Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Euskal Harria. 1967
Gorago ikusi dugunez, «Lizardi Poesia Saria 1965», 1966an deklaratua, Gabrielen Euskal Harria poema-liburuak irabazi zuen. Liburuan haiek eta poesia gehiago ere eman zituen. Beronen publikazioa, hitzaurrerik gabe eman zuena, 1967ko ekainaren 21a baino geroago izan zen, Gabriel Arestik berton ezarri zion epilogoari kasu egiten badiogu.
Otsailaren azkenetan, baina, Karlos Santamariak badu Gabrielen asmoen liburuaren publikazioaren berririk. Ez ziren berriok lasaigarriak: «Dirudienez zioen sinetsi ezinik "c", "tc", ta "ch" izkiekin asiko zera idazten, antziñako idazleen antzera. Urrengoan, "atcera", "guciac", "maitatcen", "etcitzaion" ta orrela egingo dituzu beraz». Zuhurtziaz, gehitzen zuen, azkenean: «Beraz, pentsatzen aritu naiz: gizon ori "c" ta "ch" izkiak erabiltzen asi dan ezkero (bear bada guztia gezurra), bere arrazoiak izango ditu berak ortarako. Gure euskaltzaleak batasunaren bideari jarraitu nai eztiotelako, desbatasunaren bideari jarrai dezaioten, alajaña!» [283].
Hilabete geroago, baietz erantzuten dio, egia dela entzun duena: «Dena dela gauza bat har dezakezu segurutzat: Latinezko ortografia aldrebesera ez naizela itzuliko, korronte modernoagoetara abiatuko naizela. (...) zuk ongi diozu, euskal idazle bakoitzak bere dialektoan eta bere gogara eskribitzen duela. Zuk ere dialekto batez eskribitzen duzu. Zergatik ez dut nire dialekto partikularra edukiko? Zer apurtuko dut, zer harmonia? Euskal literatura dagoen kaos hau apurtuko banu, behintzat (...)».
Gabriel Arestik, ordea, ez zuen egoera gozoa ezagutu, liburu hau publikatzea nahi izan zuenean: «Baina ziotson Santamariari zure lehengo artikulua eta gaurko nire erantzun hau, denpora-galtze ikeragarri bat iruditzen zaizkit; gauza inportanteagoak daude. Niretzat, konparazio baterako, nire liburua, eta argitara atera ez dezadan ematen didaten gerra. Euskal editoreen interes zikina eta kobardetasuna; legeak ematen dituen "erreztasunak" (Ministerioak ez argitaratzea akonsejatu dit gaur egunean senzurarik ez omen dago, baina lapitz gorriak ez dira abolitu); liburua ateratzeko lukurrero modernoekin kontraditu ditudan zorrak (ez hain interes handikoa, baina tira!). Eta zer gertatuko zait baldin eta nire liburutik lapitz gorriaz markatutako 25 poemak kenduta ere, aterako dudanean, Ministerioak sekuestratzen badit? Nola pagatuko dut Kajarekin hartu dudan zorra? Hori da inportantea niretzat, Santamaria jauna, eta ez H-ak harmatu duen iskanbilla edo C-ak harmatuko duena» [284].
Nork argitaratu ez zuelarik «anduvimos de editorial en editorial buscando quien lo editase» diost Meli Estebanek, bere poltsikotik egin beharrean gertatu zen, aurretiaz editore [285] titulua hartuta. Bestalde, etxean kotxea erosi ala ez dudak egiten zituzten [286].
Egoera ekonomiko-politikoa ere nahiko latza zen: Laminación en Bandaseko huelga bukatu berria da eta huelgista haien aldeko manifestazio batean, Agustin Ibarrola atzeman eta kartzelaratu zuten: beraz, Agustin Ibarrolaren marrazkiekin liburua hornitzea arrisku handiagoa zen oraindik. Guztien gainetik, hala ere, Arestik lortu zuen berea: liburuaren publikazioa [287].
Hitzaurrekorik jarri ez bazion ere, epilogoan bere liburuaren ortografiaren eta gehiagoren arrazoiak ematen dizkigu: «Behar bada linguistak edo filologoak, atsegin handia hartuko du gauza hauetan guztiotan bustidurak e. a. ; baina letra-gizonari urre-gorri merke eta ospel-harrabotsa iruditzen zaio, bere lanari gaitztasunak jarri baizik egiten ez dizkiona. Kontuan har bedi linguistak hilda dagoen edo hiltzera doan hizkuntza bat ertudiatzen duela, baina eskritoreak egunero jaia-arazitzen diola etorkizuneko hizkuntza berri bati. Bustidura semantik bustidurarekin konfunditzen delako. Esan nahi dut, bustiduraz baliatzen bagara deribaziozko elementu bat izan gabe, ez gaitezkeela balia hartaz adres horretan, eta horrela hizkuntza pobretu egiten da. Politikoek euskera "garbi" bat nahiago dute, nahiz eta horrela pobretzen den, bainan eskritoreak euskara aberats bat behar du, naiz eta horrela "zikintzen" duen.
»Hau guzti hau, ez da, halegia!, nire ideia bat; horrekin irakaskintza hartzen diot euskeraren batasuneko enpeinu honetan nire maisurik hoberenari, Lino Akesolo jaunak bere atake hamorratuetan bestela baderitza ere, irakaskintza hartzen diot Resurrección Azkue nire maisuari.
»Nire eskiribuzko lanetan arrazoirik gabeko anarkia izugarri bat ikusten dutenei esan behar diet, nire idatzteko molde eta tendentziek aldez aurretik pentsatutako programa bati obeditzen diotela, nire ezagumentuak handitzen ziren araura aldakorra urrats espaziatuetan burura eramaten dudana, eta Altube maisuaren azken fin bateko irakatskintzekin nire "Don Kixoteren bizitzea" [288] buka dezadanean osatuko dudana. Orduan erabakiko dut, Azkueren eta Altuberen eskola nagusian, euskeraren ortografia behin-eta betikoa, gure ortolojia kultural baten ezagugarri berezia eta zehatza.
»Hau guzti hau dela kausa, ikusten dut orain (eta orain hamabi-amabost urte nire aurreneko programa trazatu nuenean ere hala ikusten nuen), nola dagoen beste letra bat "c" "q" (...)
»Askok bukatzen du esan behar dute nire ihardukiera honekin kaosa eta anarkia erein baizik ez dudala eginen gure euskal literaturaren alor elkorrean. Auskalo. Hala baldin bada, gurutzifika nazatela. Baina mila iraka-klase ereinda dagoen alorrean, berdin da iraka berria edo gari garbia ereitea. Azkenean dena konfundituko da denarekin. Nire tamala da, nire damu eta dolu haundia, nire gari garbi hau ez dela notatuko hainbeste irakaren artean».
Xabier Gereñok «bonba» deituko dion Arestiren liburuaren lehen irakurlea Ramon Saizarbitoria da. Poema batzuk euskal neskatila bati irakurtzen dizkio, baina honek, agian, «ez ditu konprenitu». «Izan ere arrazoitzen zien Saizarbitoriak Zeruko Argia-ren irakurleei, Arestiren poemak konprenitzeko, euskal ghetotik espulsatua behar da izan, edo zenbait lillura utzi beharra. Hitz batean: Errealitateari aurpegia eman beharra.
»Euskal Harria ez da Harri eta Herriren zatia, oso da ezberdina. Harri eta Herri abstraktuagoa arkitzen dut, politagoa, lehen bertsotik azkeneraino euskaldun garbia (abstraktuagoa). Blas de Oteroren usaia zuen. Nola kendu zezakean Oteroren usaia bere bertsoetatik, gizona eta bere poesia ain ondo ezagutzen zituen poetak? Oroitu zaitezte "Beti esanen dut egia" poematzaz.
»Euskal Harriaren sonetoak ez dute (nola izan behar dute?) euskal kutsu astarrenik ere. Lehen Oteroa aipatu dut. Oteroren poemak gazteleraz izanik ere ba dute halako euskal usai bat, Oteroren esateko era osoki iruditzen zait euskalduna. Irakurri bestela Aresti berak euskeratutakoak. Bainan gure poetak euskera dominatzen duelarik ere, bere sonetoak euskeratzeko garaiean, ezin eman izan die euskal kutsuaren astarrenik ere».
Arestiren ortografia berriaz «nik ez dakit zer esan (...). Beharbada Arestiren kolpe berri bat besterik ez da. Batzuek kirtenkeri bat gehiago esanen dute, beste batzuek esperientzi interesgarria dela. Batzuen ahoak, Axularren aurretikoa dela entzutean itxiko dira. Nire iritziz Aresti bere arrazoi guztiarekin et.ab. et.ab., inpakto bila dabilkigu. Hori ondo eta gaizki dago edo ez du inportantziarik».
Azkenez, zurrumurruren bat zabaldu zen Arestik euskaraz idazteari utzi egingo ote zion. Hala entzun omen zuen arren, Saizarbitoriak ezetz zioen: «Nik ez det uste, bere euskal zaletasuna alde batera utziaz, Aresti euskeraren beharrean aurkitzen da: Aresti tremendista bat dugu eta euskal aditzak ba du halako tremendismo bat bere erraietan. Sermoietan osatutako hizkuntza dirudi. Arestiri "Nik diot", "Ene hitz", "Esanen dut" entzutean, profeta bateri entzuten ari gerala dirudi (...)».
Ez dakigu Saizarbitoriak irakurrita edo entzunda zuen Arestik 1960an Donostian egindako hitzaldia, baina bai artikuluaren bukaeran esaten zituen hitz hauek egiazkoak direna: «Arestik ez du, beharbada, Mikel Lasaren bertso fina. Arestik bihotza urratu beharra du, ahoa irikitzeko bere besoak ebakiak ikusi beharra. Aresti profeta bat da, bere mendean, eta duen grazi berezi horrek, salbatzen du joan den gizaldiko profeta edo predikatzalle bat izatetik» [289].
Gereñok, Txistulari-ren garaietatik Arestiren laguna, honen liburuari «azken bonba» deitu eta, bere betiko optimismoaz, alderdi onak bilatzen dizkio. Aurrena, Aresti mundu guztiak ezagutzen duela esaten du, eta hori da haren «meriturik handiena (...) Guztiok irakurtzen doguz berak idatzitakoak. Batzuk, kritiketako. Besteak, txalotuteko. Baña bere lanen aurrean, iñor ez da indiferente geratuko». «Adiskide» duela eta, «olerkari» ez denez gero, «ni ez naz nor idazti onen kritika egiteko» esan ondoren, «lenengo kolpea ortografia da» zioen. «Bear bada arrazoia izango du», baina, gaurko egoerari begiratuta, ez du bide egokitzat ematen berrikuntza hori. Hala ere, Gereñok sinesten du Arestigan, «euskeraz idazten daualako. Sortuko dauz eztabaidak. Sortuko zalapartak eta iskanbillak. Baña euskeraz. Eta berak diño Euskal Harrian: «Ez dugu zaldirik, / ez gara zaldunak. (...) / Euskera dugu guk, / gu gara euskaldunak. (...)», Letek arrakasta handiarekin kantatua [290].
Bizkitartean, Zeruko Argia-k ez dizkio ateak itxiko Arestiri, beronen «Lur honetan» poesia publikatuz [291].
Xabier Gereñok begiz jo zuen poesia «Ez dugu zaldirik...», San Martinek ere atsegin du, azaroan Zeruko Argia-n publikatzen duen «Nahasmenduak» artikuluan ikus dezakegunez [292].
Nun-Ezthenkak, berriz, idazlearen «izerdiak» azpimarkatu nahi ditu, batez ere: «Gabriel Aresti euskaldun poetak bere bigarren liburua argitaratu du. Berak argitaratu du, bere izerdi eta sakeleko diru eskasen indarrez.
Ezin diteke esan Aresti eskritore ezezaguna denik, ez eta ere bere lehen liburua Harri eta Herri zoragarri hura ona eztanik. Honek horrela izanik, ezin ditugu ulertu gure artean gertatzen diran fenomenu batzuek. Euskalduntzat bere burua daukaten editorial batzuen doillorkeria, eta beste orrelako zenbait gorabera. Izan ere, gure posturak eta jokabideak lujoko mentalidade baten ondoronen dirudite. Poeta, eskritore eta artista asko bagenitu, konprendituko litzake bat edo beste bazterreratze hori. Baiñan hain gutxi eta kontalak izanik, ez du esplikaziorik».
Irudiak Agustin Ibarrolarenak zirela esan ondoren, bukatzen du: «Liburu ondo merezia, eta bearrezkoa, eta nola agertze hau injustiziaz beterikako ixiltasun baten erdian egin den», salatuz [293].
Azkenez, Juan San Martinek Egan aldizkarian egin zion erresentzioa irakurtzen dugu: «(...) Lafitte jaunak egin zion Herria-n aburu jakingarri bat. Ikusi 895-garren zenbakia, buruilaren 28-koa. Bertan zion euskal literaturan, Arestik, ez zuela ez aitarik, ez amarik. Ez eta beraz egiazko haurriderik; "izaitekoz zonbait seme-alaba" (...). Zer esanetan jarrai nahi duenarentzat komenigarria da Saizarbitoriak (...) egiten zion aipamena. Interesante derizkiot. Batez ere esaten duenean: "Arestik ez du beharbada Mikel Lasaren bertso fiña. Arestik bihotza urratu beharra du, aho irikitzeko bero beroak ebakiak ikusi beharra. Aresti profeta bat da, bere mendean, eta duen grazi berezi horrek salbatzen du joan den gizaldiko profeta edo predikatzaile bat izatetik". Baiña esan nezan aitaren etxearen jarraipenez egiñak fiñak direla. Hala ere, liburu huntan ez dijoa lehendik hartua zuen mailla baiño gorago. Hortografia berriari buruz ez nijoa ezer esatera, zeren lehendik ere nahi dutena egiten ari diren euskal idazleak eta haien beste eskubide badu. Hunelako gauzatxoak aintzat harturik Arestiren euskal zaletasuna eta herri maitasuna neurtu nahi duten haiek, pazientziz irakurri dezatela "Kapitan pilotu" izeneko poema».
Irailean Salvador Espriu katalan poeta handiaren karta bat izan zuen eta hara zer zioen Euskal Harriari buruz: «Guztiz ikusgarriak dira poemak, poeta eta gizonaren adierazpen argi bat ematen dute, ta baita ere euskal hizkuntza berezi horren kemena ta indar berria. Emaiozu bere egilleari nere zorionik zintzoena, eta baita Agustin Ibarrolari ere marrazki arrigarriakgatik (...)».
[283] SANTAMARIA, K.: «Euskal idazle bati» in ZERUKO ARGIA (1967), II. 26ko 3an.
[284] ARESTI, G.: «Carlos Santamaria jaunari eskutitz agiria» in ibidem, (1967), III.19ko 3.ean.
[285] Honen berri Tauerri ere ematen dio: «Aspaldi honetan editore bihurtu naiz, eta bost euskal liburu argitaratu ditut nere poltxikotik. Beste bi ditut moldiztegian, Txillardegiren nobela sariztatua, eta Euskal literaturaren bilduma bat (saiaera bat, nobela bat, hiru antzerki, bi olerki-lan, eta dozenerdi bat ipui). Jean Miranderekin ere har-emanetan nago beraren lanak argitaratzeko. Nere argitaldariari Kriselu deritza». (Tauerri 1969.III.20an egindako kartatik).
[286] Niri ere hori esaten zidan. «Publikatu ezazu aurrena liburua eta gero erosiko duzu kotxea» botatzen nion, animosoarena eginez, noski.
[287] ARESTI, G.: Euskal Harria. Kriselu, Bilbo, 1967.
«Açukaleri» ulertzeko hona Zubikarairen azalpena: «Aresti itzaldi bat emoten etorri zan Ondarroara. Gero, Kresala kafetetxean batu giñan kontu kontari ta zirikalari; Aresti bera, Azpillaga bertsolaria, "Atxukale" izenordea erabiltzen daben Jose Antonio Arkotxa, mutrikuarra jaiotzez, baña luzaro Ondarrun bizi dana eta ni. Aresti berotu zan "Atxukale" onen akulukeri batzukin eta andik laster bere olerkietan gogoratu eban gertaera ori. Ain zuzen be, Txomin Agirreren omenaldia gertuteko itzaldietako bat zan berea». (1975.XI.29ko kartatik).
Liburua kontsultara aurkeztu zuenean, 1967.I.25ean, Euskal Harria eta heste 119 olerki tituluarekin bidali zuen. Otsailaren 21ean «No es aconsejable la edición» erantzuten diote, Madrildik. Karta bat egiten die Arestik, 25ean, esanez: «El firmante de la presente entiende que el indicado libro no es una unidad por tratarse de 120 poesías, sin mayor hilación unas con otras. (...) me dirijo a Ud. para que me indique las partes del libro que consideran no son de aconsejable edición». Hurrengo martxoaren 18an, 181 bertso kendu beharko dituela diotsotenean, uztailaren 28an, Gabriel Arestik aldaketa hauek presentatzen dizkie (ez ditugu erdarazkoak ematen):
1. Pág. 204, eliminando las líneas «Aiçoleko martiriaren kontra / Cirritako Lujanbio».
2. Pág. 233, «Jose Luis Alvarez "Txillardegi"», por esta otra «eta Aresti hau».
3. Págs. 277 y 278, por las razones explicadas al Sr. Zarzalejos, y que él está de acuerdo en que debe haber algún malentendido, por referirse el poema únicamente al escritor Pedro de Axular, autor del libro clásico guero, publicado en 1645.
4. Págs. 293 y 294, sustituyendo las líneas «y» y «eta» por «Bilbao-Athletic».
«Aparte de ello va el índice, un epílogo puramente de cuestiones gramaticales y ortográficas, sin traducción alguna castellana, relación de las obras del autor, y once grabados, los cuales siguiendo el consejo del Sr. Zarzalejos van todos seguidos, y con sus correspondientes títulos. Además las portadas, con el título en indicación del autor de los poemas y del autor de los grabados». Zarzalejos jaun hau, garai haietan Bizkaiko delegatua zen.
Poema liburu honen jatorrizko izenburua Euskal Harria eta beste 119 olerki / La Piedra Vasca y otras 119 Poesías izan zen, 1967 urteko urtarrilean aurkeztu zuenean Gabriel Arestik Ministerio de Información y Turismo aurrean.
Bi zentsoreren irakurketa izan zuen liburu-gai honek. Lehen zentsoreak, komentaketa ideologiko eta literario hauek egin zizkion: «Esta colección bilingüe de poesías, algunas de ellas francamente buenas, viene impregnada de un espíritu de "euskerismo" tan exagerado a veces, que llega a la glorificación de separatistas como Aguirre, y en otras ocasiones el autor se muestra tan propenso a la simpatía por las causas comunistas nacionales, que no duda en dignificar personas como Fidel Castro y en consecuencia a la injuria de la nación norteamericana en sus soldados. Por otra parte y ya en el aspecto religioso su desprecio por el cristianismo llega hasta la blasfemia en ciertos casos, faltando al respeto a la misma persona de Cristo. Hay además alusiones a personas y sucesos para nosotros desconocidos, que pudieran tener conexión con el separatismo bizcaitarra, y que convendría fueran examinadas por persona experta en estas cuestiones».
Bigarren zentsoreak «no puede autorizarse» erabakitzen du bere aldetik, eta balorazio ideologiko eta estetiko hauek egiten dizkio: «Escrito en un estilo surrealista y simbólico, todo el libro es canto de rebeldía política e incorformismo de la situación del país vasco. Éste se encuentra en terrible opresión y sólo encuentra la palabra como arma de rebelión. Recuerda que Navarra, las provincias vascofrancesas son también vascas y deben unirse... Hace referencias despectivas al jefe del Estado y en forma velada, llamándole Franfran y San Francisquito. Hace un uso irreverente de Jesucristo. Elogia al comunismo. No hay una página limpia de toda esta demagogia e irrespetuosidad».
Liburu hau, Arestik 1968.XII.20an Itxaropena argitaletxeari egindako kartan irakurriko dugunez, ez zioten etxe honetan atera nahi izan: «También se negaron Uds. a publicar mi libro Euskal Harria».
Liburua Ellacuría etxean argitaratu zen, Bilbon. 1967.XI.8an jarri zuten salgai, eta 1.000 aleko edizioa 41.846,50 pezeta kosta zitzaion Arestiri (beronen garaiko bost bat soldata). Ellacuríak Gabrieli 1967.XIan bidalitako kartatik hartutako datuak.
[288] 1969.IV.14aren gaueko 11.30etan dataturik, lehen bi kapituluak makinaz eta hurren seiak eskuz, apud Natxo de Felipe aurkitu izan dira. Ik. in ARESTI, G.: Itzulpenak (II). Susa, 1986, 5. eta j. Arruek esan bezala, «Los poetas y escritores de la época renacentista no le son en general simpáticos, a excepción de Boccaccio y Rabelais». Maiteago ditu barroko ingurukoak, hala nola Kixotea, Hamlet... Benedictus pertsonaiak Hamletek Ofeliari diotson «zoazi komentu batera!» agindua gogoratzen du. (Ik. 405. oharra).
[289] SAIZARBITORIA, R.: «Euskal Harria» in ZERUKO ARGIA (1967), IX. 24ko 7an.
[290] GEREÑO, X.: «Gabriel Arestiren azken bonba» in ZERUKO ARGIA (1967), X. 22ko 3.ean.
[291] ARESTI, G.: «Lur honetan» in ZERUKO ARGIA (1967), X.22ko 9.ean.
[292] SAN MARTIN, J.: «Nahasmenduak» in ZERUKO ARGIA (1967), XI.5eko 3.ean.
[293] NUN-EZTHENKA: «Arestiren liburu berria» in ZERUKO ARGIA (1967), XI. 26ko 9.ean.