Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Haurtzaro eta gaztaroa
Gabriel Aresti 1933an jaio zen Bilbon [1]. Aita partetik, euskararen aztarna ez da hain urrutikoa. Arestik berak kontatuko digunez, «Aita euskalduna izan zen mutilean, gero gizonean, ahaztu egin zuen. "Euskaldun galdua" izan zen. Hala ere niri gauza asko irakatsi zizkidan. Aitona-amonak, amaren aldetik zeharo bilingualak ziren. Aitaren aldetik euskaldun hutsak. Propio, aitaren osaba bat, Jesuita, Zugatzaga'tar Pilipa, oso idazle "garbija" izan zen. Zenbait "idazti" "idatzi" zituen. Aitaren arreba nagusiak, euskaldunak ziren. Berdin hauen seme-alabak, ene lehengusuak, aitaren lehengusu guztiak eta hauen ondorengoak euskaldunak dira. Amaren aldetik ez da euskaldunik geratzen».
Lehenago, baziotsen 1964an ondarrutarrei:«(...) jaio nintzan (...) aberriaren berbakuntzea galduta edukan familia batean. Euskalerriaren eriotzearen ezagugarri eta señale argi eta garbi bat nintzan ni nire ume-denporan. Eta egun batean, amabi urte nitualarik, nire buruaz lotsatu nintzan, euskaldun motz bat nintzala konturatu nintzan eta nire buruaz egin nuen lotsatu. Eta handik liburu-denda batera joan nintzan, euskal ikaspide edo gramatika on bat erostera» [2].
Aresti bera ailegatu zen, behin-behintzat, asaba zaharren baratzera, Arkadiaren bila, hiru Arkadiaren bila. Lehena, Aitaren Etxea: «Zornotzako hauzo batera joan nintzen hango jaiak zirelako san Antolin, hangoa da nire aitaren familia, eta han dauden gehienak ezagutzera joan nintzen». Bigarren Arkadia baserrietako euskara «naturala»: «Bospasei etxe baizik eztago baserrian, eztago eskolarik (...) Orain arte euskereak iraun badau ezelango ofizialeko laguntasun barik, izan da baserritarra lurrari, soloari lotuta egon dalako». Hirugarren Arkadia: anaitasun rusonianoa: «Euskal baserritarra berez komunista da / alkarzalea / kooperativista-edo».
Egiatan, haatik, aurkitzen duena ez da ez aetas aurea ez aetas argentea ez aetas aerea, aetas ferrea hauxe baizik: «(...) baina jente gazteak gurago du erderaz egitea, euskeraz baino. Jose Martin nire lehengusuak ere, soldadutzara joan ezpada ere, honela esan zidan. (...) Orain Bizkaiko jente geyenak laborantzeari itzi dautsa. Baserriko gobiernuan bakarrik enbrak geratzen direz, gizonezkoak barriz fabriketara doaz. (...) Len atxurretan eta zabizen arloetan, orain pinuak landatu dabez: eztago bape atxaki euskerari eusteko, baserriko gau aspergarriak baño gurago dabez Zornotzako edo Galdakaoko zineak. (...)».
Aresti gazteak, hala ere, badu esperantzarik lehenari eusteko: «Auzo-lanak betidanik egin dira hemen. Quieren hacer cooperativas de trabajo. Andoni Espartak Trojas (sic) de Elorrioko fabrikarekin egin duena bezelakoak. Cooperativa hoietan maketuak eztira deituak izango, eta ongi zuzentzen bada, baserritar helburu hori, honela gordeko da euskera. Horregatik euskera etsaia bakar bat dago, Bilboko kapitalismoa, eta gañera klaro Madrileko zer hori, izenik eukiteko eskubidea eztaukana» [3].
Honen guztionen oihartzuna Harri eta Herri poemarioko «Laugarren Partea» deiturikoan ikus daiteke: «Astepeko Sekretarioaren» bertso berriak, zaharrak eta libreak. Jarraiko era honetan azaltzen ditu Juan Mari Lekuonak: «Astepeko Sekretarioaren bertso berriak» izeneko poesiari. Xenpelarren egitura ber-berean, bertso legean emana. Iparragirreren bozean Berrogei ta amabost bertso, arnas luzeko abiaduran. Gaiaren aldetik, berriz, erromantze erara tajutua derizkiot, Astepeko sekretarioaren istoria kantatzen dualarik. Eta istori ori, egilleak esan zidanez, bere aitonaren istoria omen» [4].
Arestitarren asaba zaharrengan madarikazio latzen bat eroria zen, Luzia izeba hiltzen zaionean egiten duen «Hiru Arkanjelu» poeman dioena sinbolo hutsa ez bada: «Honekin bukatu da / belaunaldi zubi bat, / aurten baitira ehuntsu / urte (...) Hi, / Nerea, / aldamenean haut, / ez ezazue zuek errezibi / kondenazio hau».
Antzekoak irakur daitezke «Euskaldunaren hazia» poeman: «Arestiarron leinuan / hainbeste biktima inozent / bereganatu / duena: / Ene amona gaizkoatuak, / izeba liluratuak, / haurride ezinduak / alaba urrikariak».
Dirudienez oso gazterik idatzi, Euzko Gogoa-ra igorri eta, argitaratu barik, orain Jokin Zaitegiren artxibategian agertu den testu batean, arestiar egiazko pertsonaiak eta Dostoievskiren pertsonaien erakoekin jokatzen du, barrokoko ideiarik maiteenak berriz borobilduz: «Zoro da; bai, zoro. Egiten du alde bere familietarik, gutiziatu ahal dezakeien onura eta probetxurik desiragarriena eskeinten draukotenean. / Zoro naiz; bai, zoro. Eta nitan egin izan den zorotasun hau ene familitik heretaturik dut. Ene amona biak, eta ene aitaren osaba bat, bereterr zen bat, izan ziren hil zorategietan, eta orain-ere izeba bat dut zoro. Eta eznaiz kupidatzen zuetaz, iraintzen nauzuelakotz, baina zoro etzaretelakotz. Eztakizue-a, agian, bakerano helduko etzaretela, zuen zuhurkerian irauten baduzue? Umantasuna, poetatasuna, martiritasuna eta saindutasuna dituzue bakearen eta loriaren ateak irekiten dituzten gakoak. Eta ilhuntzen zait kopeta, zuen iraina ezin barka diezazuekedalakotz, betarik ukanen eztuzuelakotz, zuekin nehoiz-ere egonen eznaizelakotz, bi mundu berezten dituen pareta guen artean baitago» [5].
Bataio agirian irakurriaren arabera, Asuncion amaren partetikoak migrazio luzedunak dira: ama Karrantzako Viañezen jaioa du eta beronen gurasoak bata Urduñakoa eta bestea Castro Urdialeskoa. «Berri-on ekarleari albiriste» poeman: «Bizkaiko andrea. / (...) Lanaren alaba / eta langileon / ama (...) Hamaika gosete eta nekek / mugatzen din hire / mundu honetatiko / erakaitza. / Guri jaten emateagatik / (hala xori-kumeak kafian) / zakurren aginkada dastatu / huen (...)» diotso, testuinguru gaizto batean.
Gorago ezagutu dugun Zugatzagatar Pilipa, Gabrielen osaba-txiki honek hainbat lan ere egin zuen, Goikoetxea aita jesuitak jakin duenez: «Zornotzan jaio zan 1866.II.5ean eta Loiolan il zen 1928.I.24ean. Liburu au argitaratu zuen: Aita Gurea J. L. Señeri Paul Aba'ren Gogoaren Mana deritxon italerazko idazkitik J. L. Zugatzaga'tar Pilipa Abak euskeraldua. Jaungoiko-Zale'ren Irarkolan. Zornotza. (Bizkaia). 1927. 164 orrialde ditu eta bizkaieraz dago. Euskera gogor-xamarra, orduko "jakintsuen" euskera. Jesusen Biotzaren Deian ere idatzi zuen. Euskaltzale porrokatua omen zen, baita abertzale sutsua ere» [6].
Espainiako gerra zibila bukatzearekin batera hasiko zen Gabriel Aresti eskolara joaten. Juan Mari bere anaia zaharragoak esan digunez, Berastegiko Eskolak (gaur Justiziaren Palazioa dagoen tokian zeudenak) izan ziren Gabrielen burua letren eta numeroen mundura erakarri zutenak.
Gerra osteko haurtzaro hura izugarria izan omen zen Bilbon ere. Gosetearen aro lazgarri hartan, horregatik, bi anaiek irakurtzeko lehia eta grina izan zuten. Gauez Gabino aitak argia itzali egiten omen zien...
«Ba zen Juan Mari Arestik Marqués del Puerton biblioteka bat. Hementxe hartzen genituen, prestaturik, ipuin eta kondaira liluragarri zein beldurgarrien diren ume-liburuak. Liburuok eskuetatik elkarri kentzen eta harrapatzen ibilten ginen. Benetan lektore ase-ezinak ginen.
»Gabriel, haurtzaroan, lotsatia eta izukoia zen. Kuadriletatik aldendu xamarra ibili ohi zen beti, eta inork burlarik edo egiten bazion, baztertxoren batera joan eta negar egiten zuen.
»Behin batez, mutiko koxkorra zelarik, harrikada bat eman zioten ezker betondoan [7].
»Zortziren bat urte zituela edo, kalean txanponen bat topatu zuen Gabrielek. Diru hori, munduko perlarik preziosoena bailitzan ondo gorderik zedukan. Behin, Artxandara joan eta zer erosiko eta patatak erostea otu zitzaion, baserriren batean. Bueltan etxera zetorrela, Aiuntamentu inguruan, aguazil batek ikusi zuen, eta nonbait patatok ohostuak izanen zirela eta, kendu egin zizkion. Gabrielek, tamaina haretako zapalkuntza pairatu ondoren, negar eta negar egiten zuen, amorruaren amorruz.
»Aita, Gabino, gizon autoritarioa genuen, "desimononikoa" zen, nere ustez. Politikan, horietakoa zen.
»Gerra aurrean, gurasoei aita eta ama izenez deitzen genien. Gerra ostean, ostera, padre eta madre, baina inoiz ere ez papi eta mami.
»Aita ez zen mezatara joaten, baina guk, horregatio, joan egin behar izaten genuen. Zahartzaroan, ostera, opor gehiago zuelako edo, joaten hasi zen, baina ez igandeetan, astegun buru zurietan baino. "¡Lo que ha tenido que ir tragando con la evolución de Gabriel!"», hots egiten zuen Juan Mari Arestik.
«Eskailerara ematen duen etxeko atean jositako Jesusen Bihotzean, ostera, hitzak euskaraz zeuden, gerra aurretik, eta ondoren ere hala jarraitzen dute.
»Nire ustez, gure aita euskalduna zen, baina nazionalismoaren eraginez, eta gerraren kausaz, euskalzaletasunaren patentea zutenen aurka plantatu zen. Euskararik, baina, ez zekien. Amak ere ez zekien euskararik».
Maria Bitoria, Juan Mariren emaztea, eta beraz Gabriel Arestiren koinata, memoria aparteko emakumea da. Bestalde, beronek ere Merkataritzarako ikasketak, Gabrielek legez, egin zituenez gero, badaki haren zenbait berririk.
«Hamabiren bat urterekin hasi zen Gabriel Profesor Mercantil egiten. Hemeretziren bat urterekin bukatuko zuen. Ni, baina, bera baino zaharragoa nintzen eta ez ginen elkarrekin ibili. Edozelan ere, nik rebalidako azterketak tokatzen zitzaizkidan baino beranduago egin nituen, Gabrielekin batera hain zuzen ere. Examina honetan elkarren ondoan jarri ginen. Nik gaiok ahaztu xamarrak ere banituen, eta Gabrielek pasatu zidan kontabilitateko problema.
»Nik uste Gabriel oso berandu mutildu zela. Oraindik hamaseiren bat urte zituela ere, bere amarekin batera joaten zen errekaduak eta egiten. Gu ezkongai ginela, bera izaten genuen gure mezulari, eta mutiko apal baten moduan egiten zizkigun gure mandatu eta aginduak. Oso mutil handi egin arte, egin ere egiten zizkigun».
Juan Mari Arestik behin eta berriro gogoratzen dizkigu berak eta Gabrielek egiten zituzten irakurraldiak. «Aitak dio nobela poliziakoak irakurten zituen (semeok ere, ahal genituenean, irakurten genituenak); gauza bera gertatzen zen amak irakurten zituen folletinekin. Baina ume haurrideon kontuak Rocambole, Zane Grey, London eta horietakoak ziren. Aipatutako biblioteka horretan, baina, ez ziguten edozer uzten, gure edadeagatik. Diputazioko Bibliotekara ere joaten ginen irakurtera, nagusitxoagoak egin ginenean. Jokoetan, ostera, ez genuen bat ere abileziarik. Haur joko baten ere ez genuen inolako exitorik. Estudioetan, horregatio, mutiko zuhurren sona eta fama genuen.
»Uger egitera, berriz, ba dakizu, Nerbioe ibaiko uretan sartzen ginen, potro hutsean, umetan».
Lehenagoko ohar batean aipatu dugun inkestan, galdera hau zetorren:
«Noiz eta zergatik hasi zinen euskaraz ikasten?».
«Hamabi urterekin, famili-giroak bultzaturik edo, nazionalismoz, erromantizismoz; baina mutikotxo baten arrazonei ez zaie inportantziarik eman behar.
»Inportantea ez da hori, ezpada orain, berrogei urterekin, zergatik diraundan euskaldun».
Egiatan, zergatik hasi zen Gabriel Aresti euskal arazoez arduratzen? Noiz?
Dakiguna da Bilboko Komertzioko Eskolan Peritu Merkantil ikasten duela. 1953.ean bukatu zituen ikasketak, hogei urte bete aurretxoan [8]. Estudioak egiten ziharduela, haurride gazte biok boxeoan ere aritu ziren, afizionatu mailan. Itxuraz, ez zen Falangeak aginduriko zerbait besterik izan. Arestik berak sarritan kontatzen zigun, eskola nazionalean zebilela, hainbat desfile-moduko ofizial maisuek aginduta eta falangista jantzirik egin behar izan zituela, zeintzuek egitera ez baitzituzten behartzen kolegio pribatuetakoak.
Merkataritzarako programek ez zuten letren arazoekin zerikusi handirik, eta are gutxiago euskal letrekin, garai hartan batez ere. Hizkuntzei, haatik, balio handia ematen zitzaien karrera modu hauetan. Juan Mari Arestik esaten digunez, Gabrielek afizio handia zuen hizkuntzok ikasteko. «Posible da dio Gabrielek euskararekin beste hizkuntza bat gehiago bezala lehenengoetan arduratzea, eta geroago beste min sakonago batek haren bihotzari ikutzea».
Kontu izan behar da, baita ere, karrera ofiziala hori izan arren, beste estra-ofizial bat ere egin izan zuela. Hala, esandako inkestan estudioak galdetzean, «ahal ditudan guztiak» ihardetsi zuen.
Juan Mari Arestik eta Maria Bitoriak dioskutenez, Merkataritzarako estudioak egiten ari zela, dudarik gabe, euskara-minak jadanik jota zegoen. Fetxa hauetan 1952 inguruan euskarazko klaseak ematen ziren Euskaltzaindian [9].
1953.ean edo, hots, Gabriel Arestik bere karrera bukatu berria duenean, Antonio Maria Labaienek karta bat igortzen dio Alfontso Irigoieni, Bilbon Gabriel Aresti izeneko mutil euskaltzale prestu bat bizi dela adieraziz, eta honelako kaletan aurkituko duela... [10]
Zein arraiorengatik erlazionatu ote zen Labaien jaunarekin? [11].
Soldaduska egiterakoan Gabriel Arestik ez zuen zorterik gaiztoena izan. Kanpamendua egin ondoren, gainetiko guztia Bilbon egin zuen, Gobernu Militarrean, Jose Ignacio Gorostiza arkitektoaren bitartekotasunari esker (kanpamenduan bertan ere, analfabetoei eskola ematen ihardun omen zuen.) Gobernu Militarrean ere buruzagi handiren bati ingelesa irakasten omen zion, aldiren batean. Militar jubilaturen baten laguntzaile ere aritu omen zen... «Egia esan diosku Juan Mari anaiak posible den soldaduskarik malguena eraman zuen. Nik uste hortxe gertatu zituela Vasco Africanan sartu ahal izateko oposizioak ere».
«Sarri etortzen zitzaidan zioskun Alfontso Irigoienek Euskaltzaindira. Ene memoria ahulak huts egiten ez badit, soldadiskea amaitzen zegoen garaia zen. Nik uste nik asko lagundu niola behar bada inork baino gehiago klasikoak ezagutzen, eta, bereziki, ber-klasikoen liburu zahar guztiak arakatu genituen. Sarritan, etxera eramaten zituen, eta bueltan luzaroan komentatzen genituen.
»Fetxa haietan, hemen zebiltzen Txinpartak teatro-taldekoak ere. Baina, edo ez izan hain literatura zaleak, edota munduaz, Euskal munduaz esan nahi da, ideia puristegiak zituzten, bereziki taldeko Iker Gallastegik» [12].
Gabriel Arestik haurride bi izan zituen, biak bera baino zaharragoak. Juan Mari bere aurretikoa ezagutzen dugu jadanik. Hirugarrena, Jose Maria, zaharrena zuen. Mutil hau oso bizkorra estudioetarako, CHVren bekarekin sartu omen zen Kimika estudioak egitera. Bukatu zituenean eta lanean hasi, kimikari onaren entzutea zeukan. Gaixoak, ordea, bere burua galdu eta 1955ean sartu zuten lehenengoz Bermeoko Gaixo Etxean [13].
Iker Gallastegik «dirigente indiscutido de Juventud Vasca desde la primera década del siglo y guardián de la ortodoxia aranista», Jon Juaristiren esanetan, era honetan gogoratzen ditu gertaera hauek: «Después de más de 15 años en Irlanda, llegué yo a Bilbao en el verano de 1952. En septiembre de ese mismo año me apunté a las clases de euskera que daba Xabier Peña en la Academia de la Lengua Vasca en la calle Ribera en Bilbao. Poco después me uní al grupo de teatro en euskera de reciente formación Txinpartak, que ensayaba también en ese local de la Academia.
»Allí conocí a Gabriel Aresti hacia la primavera de 1953, pues él solía aparecer por allí regularmente a conversar con Alfonso Irigoien, que era secretario o algo así de la Academia.
»El grupo Txinpartak solíamos ir de pueblo en pueblo con una especie de representación teatral compuesta de 4 o 5 estampas cortas que nos escribía en euskera principalmente Manu Ziarsolo, "Abeletxe", y entre las cuales intercalábamos varios números de danzas y corales, estas últimas interpretadas por el coro de voces blancas del grupo compuesto por 12 o 14 de las chicas del grupo. Algunos años llegamos a actuar más de 40 veces, principalmente en Bizkaia y Gipuzkoa, no sin algún que otro problema con la Guardia Civil y algunas señoronas del Régimen.
»Aunque Gabriel nunca formó parte del grupo, sí estaba estrechamente relacionado con nosotros, y creo recordar que su interés por el teatro le llevó a escribir alguna obra teatral. Él y yo teníamos una franca amistad, aunque no coincidiésemos en todo, lo cual nos solía llevar a largas discusiones después de los ensayos hasta altas horas de la noche. Estas dicusiones solían estar relacionadas con la situación del nacionalismo en general, Eusko Gaztedi, pero sobre todo con la utilización del euskera. Por aquel entonces se estaba ya gestando el euskera batua, y nuestro grupo utilizaba el euskera vizcaino, modificándolo al guipuzcoano cuando actuábamos en Guipúzcoa, pues pretendíamos que el pueblo lo entendiese sin dificultad. Gabriel quería que fomentásemos el batua de entonces. Muchas veces estábamos de acuerdo, pero, así y todo, seguíamos discutiendo...
»Al finales del año 1959 yo me tuve que esconder, y, el último día de ese año, exiliarme a Iparralde, lo cual hizo que perdiese el contacto con Gabriel, aunque seguía su trayectoria desde allí. Una vez que vine clandestinamente a Bilbao, sería el año 1961 (?), tuve ocasión de estar brevemente con él un par de veces, y me devolvió algunos libros que yo le había prestado. / No sé qué más decir que no sea de dominio público» [14].
Gabriel Arestik ez zien anaia zaharraren gaixoaren berririk ematen bere adiskide minei izan ezik. Behin, 1964an edo, Mundakan ematen du uda, Martin Arrizubieta apaizaren etxean. Juan San Martin bisita egitera joaten zaionean, estu eta larri aurkitzen du, zoratzeko beldurra duela eta burua apurtu beharrean. Horrela pentsatzen jarraitzen badu, egiatan zoratu eginen dela diotso San Martinek, eta baduela nahiko inteligentziarik, ahalmenik eta arrazoirik horrelako buruhausteei kontra egiteko eta aldentzeko.
Juan Mari Arestik 1949 ingururako nobela bat idazten du. Gaztetan, Bilboko zenbait eskritore eta artista La Concordia izeneko kafean elkartzen dira. Tertulia honetan biltzen ziren orduko eskritorerik gehienak: Emiliano Serna, Blas de Otero, Vidal de Nicolás, Laso, Gabi del Moral, Agustin Ibarrola... Anaia zaharragoaren eskutik sartuko da Gabriel Aresti neofitoa bilkura literario hauetara.
Baina «erdaldun» horien artean sartu orduko, jadanik «euskaldun» kontzientziaduna zen. Maria Bitoriak esaten digunez, Gabriel Arestik bazuen Intendente Mercantil ikasteko asmoa. Matrikulazio librez egitekotan omen zebilen... Baina ordurako euskarak sakon-sakonetik oratuta zeukan eta bistan ei zegoen ez zuena bestetarako betarik izanen.
1953an ez du oraindik ezer ere argitara eman. Ordurako, ordea, euskaltzaleen artean ezaguna da. Urte honen azaroan, Orixe bere jaioterrira dator, Hego Ameriketatik. Santurtziko kaira ekarriko du barkuak. Hiru gizon aterako zaizkio portura ongi-etorri egitera: A. M. Labaien (56 urte), A. Irigoien (26 urte) eta Gabriel Aresti (21 urte). Orduekin edo gaizki ulertu zirelako, ez dute han atzematen, baina bai Atxuriko geltokian, Bilbon. Bi edo hiru egun geroago, karta bat bidaltzen dio Labaienek Irigoieni, bidaiaren azkena ondo joan zitzaiela-eta, «goraintziak Aresti adiskide miñari» gaineratuz amaitzen duena [15].
Gorago aipatu dugun inkestan, galdera hauxe egiten zitzaion:
«Zein methodoz, norekin eta non ikasi zenuen?».
Erantzuna:
«Ni guztiz ametodologikoa izan naiz eta naiz. Ez dut metodo bakar bat inoiz usatu».
Alfontso Irigoienek uste duenez, Euskaltzaleen Bazkuna deritzona ere erabili izan zuen. «Edozelan ere neure ondoan euskaldundu zen. Baina metodo askorik gabe. Arestik irakurri egiten zuen asko. Axularren Gero oso-osorik kopiatu zuen».
Bada ikasketa hauez poesietan ere arrastorik:
«Garbiaz»: «Euskal garbia ikasitzera / gogor nintzan enplegatu».
Iturri herritarraz: «Euskera Bilboko portuan ikasi dut, urdaiazpiko frijitua jaten nuenean, kafesne koinakatua edaten nuenean».
Literatura idatziaren iturriaz: «Egondu nintzan ordu luzeak / Euskal libruen ganean / Izakera berbakintzea / geureak estudietan. / Estuve largas horas sobre los libros vascos, estudiando nuestra lengua y cultura» [16].
[1] Haulantxe irakur daiteke Abandoko San Bizente Martiriko bataio-agirian: «Gabriel María Aresti y Segurola fue bautizado el día 16 de octubre de 1933. Nació el 14 de octubre de 1933 en la calle Barroeta Aldamar, 2-6º, siendo natural de Bilbao, diócesis de Vitoria, provincia de Vizcaya. Padres: D. Gabino Aresti y Zugazaga, natural de Bilbao, y Dª Asunción Segurola y Maíz, natural de Viáñez (Vizcaya). Abuelos paternos: D. Mauricio, natural de Echano (Vizcaya) y Dª Catalina, natural de Amorebieta (Vizcaya). Abuelos maternos: D. Calixto, natural de Orduña (Vizcaya) y Dª Martina, natural de Castro-Urdiales (Santander). Padrinos: Don Vicente Gómez, natural de Valencia y Dª Felícitas Aresti, natural de Bilbao. Ministro: Don Elías Aguirre». Eta bi bazter-ohar hauek, 1975eko azaroaren 28an: «Confirmado en San Vicente el 6 de mayo de 1941. Abona. Casado en la Inmaculada Concepción, Bilbao, el 10 de octubre de 1960 con Dª Amelia Esteban. Dr. Icaza». Etxe aberatseko seme galdua eta... teatroan, «Jondone Bikandi» deitzen dio eliza honi. Barroeta Aldamarreko 6. solairu hori buhardilla zen, eta da.
[2] Xabier Kintana eta Joseba Tovarrek egindako inkesta bati erantzuterakoan emandako azalpenetatik jasoa. Inkesta-orrian erantzunak ezarri egin zituen, baina, hurrean, ez zuen bidali, bere paperen artean aurkitu dugu eta. Orain argitaratua: KINTANA-TOVAR: «Euskaldun berriekin mintzo» in Artikuluak..., Susa, Donostia, 1986, 231.ean.
Ondarrutarrei ziotsenez, Gerra Zibila eta Munduko Gerrate Handia amaitzean, 1945ean, ekin zion euskara ikasteari, «amabi urte nitualarik». (Ik. «Lengo eta oraingo euskal poesia erritarra» (1964ko «agorrilaren 8-an irakurritako berbaldia»), in Artikuluak..., 42an). Donostian 1964ko maiatzaren 13an eginiko berbaldian, «hamalau urte bete nituenean, euskaldun motz bat nintzela konturatu nintzen, eta euskera ikasi nuen» diotso entzulegoari, ik. «Euskal Teatro berri baten beharra: Euskal Komedia» in Artikuluak..., 1986, 53an.
[3] Tauerri 1957.IX.3an egindako kartatik (in EUSKERA (1983), 2, 237-238.etan). Kartaren barren aldera, San Antolin hori Epaltza deituriko auzoan dagoela diotso. Jose Martin lehengusua Epaltza honetakoa da, gazterik fabrikara lanera joana. Beronen aita Arestiren osaba Ameriketatik eta ibilia zen. Epaltzakoei Galizianoak deritze Galiziako jendea legez batetik bestera ibiliak direlako, zenbaitetan Gabrielek berak darabilen goitizena: «Kopla berriak Beaskoaren potroei / Galiziano poeta puta seme honek / jarriak», adibidez.
Gabriel Arestiren aita Gabino Epaltza honetatik jatsi zen Bilbora, Irigoienek jakin zuenez: «(...) hura Etxano-ko baserri batean sorturikakoa baitzen, etxeko morroia bertako alabarekin ezkontzearen ondorioz (...) baserritik nahikoa goiz alde egin behar izan zuten, eta Bilbaora aldatu ziren bizitzera» (in Bilbok bere seme prestuari..., 8an). Bataio agiriak dioenez, Gabino Aresti bilbotarra zen eta Maurizio aitaita Etxanokoa.Irigoienek dioenaren eta Astepeko Sekretarioak berak kantatzen duenaren antzeko zerbait agertzen du Clemens pertsonaiak ... eta gure heriotzeko orduan antzerkian.
[4] LEKUONA, J. M.: «Aozko poesia eta olerki uain berria» in ZERUKO ARGIA (1970), XI.1.3.
«Astepeko Sekretarioa jarri / zaida izengoitia, / eta Matxalen Errenteriako / izan zen neronen esposa maitea» Zornotza edo Amorebietako ingurunea da Astepe ez Etxanokoa, Lemoara bidean, Ibaizabal ibaiaren alboan. Etxanotik aparte, beraz. XVIII. gizaldiko Fogerazioetan «Ferrería del conde de Cancelada» ageri da. Katalina amama ote zen Astepekoa? Katalina amamaren sasoian ere, tailerrak zirela-eta, jende migrazioak ezagutu zituen. (KEREXETA, Jaime: Fogueraciones de Bizkaia del siglo XVIII. Bilbo, 1992, 486.ean).
[5] Ik. «Prelude à la musique de la dance» in Narratiba, Susa, 1986, 42.ean.
[6] Aita Goikoetxeak, 1975.IX.2an bidalitako kartatik.
[7] Inoiz esan ere esan zigun Gabriel Arestik ez zuela begi batekin gutxi baino ikusten. Hau patatenau, ikus in Gabriel Arestiri Omenaldia..., Bilbo, 1999, 76an, Juan Mari Arestik dioenez.Idazleak berak ere bota zien Baionako entzuleei: ARESTI, G.: «Euskal Kideak, Baiona´72» (1972an Baionan emaniko hitzaldia) in Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986, 109.ean. Mitxelenari 1970.XI.4an igortzen dion gutunean ere gerraosteko egoera lazgarri honetaz ekiten dio (in idem,170.ean.).
[8] Urte bereko abenduaren 30ean eman zioten tituluaren agiria: ohi den laukian sarturik, bere estudio gelan eskegita zeukan.
[9] Hala informatu gaitu Alfontso Irigoienek. Arruza jauna zen irakasle, eta h-ak eta guzti irakasten omen zuen. Garai hauetan, idazlerik prestuenek Krutwig eta Villasanteren modelo literarioak onartzen dituzte jarraigarrien bezala. Begira, muestrarako, Eusebio Erkiagaren 1953.VII.21eko aitorpen hau: «Orain, dakurkezunez, euskal idazkera klasikoen bidez nabil, harako Krutwig eta Villasante Aitaren asmoen iarrai». In ONAINDIA: Eskutitzak. Gráficas Bilbao, 1974, 15ean.
[10] Alfontso Irigoienek ezin izan zuen karta hori aurkitu (1975ean), baina ondo gogoratzen da.
[11] Galdera hori garbitu nahirik, hurbildu gintzaizkion tolosar teatro egileari. Begira bere erantzuna:
«Jauna: / Il onen 13'go zure gutunari erantzunez, au esango dizut: Alegia, Aresti zanaren (G.B.) eskutitz ta paper askotxo ditudala, aspaldidanik elkarrekin izan genituen ar-emanak zirala-ta.
Gai orietaz J. L. ondo datorkidan batean jarduteko asmoetan natzaizu, nere iritzia azalduaz. Oraingoz, ordea, naigo dut isilik egon.
Beraz barka zakidazu eta ez alperrik ezer galdegin.
Besterik gabe zure Antonio Maria Labayen». (1975.X.17an).
Labaien zenaren ondare literario guztia Tolosako Udalaren artxibategian dago.
[12] Xehetasun gehiagorako, IRIGOIEN, A.: Gabriel Arestiri omenaldia..., Bilbo, 1999, 28an. Iker honi «Bere erreiñuan jauntxoa (Katu-lekua.- Bi)» poema eskaintzen dio: «Iker Gallastegi´ri», ik. KARMEL (1958). III. Bilbo´n, 1957-VII-10´an, datarekin.
[13] Anaia zaharraren egoeraz badiotso Tauerri: «Oporretan naikoa lan dadukat familia-problemekin, nire anaia zaharraren zoramentuarekin (diru polita kostatzen zait) (...)» (Tauerri, 1960.II.20an). Eta gerotxoago: «Nire anaia nagusia sendatu da, Alemaniatik orain ekarri duten medizina berri bati eskerrak. Orain bere fabrikan lan egiten du, bere kimik-analisietan». (1961.IX.21ean).
[14] Iker Gallastegik autoreari 2000.VIII.7an egindako gutunetik. Jon Juaristirena, ik. Sacra Némesis, 95.ean.
Txinpartak taldekoek 1955ko urtarrilean Algortan teatroa, kantak eta dantzak eskaini zituzten. Irigoienek «Bizkaian erabili oi eztiren itz eta era batzuek dituzte (...) dagoen euskera benetakoari balore ematea komeni da gehiago» ohar egiten die bere kronikan (Ik. in EGAN (1955), 5-6, 49.ean).
Garaiko euskaltzaleek ere bazekiten jai-girorik sortzen, Alfontso Irigoienek informatzen zuenez: «Euskal Ikastaroa Bukatzean Itziarren / (...) goizean bederatzi ta erdietan izan genduan meza Itziarren, guretzat aproposa, Aita Berriatua-ren "Lagunarteko mezea" irakurri ta kantaturik. Arratsaldean eguraldiak aurpegi obea agertu zuen eta errosario ostean Txinpartakoak kaleko zoko batean egin zituzten beren egitekoak, erritarrak ere ikusle zeudelarik. Apaiz ta jaun batzuek emoziñoz beterik zeuden "Jai aurrekua" ikustean ain gauza jatorra ta ukigarria delarik. Dantzarekin amaitu zen eta Lekeitiotik igaro giñan itzultzean». (Ik. EGAN (1956), 5-6, 72.ean).
Urte hauetan «talde» bat egiten zuten: «Gau haretan (larunbata zen), afaltzera joan ginen Gallastegi anaiak, Ziarsolo anaiak, Iñaki Irigoien eta ni. Afari haretan mehatxatu nien etzela zilegi saiaketekin aurrera segitzea, plajioa, naiz eta euskeraren onerako izan, bidegabea zela, eta naikoa oker egin ziotela Zubikarai jaunari, litxarreria gehiago asmatu gabe». Ziarsolo Barrutia plagiatzeaz ari da. (Ik. ARESTI, G.: «Euskal literatura batuaren oinarriak: hiztegia, berbotegia eta zentzua» (Euskaltzaleen Biltzarrean, 1963an, irakurtzeko testua) in Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, Donostia, 1986, 38.ean.
[15] Juan Mari Arestik ez du publikatu bere nobela gerotxoago arte: El Intruso. Ed. Caralt, Bartzelona, 1965.
Ángel Ortiz Alfauk segidako izen hauek gehitzen dizkio tertulia honi: «José M. Moreno Galván, Sabina de la Cruz, Alfonso Irigoyen, Gabriel Celaya, José Antonio Echevarrieta, Patxo Unzueta, Ángela Figuera, Amparito Gastón, Dionisio Blanco, Gregorio San Juan, Luciano Rincón, Mari Paz Giménez, José M. Lasso, Emiliano Serna, Pepe Rodríguez, Pedro Barea, Ramón Carreras, Darío Ruiz Gómez, Goiko, José M. Basaldúa y muchos más, algunos clandestinamente, por razones policiales». (ORTIZ ALFAU, Ángel: «Aresti en la distancia» in ZURGAI Extraordinario, 1979, 11n).
Haulantxe deskribatzen du Rafael Castrok orduko tertulianoen giroa: «(...) era [Gabriel] una cosa extraña. Lo que pasa es que era una persona con una generosidad tan enorme de elefante que a personas como yo, que no sabían absolutamente nada del problema nacional vasco ni del euskera, nos hacía interesarnos, pero vivamente. A mí me recitaba poemas continuamente en euskera, unos me los traducía y otros no; me hablaba de una problemática que no sabía que existiera siquiera, y consiguió que yo me interesara por todo eso, aun sin entenderlo del todo en ese tiempo». (In Bilbok bere seme prestuari..., 92an. Tertuliako fotoa in Poemak II, Donostia, 1976, bukaeran).
Antonio Mª Labaienena, Alfontso Irigoienek gordetzen duen gutun batetik.
[16] Euskaltzaindiaren ardurapean, eta Manuel Lekuonaren hitzaurrearekin, 1954an argitara eman zuen Itxaropenak Geroren edizio bat. Beronen ale bat Gabriel Arestiren liburutegian zegoen. Gabriel Aresti eta Segurola jabe-izena darama. Prologoan ez dago ezelango aztarrenik, baina Axularren testuan hainbeste marra, ohar eta seinale daude. 83. orrialdean, guztietatik kendu eta guztietarik jarri zuen.
Berak esanik dakigu Gero ere eskuz kopiatua zuela: «Oraindik gogoratzen naiz zenbat ordu galdu nituen, urrikari honek, Axularren "Gero" Rebista Internazionaletik eskuz kopiazen... Auskalo nun aurkituko den nire eskuzko kopia hura. Baina sinexi nahi ez didanari, Altuberen "Erderismos"-ena erakux dezaioket.» (ARESTI, G.: «Euskeraren izen poetikoak», Hernanin 1967an emaniko hitzaldia, in ARESTI, G.: Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, Donostia, 1986, 85. eta j.).
Badirudi klaseren bat eman ere egin zuela, segidako ohar honetan irakurtzen den legez: «A Gabriel Aresti Segurola, por aquellas clases de euskera (interrumpidas el año 62) y por venir a casa a pesar del "sambenito" que una civilización me colgó. M. F. Dapena, (por mi madre, / Rico Segurola)». (Ik. ZURGAI extr., 1979, 10ean.).
Altuberen Erderismos, ostera, oso-osoa eskuz kopiatuta aurkitu dugu.
Arestiren aipamenak, ik. in «Bizkaitarra I», 23. ahapaldia; «J): Entzun nahi didanari...» eta «A): Astepeko Sekretarioaren bertso berriak», guztiok Harri eta Herrikoak.