Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Arestiren itzala
Xabier Letek bere Egunetik egunera orduen gurpilean publikatu baino «egun gutxi lehenago» Juan San Martinek prestatu dion hitzaurrea agertzen da Zeruko Argia-n, 1968ko maiatzean: «Agirian dago Arestigandik kutsatua dela, bere eskolatikoa dela, hots Harri eta Herrikin sortu eta gorpuztu zen Arestiren eskolatik influentziatua. (...)». Izan ere, San Martinen ustez, biek dute profetatasun kutsu hori: «Poeta onak berekin duten profeta kutsua derama Letek. Aurrerapenak utzi zituen gizarte bati mintzo da, aldakuntzen alde gaztigatzen dela» [346].
Maiatzaren 31n, Euskaltzaindiaren bileran, Aresti, Xalbador Garmendia eta Ibon Sarasola izendatzen dira Txomin Agirre sarirako epaimahaiko [347], urrian erabakiko denez, Txillardegiren Elsa Scheelen nobelari emango zaiona, Beste izakia eta Igesaren aurretik (hauek ere «biziki juradoaren iritzikoak») [348]. Geroago ikusiko dugunez, Elsa Scheelen nobelak badu zerikusirik Gabriel Arestiren editoretzan.
Hurrengo urtean, 1968ko otsailaren 23an hain zuzen, hitzaldia eman zuen Gasteizen, Barrutiaren teatroaz. Orain arte esandakoez gainera, Akesolo eta Labaienekin izan dituen eztabaidak aipatzen ditu, eta Ziarsolok nola Barrutiaren obra plagiatu zuen salatzen [349]. San Martinek ere urte honetan egin zuen Arestik prestatutako Teatro Zaarraren rezentsioa [350], beronek esandakoekin konforme dagoela esan ondoren, horrelako obren antsia agertuz.
Martxoan edo, Sergio Vilarrek Cataluña en España publikatzen du. Basabilek esaten digunez, Vilar honek «Donostiar batzuekin hitzegin du. Eta zer jakin du oraingo berririk? Idazle baten izena: Gabriel Aresti, eta bere liburuarena: Harri eta Herri. Erderazko itzulpen ta guzti argitaratua dela ta, erosi du. Erderaz irakurri, zerbait onik aurkitu omen dio. Esannaiz, intentzioz beterik omen dago. Alegia, esana baiño esan-nahia geyago duela esango balu bezala» [351].
Ekainean, Telesforo Monzon Olaso bisitatzen du Arestik eta honek Gudarien Egiñak (Miarritze, 1947) opesten dio, dedikatoria honekin: «Aresti'tar Gabriel: Emengo bertsoak maite baditu, kanta eta kantarazi ditzan. Egileak. 1969. 6.19».
Uztailaren 19an Rikardo Arregik bizia galtzen du, Mendaro ondoko bihurgune gaizto batean, Sasiolan. Zoritxar honek Arestiren bizitza barren-barrenera arte ukituko du, Harrizko Herri Hau (Rikardo Arregiren Heriotzeagatik auhenez) irakurtzean ikusten denez: «Sasiolako orena / Ricardo Arregirena / Milaka geunden hartzeko baina / hartu duzu hoberena» [352].
Xosé Neira Vilasentzat, Gabriel Aresti «hombre y poeta de este tiempo» da [353].
Xabier Gereñok, abuztuan, Elsa Scheelen salgai dagoela iragartzen du, bere deia hitz hauekin bukatuz: «Eskari bat, bai Txillardegi eta bai Kriselu argitaldariari: jarraitu dagiola, batak idazten eta besteak argitaratzen. Holako liburuak behar doguz». Baina, itxura batean, salmentak ez dira edonola egiten, zeren eta zuzenbide hauek jartzen baititu erosi nahi dutenentzat: «Begoña Arregi. Villa Eguzki Alde. Andoain», eta «Gabriel Aresti. Alcázar de Toledo 4 16-2 °. Bilbao-12» [354].
Urte honetan, irailean, Borja ingeniariak Gabrielen «Martxoko oilar gorria / inundik ez etorria, / gozeak arintzearren / judu batek igorria», aitatzen du Anaitasuna-n [355]. Hauxe izan zen, hain zuzen, Gabriel Arestiren lehen aipamena gure Anaitasuna-n. Borjaren ustetan behintzat, koplak marxismoaren etorkizunaz baduke zerbait zerikusirik. Hil berean, Lur etxeak Euskal Olerti 69 argitaratzen du. Liburu hauxe izan zitekeen Arantzazuko biltzarraren ondorengo «manifestua» [356]. Manuel Maria galiziar poeta, pentsalari eta kantariak, azkenez, «gran poeta de Euzkadi» deitzen dio, berak grabatutako disko batzuk bidaltzen dizkionean.
[346] SAN MARTIN, J.: «Egunetik egunera» in ZERUKO ARGIA (1968), V.19ko 5ean.
[347] ETXANIZ, N.: «Txomin Agirre Saria» in id. VI .9ko 3.ean.
[348] Conf. EUSKERA. (1968), XIII.293.ean.
[349] «Resumen de la disertación de Don Gabriel Aresti sobre la figura de Barrutia» in EUSKERA (1971).
[350] SAN MARTIN, J.: «Teatro Zaarra» in EGAN (1969), 1-6.105.ean.
[351] BASABIL: «Sergio Vilar eta gure literatura» in ZERUKO ARGIA (1969), III. 30ean.
[352] Ik. hileta elizkizunei buruz, ATXAGA, B.: «Aresti eta bere inguru zaila» in Gabriel Aresti Symposiuma, Bilbo, 1999.
[353] 1969ko azaroan Habanatik bidaltzen dion Inquedo latexar delakoaren dedikatorian.
[354] GEREÑO, X.: «Salgai dago Txillardegiren Elsa Scheelen» in ZERUKO ARGIA (1969), VIII.17ko 2an.
[355] BORJA, A.: «El Corte Inglés eta Neskak» in ANAITASUNA (1969), 69. IX. 30.2an.