Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Maldan Behera. 1959
Gabriel Arestiren izpiritua Barrutiaren teatroaz izorratua gelditu da, teatro-obra osoa erdi buruz ikasi zuen, noiznahi aitatzen du. Dena den, «Bizkaitarra» poema irakurtzen badugu, bi gauza ikusiko ditugu agirian: Meli Estebanen presentzia eta Barrutiaren poesiaren influentzia [69]. Metrika aldetik, berak geroago esplikatuko duenez, bertso nagusiena eta txikiena da [70], eta «etxe aberatseko zan alabea / iñon badago aberatsa» zen neska hura utzi eta «Meli Basurtuko / piko melatua» hautatzen duela esaten duen poema hau laket zaie Egan-ekoei: «Oso gogoko izan genuen beti Egan-ekoek, "Bizkaitarra" harekin agertu zenez gero» esan ere esaten digu Luis Mitxelenak [71].
Bigarren «Bizkaitarra» publikatzen du geroxeago [72]. «Gabrielek Iñakiri (Alfontso Irigoienen anaiari) kontadu eutsazan» 32 bertso (?) dira. Hainbat izen agertzen ditu 26. estrofan, adiskideen berri ematen dutenak:
«Sabin Berasaluze
Iñaki Irigoien
Melitxu Basurtuko
Aiengizko Balen
Robles Arangiz aiztak
Bego Mendiguren
Aita Berriatua
Eta Txomin Peillen» [73].
Bertso hauetan, 1959ko uztailean eginak, sinesmenaren eta abertzaletasunaren inguruan errotzen diren sentimenduak agertzen dizkigu.
Garai honetan egiten dituen irakurketak eta itzulpenak Kaierori azaltzen dizkio: «Tengo en cartera "El Mito de Sísifo", de Camus, "El Doctor Zivago", "El Segundo Sexo" de Simone de Beauvoir, Zubiri, Marías y varios más. En este momento estoy terminando un libro de un francés titulado «Las vidas anteriores de Buda», que es un conjunto de historias, leyendas y cuentos indios, muy interesante.
»Esta temporada tengo unos vivos deseos de leer algo de Miguel Hernández. A este poeta español le llaman el otro asesinado. Fue durante toda su juventud pastor de cabras, hasta que escribió un libro de sonetos, cuyo nombre es «El rayo que no cesa». Con él se reveló como uno de los mejores poetas de habla castellana. La Editorial Espasa Calpe le sacó de sus cabras, para darle un modesto empleo de corrector de pruebas, lo que al sacarle de su pozo, le permitió escribir una serie de libros de poesía, que dicen es de lo mejorcito(...).
»No te he mandado "Escuadra hacia la Muerte", por la sencilla razón que no he podido encontrar un solo ejemplar en las librerías. Perdona, que la culpa no es mía. La estamos traduciendo mano a mano Alfonso y yo, y creo que nos está saliendo macanudo» [74].
Egan honen zenbakia berean «Olerkaria (Denporatik ateratzen den probetxuaren ipui barregarria)» [75] eman zuen.
Urte honetako irailaren 13an, 26 urtebete aurretxoan, euskal poeten artean lehen saria irabazten du. Garai honetako kronikak irakurriko ditugu gertaera honek izan zuen harrera zehatzik jakiteko. Aurrena Apat-Etxebarnerena: «A. Joaquín Bedoña-Loramendiri Gorazarrea. Loramendi izengoitiarekin olerki hunkigarriak idatzi zituen kapusaidun pralle zenari gorazarre bat egin zitzaion Bedoña bere herrixkan.
»Euskal idazlarien artean txapelketa bat eratua izan zen, itz-neurtuz eta lazoan; 60 lan baiño gehiago agertu ziren.
»Poesian leeneko saria G. Arestik irabazi zuen bere "Maldan Behera" olerkiarengatik; bigarrena A. Gandiagari "Lelo Xamurra" delakoarengatik, eta beste bi A. Iraizoz Erromakoari eta Bordari-Artola jaunari. (...) Bedoñan izan zen sari oken banatzea, jende oste andi aurrean. Gero poetaren oroitzapenez bere sortetxean arri bat azaldu zen.
»Ondotik aurren arteko sariak banatu ziren. Olerkiak irakurri, eta Basarri eta Lizaso bertsolariak, aritu ziran; azkenik, denek ao batez "Gernikako" kantatu zuten» [76].
Alfontso Irigoienek mahaikoena gehitzen du, esandakoez gainera: «Loramendi»:
«Fr. Joakin Bedoña-koaren gorazarrez Euskaltzaindiak antolatutako literatura-sariketaren erabakia. (...) Donostian, 1959 iraillaren 13-an. Firmatzaileak: Jose Maria Lojendio, Antonio Arrue, Aingeru Irigaray eta Luis Michelena» [77].
Arrue, Irigarai eta Mitxelena jaunakn Egan-en zuzendaritzakoak ziren; Gabriel Arestik ez ditu ahantziko [78].
Apat-Etxebarnek, seiren bat hilabete geroago ere, ezin du ahaztu Arestiren poesiak egin zion zirrara: «Olerkari bat. Gure irakurleak ohartu bide dira Gabriel Aresti bizkaitar olerkari zorrotzari. Numero huntan agertzen da Bizkaitarra deitu bere olerki luze bat. Aspaldiko usain bat dario bere izkuntzari, eta beti gogoeta sakonak edo iduripen biziak azaltzen dizkigu bere esanetan. Loramendi olerkariaren gorazarrean leeneko saria irabazi zuen. Gure klasikoak ezagutzen ditu eta batzutan Dechepare zaharra eta antxineko koblakariak oroit arazten dizkigu.
»Naiz izketan aldetik ez duen gehiegizko goganbearrik alatzen, ala ere batasun aldera ixurtzen da, eta batzutan erdiko molde bezalako euskalkia usatzen du, adi erreza eta atsegiña zinez».
Maldan Behera hau, Sarasolak testu "progresistatzat" jotzen badu ere, geroago Jon Juaristik dudan jartzen du "progresismo" hori. Ez dakit ikusmolde horiek gehiegirik laguntzen diguten... Testu honetantxe ere Dostoievski ageri-agerikoa da:
"Eta Dostoiefskii (sic)
jaio ezpaledi,
eznioke Prousti
barkatuko hori" [79]
[69] «Bizkaitarra III» deiturikoan «Milla bederatzireun eta irurogiean / Martik dituan egun ogetabian / bosgarren "Bizkaitarra" banua abian» kantatu ere egiten duen legez, bost dira «Bizkaitarra» hauek: «Bizkaitarra I», zortziko nagusi eta Xenpelarren bozean egina, Andoni Kaierori eskainia eta Arestiren beraren etxean gordea; «Bizkaitarra II», zortxiko txikiak eta nagusiak, «Zelan bizi garen» («Sollubepeko bertsolari / Juan Ormaetxe abillari») titulupean EGAN aldizkarian 1986, 5-6an, San Martinek argitaratua eta Zaitegiren artxibategian ere agertu dena; «Bizkaitarra III», Arestik berak «Bizkaitarra I» titulupean 1959an argitaratua; «Bizkaitarra IV», Arestik berak «Bizkaitarra II» titulupean 1959an argitaratua; eta «Bizkaitarra V», Arestik berak «Bizkaitarra III» titulupean argitaratua 1960an.
[70] Ikus ARESTI, G.: «Poesia eta euskal poesia» in EGAN (1960), 3-6.164.ean.
[71] 1975.X.29an egindako kartatik. «Bizkaitarra» irakurtzeko: EGAN (1959), 1-4.7-11.etan.
[72] EGAN (1959), 5-6.125.ean.
[73] Ibidem. 128.ean.
[74] 1959.IV.28ko kartatik. (Alfonso Sastreren teatro-lanaz ari dela dirudi: itzulpena, galdua?)
[75] Ibidem, 134-141.etan.
[76] Id. id., 181.ean.
[77] EUSKERA (1959), IV.245.ean. Hamar urte geroago, bazioen Arestik: «Orain hamar urte inguru poema luze bat idaci nuen, "Maldan Behera". Poema haregatik sari bat eman zidan Euskalzaindiak, Euskal Akademiak, Loramendiren saria. Orduan, poeta sentitu ninzen horrekin, batez ere sariketa horretara hirurogei olerkari presentatu zirelako». (ARESTI, G.: «Euskeraren izen poetikoak» (Hernanin 1967an emaniko hitzaldia) in: Artikuluak..., Susa, Donostia, 1986, 85. eta j.).
Sariaren garaiko Arestiren soldata bat, kasik, izango zen. Baita arantzatxoak ere: «Nire poema eztakit oraindik nun argitaratuko dudan. Behar bada, Eganen, baina oraingoz eztit ajola. Saritzat eman zizkidaten birmila pesetak ederki etorri zitzaizkidan, eta egun polita iragan genuen Mondragoen, Loramendiri opetsitako gorasarrean. Arrosa guztiek beren arantzeak eduki behar, eta egun zoragarri haretan ere nire arantzetxua geratu zitzaidan bihotzean josita, bada Bordari jauna nirekin hasarratu zen biziro, eztakit oraindik segurutik zergatik. Aita Zaitegi eta Aita Igorrekoa presente egon ziren, eta Zaitegik esan zidan munduko bekaizteria gustiak gora behera, aurrera segitu behar dudala nire lanarekin, hari beste horrenbeste pasatu zaiola beti, eta horregatik eztela sekula etsitu». (1959.XII.14an Tauerri).
Donostiarrei ziotsen, 1964an berba egitean, «guztira hogei mila pezeta» irabaziak zituela sariketetan. Edonola ere, egoera penagarriak ezagutu zituela: «Orain lau urte hemen bertan beste hitzaldi bat eman nuen poesiaren gainean, eta zerbait pagatuko zidatela ustea nenkarrelako trenbiderako dirua bakarrik ekarri nuen, eta gau hartan aire libreko aulki baten gainean lo egin behar izan nuen». (Ik. «Teatro berri baten beharra» in Artikuluak..., 1976, 53an).
Itxura guztien arabera, Arestik azkar asko idazten zituen idaztekoak: «Soy un prodigio de celeridad. Total, para lo que me van a pagar...». (Peilleni, 1959.II.3an).
[78] Geroago, 1964an, Harri eta Herri argitaratzen duenean, eskaintza hauxe egiten dio Arrueri:
«Antonio Arrue nire jaun
eta adiskideari,
niregan fedatu eta sinetsi
egin duelako beti».
Arruek dioskunez, «Bere Maldan Behera, Mugaldeko herrian egindako tobera ta Harri eta Herri lanak ni Juraduetan Epaimaieko nintzala sarituak izan ziran». Eta gehitzen zuen: «Onatx izkirimiri bat. / Emen, Gipuzkoan, baserritarren artean, ez da Gabriel esaten, baizik Grabiel (Madriden, Etxegarai-kalean ere bada edo bazan Bar Grabiel bat). Nik batzutan Arestiri ere Grabiel deitzen nion, eta bein batez nonbait etzun berak gogoko izen-mota ori osoro asarratuta esan zidan: "Baldin geiago Grabiel esaten badidazu, nik zuri Andoni deituko dizut..."». (1976.VII.5eko kartatik). Arrue ez zen sabindarra.
Badirudi garai honetan eginiko lanen bat galdu egin dela: «Nire komediak "Mugaldeko herrian eginikako Tobera" deritza, eta oso teatro moderno eta zelaia da. Beste bat presentatu nuen: "Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua". Orain nire nobela zahar bat akabatuko dut: "Kibernia eta Jesus", eta beste baten asmoa dadukat: "Lehen ilargitarrak". Datorren urteko sariketara presentatuko ditut, hea fortuna dadukadan». (Tauerri 1961.IX.21ean eginiko kartatik).
[79] EGAN (1960) 1-2. 87.ean.
Maldan Behera honi buruz, ik. SARASOLA, I.: «Hitzaurrea» in ARESTI, G.: Poemak I. Kriselu, Donostia, 1976, 50. eta j. (Jon Juaristiren itzulpena). JUARISTI, J.: «Hitzatze» in ARESTI, G.: Poemak II. Donostia, 1976, 506. eta j. Kriselu.. MITXELENA, L.: «Aspectos de la métrica de Aresti» in FLV (1978), 406. eta j. JUARISTI, J.: Literatura vasca. Madril, 1987. ARKOTXA, A.: Imaginaire et Poésie dans Maldan Behera de Gabriel Aresti. Donostia, 1993.