzen ginduen. Orduan entzun nion, lehendabiziko aldiz, gerran pasa zuen goseaz hitzegiten. Geroztik askotan entzun izan diot. Brillantea zen eta komiko artean dagoen dramaturgoarena egitera jolasten zen apur bat.
»Handik aterako zen Beste mundukoak eta xoro bat. Miren izeneko pertsonaia batekin Mirari Mujikarentzat, Juan Antonio Juan Antonio Arozenarentzat, Karmele Karmele Esnalentzat (...) Gehiegi esatea litzateke afari hartan pertsonaien karakterolojia atzeman zuenik. Ni behintzat ez nintzen oso pozik geratu niri tokatu zitzaidanekin.
»Baina egiazki axola duena ez da bakarrik teatroaren bideetan sartzea, baizik eta teatroa egiten zutenen arauera idaztea eta Miller, Presley, O'Neill-ren teatro konbentzionalak piska bat itotzen genionean eta Ionesco bati zuzenean begiratzen genionean, Aresti banguardismo kutsuko teatro herrikoi bati lotzen zitzaion, nola hala beste parajeetan inposatzen ari zen teatro integral batetara heldu nahiean. Eta konkretuki, Beste mundukoak eta zoro bat garai bertan modan jartzen ari ziren pastoraletan bezala, osagarritzat sartzen ziren bertsolaritza, musika eta okasionalki dantza, eszenifikazio errekursoei leku gehiago utziaz» [187].
Donostiako funtzio honek kritika ona izan zuen. Firmarik gabe Zeruko Argia-n [188] agertu kronikan, «Zorionak, Aresti. hasten zen Markatik fuerakoa zara. Egin dezunatzaz arro gelditu zinezke.
»Zure ideia lortu dezu gure antzestokian. Eta biotz bero baten jabe zerala jakin arazi gaituzu». Arestirengan halako kezka erlijioso bat nabaritzen du: «Zergatik dezu beti jainkotasuna zure kezketan?». Ba omen du Arestik teatrorako zer bat, korrekzio batzuk eginez gero: «Ikuitzen badezu euskera eta ebakiaz alako itzegin luzeak, uste det ikusiko degula zure eskubian teatro iraunkor bat». Jarrai taldearen lanari buruz «egiñalak» egin ondoren «porturaiño iritxi ziran» esaten zuen. Artikulistak amaiera pentsagarri hau ematen zuen: «Teatro betea. Gustora txalotua izantzan Beste mundukoak eta zoro bat. Bukatu zelako, ala?».
Xabier Letek mugarriaren garrantzia ematen dio drama honi. Beronen ustez, «Gabriel Aresti izan da euskal teatroa kalidadezko bide berrietara zuzendu duena. Joan dan dagonillaren 13-an ikusi gendun Donostin Beste mundukoak eta zoro bat Aresti-ren obra jatorra, ta esan genezake egun artan eta obra arekin asi zela euskal-teatro berria». Munduan zehar kontsiderazio handia duten teatro-lanak euskaratzeari buruz, ostera, «Gaur gaurkoz bearrezkoak ditugu idazten zuen gure teatro eskasaren osagarri bezala. Aresti ta Garmendia asko sortzen diranean, agian ez dira orren bearrezkoak izango. (...) Gaztedia, zerbait dakien gaztedi responsablea beintzat, Arestiren alde doa» [189].
Era berean, Tolaretxipik «Zer iduritzen zaizu Aresti gaztea, antzes-idazlari eta olerkari bezela?» galdetzen dionean, Iñaki Beobidek, Jarrai antzerki taldearen zuzendariak, erantzun zion: «Aresti jaunaren bi obra ezagutzen ditut, eta geiago gabe "juzgatu" bear banu, atsegin zaidala esango nizuke. Lengo antzerki eratik iges naia ikustea pozgarri benetan. Ta orixe du Arestik» [190].
Maiatz honetan, Antzerki Astea ospatu zen Donostian. Beobidek garai hartan teatroak izan zuen animatzailerik bizienetarikoak badaki Gabriel Aresti hitz egitekoa dela eta hala aldarrikatzen du: «Donostia'n, Maiatzaren barruan, gure Aiuntamentuaren babespean Antzerki Astea izango da. Erderazko eta euskerazko taldeak lan egingo dute. Orrez gainera, illaren 13-an Gabriel Aresti, bilbotar idazle sonatuak itzaldi entzungarria emango digu: "Euskal teatro berri baten bearra" gai arturik. Entzuteko zai gaituzu, Aresti adiskide» [191].
Nemesio Etxanizentzat, «itzaldi entzungarria» izan zen [192]. Bere kronikan zioenez, «Aresti'k gutxik bezalako ezaguera du munduko literatura ta idazleena. Teatro gaian ere, kanpoko ta Euskalherriko antzerki-idazleen berri oso ikasia da. Euskal Antzerkiari buruz, gure antzerkigille zarrenetara jo zigun, Barrutia ta Peñaflorida kondearen lanak aitatuaz (...). Arestik txalo haundiak entzun zituan bere jaurnaldia bukatu zuanean. Ez gera Arestiren aldeko itsuak izan, ez gitxiago ere. Baina bilbotar honen euskerarenganako maitasuna eta zaletasuna geroago ta garbiago ikusten degu».
Hitzaldia 1964ko maiatzaren 13an izan zen, «Euskal teatro berri baten beharra: Euskal Komedia» titulupean. Bukaeran, «zuen txaloak izan daitezela, arren, Andoni Maria Labaien, Piarres Larzabal eta Agustin Zubikarai idazle bikainentzat, hoek geure teatroaren bitxi ederrenak eskeindu dizkigutelako, eta Tolaretxipi eta Beobide lagunentzat, Bilboko Gereñutar anaien laguntzarekin Euskal Antzerki Zaindia antolatu dutelako», berbekin zuzendu zitzaien entzuleei.
Mundu-munduan obrarekin ez zuen hain harrera ona izan. «Nobela hau Gabrielek azken ohar batean teatrorako eskribitu zen lehendabizi, eta Oilargaineko Etxola Batean izenarekin presentatu zen Altzaga-Sarira. Gero Peccata Mundi izenarekin Agora-Sarira presentatu zen. Etzuen premiorik merezitu. Orain irakurleen iritziaren aurrean presentatzen da. Zori hobea duela» [193].
Hasieran «Eskeintza» jakingarri hauxe: «Nere Garate damari: / Bilbaon honela bizi gera. Eta honelakoak gera. Beraz Laudioko baleran aurkitu ez ninduzunean, ez zenuen ezer galdu. Eta zerbait galdu bazenuen, nobela honetako orriartean aurkituko duzu. Atsegina ez dela ikusiko duzu.
»Barka nire ausartzia, eta Justo jaun zure aita eta nik hain estimatu eta miretsiari, nire errespetoak».
Zeruko Argia-k Agora-Nobela txapelketara presentatu ziren lanen berri eman zuenean mahaikoen erabaki aurretik Arestiren lana, Peccata Mundi, aurrena zekarren [194].
[185] ARESTI, G.: ...eta gure heriotzeko orduan in EGAN (1964), 1-6.207-235.etan. 1963ko maiatzean idatzia, Toribio Alzaga sarira aurkeztua urte berean, «Karamelope» izengoiti edo goiburuarekin. Ik. 137. oharra.
...eta gure heriotzeko orduan, Afrikako zenbait lurraldek independentziarako bidean direnean zenbait fraidek sufritutako bizitza teatralizatzen dituena, Arantzazun jokatzen zen Iratzederren Pasionea ordez jokatzekotan enkarguz idatzi zuen, baina ez zen taularatua izan.
Enkargu-modu hauek Mugaldeko herrian eginikako tobera delakoak lorturiko arrakastari esker gertatu bide ziren. Ik. 187. oharra.
[186] Propaganda paper honetan bertan, banaketa hau ematen zen: Práxedes Ugartemendia, Jon Andoni Arocena. Miren, Miren Karmele Maixuetxe. Karmele, Karmele Esnal. Begoña, Begoña Eizmendi. Arantza, Arantza Gurmendi. Erramun, Erramun Saizarbitoria. Baal, Jose Mari Aristi. Belial, Joseba Aldanondo. Lebiatan, Joseba Goñi. Aita San Nereo, Xabier Goenaga. Apaintzaile, Mikel Forkada. Zuzendari, Iñaki Beobide. (Conf. ZERUKO ARGIA (1964), X.7koa) Deban 64.VIII.20an erabaki bezala, multikopiatua izan zen.
Euskal Elerti 69-n (Lur, 1969) publikatu zuen, bost urte geroago. «Jarrai» taldeari eta «Iñaki Beobide nire lagunari» eskaini zien «(1964)-eko Agostua eta Irailean, Mundakan, Laudion eta Bibaon» idatzitako «lau egintzatan tajututako komedia» hau.
[187] SAIZARBITORIA, R.: «Hitzaurrea» in Lau Teatro Arestiar. Donostia. 1973. Donostiako Aurrera tabernan zenbait teatrozalek eginiko bilera baten ondorioz, enkarguz idatzia da, beraz, Jarrai taldearentzat. Ik. 185. oharra.
[188] Ikus «Arestiren Beste mundukoak eta zoro bat lengoan» in ZERUKO ARGIA (1964), XII.20ko 8.ean. Egilea, K. Santamaria? Arestiren kreazioan, geure ustez, konstante bat da goian irakurri dugun galdera «Zergatik dezu beti jainkotasuna zure kezketan?», nahiz eta ez den eliztarra ez teologoa.
Zubikarairen iritzian, «beste molde bateko dira Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Magdalenaren seme santua. Hemen antzerkirako iraultza eta erakusteko bere filosofi berezia ditu Aresti-k Seraphicus, Angelicus, Sanctus... mezulari barri dira gure oitura zarrentzat. (...) pertsonaia bakan eta egoki itxuratuak dira (...) Beste mundukoak eta zoro bat ere or dago, lau ekintzetan. Bost anai arreba, hiru deabru, santu bat, gixagaixo hau eta bestea... Euskaldunontzat errekaizetik ibili izan diran pertsonaiak». Ik. Bilbok bere seme prestuari..., 103an.
[189] JOSEBA: «Aresti´ren Beste mundukoak´ekin teatro berria asi zela, esan genezagu, dio Letek» in ZERUKO ARGIA (1965), I.24ko 12.ean.
[190] TOLARETXIPI: «Teatro saioa Donostian» in id. (1961), V. 10eko 4.ean.
[191] BEOBIDE, I.: «Teatro taldea lanean» in ZERUKO ARGIA (1964), V. 3ko 6an.
[192] Conf. ETXANIZ, N.: «Arestitar Gabriel´en euskerazko itzaldia» in ZERUKO ARGIA (1964), V.24ko 1go. orrialdean.
[193] ARESTI, G.: Mundu-munduan. Donostia. in EGAN (1965), 1-6aren separata. Titulua, geuk uste, Jose Maria Usandizagaren (1887-1915) 1913an Bilboko Campos aretoan jokaturiko Mendi-mendiyan haren replika da, eta testua oso dostoievskitarra.
[194] Conf. ZERUKO ARGIA (1964), VI.28ko aurren orrialdean.