Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Zenbait literatur komentario
Harri eta Herriren publikazioaren urtean, Martin Arrizubietarekin uda Mundakan eman ondoren, hirugarren alaba Andere Bihotzjaiotzen zaio, azaroaren 13an. Bladi Otero eta Yolanda, haren emaztea, izanen dira aita eta ama pontekoak [204].
Zazpi urte geroago, Dámaso Alonsok bezala [205], «Lizardi ezta esplikatzen, Lizardi konprenitu egiten da», idazten du. «Egun batean gizon eskolatuak etorriko dira, eta gorputz eta hilotz ustel balitz bezala, autopsia zehatz bat egiteko asmoa ekarriko dute. Filologuak, eskola-gizonak, linguista, hizkuntzaren aztertzaileak, gramatikoak... hoek, gizon jakintsu guzti hoek, hizkuntza biziaren eta eskritorearen etsaiak dira. Gure hegalak moztutzen dituzte. (...) Pentsatuko dut Lizardik urrezko orria eskribitu zuela euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik dizdiratsuena. Haren izena munduko abant-goardian aurkitzen da: César, Nicolás, Pablo, Louis, Gabriel, Nazim, Mikail Viteslav, ... eta Xabier. Lehengo egunean hala esaten zidan Bladi Oterok. Eta harek ba du zergatik jakin» [206].
Bi hilabete geroago, berriz ere Lizardiz ari da. Villasantek eta Mitxelenak Bilbon emandako hitzaldiaren errekreaziozko kronika da. «Filologoek gizon xerioegi hoiek, edertasunarekin akabatuko dute; poesiaren haragia sendatu nahirik, haren anima bihotzkorra hilen dute» [207].
Fernando Amezketarraren gainean Zeruko Argia-ren enkarguz eskribitzen duenean, ostera, ez du «pailazo barregarri bat bezela» ikusten, ohi denez, «Euskalerriaren Aitajaun bat, Axularren halturakoa»ren eran baino [208].
Ezaguna da nola Zeruko Argia-ren hasieran, Unamuno ala Agirre (Txomin) eztabaida gertatu zen. Arestik ere parte hartzen du debate horretan, kasik amatatzen zegoenean. Hona hemen, funtsean, bere iritzia: «Domingo Agirreren bi nobelak atsegintasuna emanen die baserriaren oroitzapenak bihotza jota dauden euskaldunei. Unamunoren idaz-lanek kontsolamentua eskeiniko die erlejiozko duda mudetan daudenei, esistentziazko arrazoien bila dabiltzanei. Ni ez nago ez kaso batean, ez bestean, hor konpon Mari Anton». Eta Agirreren mendeurrenean inongo gorazarrea eskaini bazaio ondarrutarrari, «ez da tamala dio hau pozgarria da. Tamala da Unamunoren ehun-urteekin Bilbon gertatu dena. Hori da tamala, zergatik nik ez baitut ikusi Bilbaoko kaleetan Unamunoren oroitarririk. Hemen ez dago Unamunoren alde... ezer! Dena kontra». Eztabaida horretan, bada, «ez dago zergatik hauta. Mundua nahikoa zabala da. Euskalerriak ez daduka zergatik meharra izan».
Sarritan jardungo du Unamunoz: «Eta euskaltzale guztieri zentzua eskatu nahi diet. Gure artean ez dago zentzurik, eta ero koadrila bat dirudigu. Atzerrietan gugatik barre egiten dute; gurekin eztute kontatzen. Zergatik aldaratu ziren gure artetik Baroja, Zuluaga, Unamuno eta Meabe? Gure konpainian aspertzen zirelako».
Geroxeago ematen duen hitzaldi batean, Meabe, Otero, Ibarrola, Julen Kaltzada, Vicente Talón, Unamuno... aitatzen ditu, «vasquía sin vascuence» delakoa ukatuz, eta honelaxe amaitu: «Si de español te precias, Don Miguel, debes oírme que el hacer que tu España por hacer grande a una de sus lenguas sacrifique a las otras tres, es como el padre que por hacer rico a uno de sus hijos dejara morir en la penuria a los restantes».
Eta hil aurretxoan: «Escritor vasco es el escritor que escribe en euskara; por lo tanto, no creo que el nombre de "escritor vasco" convenga a un Pío Baroja, por ejemplo. Blas de Otero y Gabriel Celaya son dos grandes poetas, pero no son poetas vascos, son poetas castellanos hasta las últimas consecuencias. Luego existen los temas vascos que tienen estos escritores nacidos en el País Vasco en su producción. El vasquismo de Baroja, por ejemplo, es un vasquismo de folklore, y sus personajes son estereotipos de papel tartán y no son vascos. Santi Andia y el capitán Tximista son personajes de película de aventuras. Pío Baroja no vivió el País Vasco. Pío Baroja se hizo vasco en su casona de Vera de Bidasoa, a donde se retiró como el señor feudal que regresa de las Cruzadas. De Unamuno se dice que dejó de ser vasco para ser "universal", pero, sin embargo, parece un tanto absurdo el que haya que trasladarse a Salamanca para ser "universal", cuando una gran parte de los salmantinos se han afincado en Bilbao» [209].
Uda honetan Gabriel Arestik euskaraz ez idazteko tentazioak sufritzen ditu: «Azken aspaldi honetan, uda luze eta bero hau akabatu zenetik honera, fede-krisi bat sufritu dut, espantagarria, eta nire mintzaera prontoarekin iraindu ditudan euskaltzale leial guztiei mesede bat eskatu diet, barka dezaidatela (...). Etsai gaiztoak gogorrik tentatzen ninduen: Zertarako euskeraz? Hik euskeraz ez dakik. Hala esaten diate. Ama-hizkuntza erdera duk, hire aiton-hizkuntza euskera baldin bada ere. Gainera ez aute estimatuko. Jentarte horretan gorrotatua izanen haiz» [210]. D'Arkangues jaunak bere Le viellard et la rose [211] obraren ale bat eskaintzen dio, dedikatoria honekin: «Pour Gabriel Aresti grand poete de notre Pays Basque, son collègue Pierre d'Arcangues. Aout. (1964)».
Laudioko Maderas Reunidas 1965eko maiatzaren 16an utzi egiten du [212]. Lanpostu berria Bilboko Larraskitun «Larraskitutik Errekaldeberrira / aldapa behera / jaxten dudan bitartean» auzoan aurkitu zuen, Evers izeneko ingeles enpresan. Hemen oso ondo irabazten omen zuen, baina, sarritan, jai egunetan ere lana egitea tokatzen omen zitzaion. Bestalde, ingeles kontableak kontrola egitera etortzen zitzaizkionean, larritasun handiak pairatzen omen zituen. Joan-etorria, oinez. Etxe honetan ez zen denbora gutxian baino aritu, utzi, hiru hilabete lanik gabe egon, eta 1966ko maiatzaren 6an Eibarko Rocandion aurkitzen baitugu: «Markinalde honetan, / Done Mikel inguru honetan. / (en torno a este san Miguel / en estas dos Marquinas)».
Harri eta Herriren publikatze urtea 1964 «Nere alaben izenak» izeneko umore-artikuluarekin bukatu zuen [213].
Euskaltzaindiak Teatro sarirako epaimahaiko [214] izendatzen duenean 1965, «Gaurko euskal poesiaz» artikuluarekin zabaltzen du urte berria. Berriz ere Lizardiren poetatasuna baloratu ondoren «niretzat ez da Euskalerrian hura bezelako poetarik egon. Harekin bakarrik konparatuko genuke Santa Agedako Koplak (eta bertsoak) konposatu zituen bertsolaria», haren jarraitzaile Jokin Zaitegi, Santiago Onaindia, Nemesio Etxaniz, Salbatore Mitxelena, Fernando Artola, Bingen Ametzaga eta gainerako lizarditarrak ez dutela maisuaren maisutasuna «pittirik ere gehitu» salatzen du.
Orain, ordea, «frutu berriak eman ditu Lizardiren eskolak»: Gandiaga eta Monasterio. «Lizardiren eskolarekin elkar ikusi handia dadukate beste bi eskolak, nire iritzian (eskola bezela esanen nuke) bide hilean daudenak: Orixerena (Aranalde, Gaztelu, Dorronsoro, eta ihazko euskal jai donostiarretan saria irabazi zuen bat) eta Lauaxetarena (Aurre-Apraiz, Joane Aingeru Etxebarria, Sabin Muniategi, eta Paulino Solozabal)».
Gabriel Arestiren ustez, «Hiru eskola hauk batera junta litezke, eta hiruren batasunari nik Aitzolen eskola deituko nioke». Baina gaurko poesia gelditasun horretan itoko litzateke Xabier Ihartza eta Jon Mirande etorri ez balira. «Poeta bi hoien batasunetik (bakoitza bere aldetik ibili arren) sortu da gaurko euskal poesiaren olatu berria» seinalatu ondoren, «Otsalar, Joxepe Azurmendi eta Mikel Lasa» dira olatu horretakoak, «nirekin batera», segurtatu zuen [215]. T. S. Eliot hiltzean, aita Onaindiak Aresti haren olerki minez joa dela dio [216].
«Martinaren ilusioa» artikuluan Bilboko errebaletako emakume baten esperantzak eta tristurak adierazten ditu, modu poetiko batez [217].
Otsail honetan bertan, «Urte berrion dizula, Zeruko Argia» [218] publikatzen du, bizitza zentzuzkoaren exijentzia eginez, eta Uxolak kronika batean «euskaldunak eguzkiaren semeak gera» esan duelako protesta agertuz.
Purismoaren kontra, «Gu, mendearen semeok» artikuluan, «gauza jakina da esaten du gure berboa bera ere erromatua dagoela bere moduetan eta denporetan. Erromako erlijioa hezurretako muinetaraino dago sartua». Horregatik, «euskaldun guztiok gara mendearen semeak» konkluitzen du. Beraz ba, «ahal duguna salba dezagun, eta apur hori era-berritu dezagun. Ateratzen denerakin, munduari desafio diogun. Honela salbatuko gera» [219].
«Bilbaogatik kexatzeaz idazten du martxoan ez naiz inoiz kantzatzen» [220]. Izan ere, «euskaldunak erri pragmatikoa gera, ekonomiazko ametsak gustatzen zaizkigu, eta nekez izan baldin bada ere Bidasoatik Somorrostrora industri-konpleju bat muntatu dugu edo dute. Hemen bakarrik baloratzen da dirutan persona baten balioa. Ze inporta dio inori nire komedien espirituzko balioak?... Beti galdetzen didate: Zeinbat irabazi duzu? Zer atera duzu? Gainerakoak ez du ardura».
Urte honetako Aste Santuan antzeko ideiak darabiltza buruan, eta galdetzen du, profeta biblikoen tankeran: «Zenbatek pentsatuko dute Jaunaren heriotzearen misterio sakratuan? Zenbatek sentituko dute haren pasioa? (...) Gure negozioetan arduratzen gara, mundu honetan bizi gara eskuekin ukitzen diren gauzak maitatuz eta deseatuz, eta gure sudurraren aurrean dagoena besterik ikusten eta ikusi nahi eztugu. Hemendik sortzen da gure kultura falta» [221].
Jendeak ez ditu dirua ematen duten karrerak baino estudiatu nahi eta horregatik maite dugu Loroño Unamuno baino gehiago, bukatzen zuen Arestik, labur-labur esateko [222]. Artikulu hau, dena dela, «aurten atera baldin bada ere adierazten zuen gerotxoago ihazko Aste Santurako izan zen idatzia. Iñaki Beobidek ulertuko du honela» [223].
Udaberri honetan, bere euskal karrera literarioaren batasuna barne balantzea egiten du eta hiru konklusio ateratzen: 1) Aurrena, «azken bolada honetan, arnasagarria bihurtu zait euskaldunen arteko airea. Eta lan estimagarriago bat egiteko parada aukeragarriagoan aurkitzen naiz». 2) Horretarako «aldapa oso gora eta erpina» igo beharra izan du. «Baina jarraitzen du momentu guztietan izan dira nire laguntzan luzatu ziren eskuak». Euron artean Labaien kontatzen du «iritzi ezberdinak izan baditugu ere batzutan». Aldats gora horretan sufritu dituen nekeetan, La Gaceta del Norte-ko Arruza ezin du ahaztu. 3) Bere euskara-modua atakatua izan bada ere, pozez goratzen du «Baionako Biltzarra» (eskritoreena) eta gaineratzen du: «Baionako biltzarrean oinarri batzuek onartu ziren demokraziaz. Eta nik, oinarri hoien barrenean geratzeko, hiruzpalau ukitu egin behar izan dizkiot bakarrik nere euskerari. Zergatik komentario hura egin zuenak ez ditu Baionako biltzarreko oinarriak onartzen? Nire gazte-zaro goiza haretan jarraitzen du euskal liburu asko irakurri nituen. Baina markarik sakonena utzi zidana, Ibar jaunaren Genio y Lengua izan zen. (...) maixuaren pausoak segitu besterik ez dudala hamabost urte honetan egin (...) ez neri kulparik bota, Ibar jaunari bota zaiozue» [224].
Urte honetan eginen duen azken literatur komentarioa «Labaien jaunaren azken liburua» artikulua da [225], gure euskal teatroaren historia egiterakoan begiratzekoa.
[204] Bataio agiria: «En la Villa de Bilbao, parroquia de la Inmaculada Concepción (...) a 19 de noviembre de 1964 fue bautizada una niña a quien se impuso el nombre de Andere-Bihotz. Nació el 13 del corriente a las 11.40 horas en (...) General Dávila 20-3 (...) Le apadrinaron D. Blas de Otero y Doña Yolanda Pino, naturales de Bilbao y Guane (Pinar del Río, Cuba). Administró el bautizo D. Julián Uncilla».
[205] Conf. ALONSO, D.: Poesía Española. Ed. Gredos, Madril, 1971.
[206] ARESTI, G.: «Elizardi, poeta» in ZERUKO ARGIA (1964), IV.19ko 3.ean.
[207] ARESTI, G.: «Lizardi, euskaldun» in ZERUKO ARGIA (1964), VIII.2ko 3.ean.
[208] ARESTI, G.: «Pernando Amezketarra errespetatu bear» in ZERUKO ARGIA (1964), IX.6ko 4.ean. «De Zeruko-Argia me pidieron un artículo sobre Pernando, el único que me han pedido, porque me parece estar en un "tour de force" con ellos, aunque siempre acaban publicándome todo lo que me piden, porque la gente les vuelve locos, que a ver qué me pasa, con (?) indudablemente de ciertos señores que viven en Bayona, esos mismos que han echado del Zeruko Argia a las dos más grandes promesas de la literatura vasca: Erramun Saizarbitoria y Xabier Lete».Bartzelonako euskal ikasleei 1966an esana, ik. «Lengua y Literatura Vascas: breve historia e incierto futuro de su relación» in Artikuluak..., Susa, l986, 81-82.etan. Ik. Baionako hauetaz xehetasunik in Euskadi ta Askatasuna, II, 44an.
[209] ARESTI, G.: «Zergatik Unamuno ala Domingo Agirre?» in ZERUKO ARGIA (1964), XI.8ko 9.ean. Lehen aipua, ik. «Euskal literatura batuaren oinarriak: hiztegia, berbotegia eta zentzua» (Euskaltzaleen Biltzarrean, 1963an, irakurtzeko testua) in Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, Donostia, 1986, 35.ean. Ondarroan ere, ik. in «Lengo eta oraingo euskal poesia erritarra». Ondarroan emaniko hitzaldia, 1964ko garagarrillaren 8an, in Artikuluak.... Susa, 41. eta j. 1968ko hitzaldia, ik. «Mentalidad Poética Vasca» («ciclo de conferencias» deitzen du), in ARESTI, G.: Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986, 106.ean. Hil aurretxoan esana, ik. in TRIUNFO (1975), VII.666a.
[210] Ik. «Zergatik Unamuno ala Domingo Agirre?» in ZERUKO ARGIA (1964), XI.8ko 9.ean.
[211] D´ARCANGUES, P.: Le Viellard et la Rose. Bourges. 1955.
[212] Lehen aipatu ditugun arrazoiengatik.
[213] ARESTI, G.: «Nere alaben izenak» in ZERUKO ARGIA (1964), XII. 20ko 3.ean.
[214] Ikus EGAN (1965), 1-6.183.ean.
[215] ARESTI, G.: «Gaurko euskal poesia» in ZERUKO ARGIA (1965), I.24ko 9.ean.
[216] ONAINDIA: «T. S. Eliot il da» in ZERUKO ARGIA (1965), II.14ko 3.ean.
[217] ARESTI, G.: «Martinaren ilusioa» in ZERUKO ARGIA (1965), II.28ko 3an. Begiarmenek ikertua in Sei Idazle Plazara.
[218] ARESTI, G.: «Urte berrion dizula, zeruko argia» in ZERUKO ARGIA (1965), II.7ko 3an.
[219] ARESTI, G.: «Gu, mendearen semeok» in ZERUKO ARGIA (1965), III.14ko 3.ean.
[220] ARESTI, G.: «Bego Abaituari agur diola» in ZERUKO ARGIA (1965), III.28ko 3.ean.
[221] ARESTI, G.: «Datorren Aste Santurako burubidea» in ZERUKO ARGIA (1965), IV.IIko 7.ean.
[222] Ezaguna da nola zenbaitek Loroño defenditzen zuen, Bahamontesen kontra, batez ere Criadok, Bilboko poliziburu egin zenak, Loroñoren laguntza bilatzen zuela jakin arte.
[223] ARESTI, G.: «Zinaurriaren egiazko alegia» in ZERUKO ARGIA (1965), VI. 20ko 3an.
[224] ARESTI, G.: «Ez niri kulparik bota» in ZERUKO ARGIA (1965), IV.25eko 3.ean .
[225] ARESTI, G.: «Labayen jaunaren azken liburua» in ibidem, (1965), XII.12ko 3.ean.