Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Teatro-lanak eta kritika
Nerea Aresti, lehen alaba, 1961eko agorrilaren 31n jaio ondoren [111], irailean «Toribio Alzaga Teatro-Saria» irabazten du. Irigoienek garaiz informatu zuen: «1961-garren urterako ipiñita zegoen "Toribio Alzaga" teatro-saria emateko izendatu zan batzarrekoak bildu dira eta ago batez erabaki dute: Mugaldeko errian eginikako tobera izeneko teatro-lanari "Toribio Alzaga" saria ematea. Begiratu da egillea nor dan eta Gabriel Aresti dala ikusi da. Eta jakin dedin, agiri au bete eta firmatzen dute 1961 iraillaren 22-an. Luis Michelena, Antonio Arrue, Aita Villasante O.F.M.» [112].
Alzola jaunak notaxo bat bidali zuen Herria-ra, orduan ezagutzen zen euskal astekari bakarrera [113], Gabriel Arestik teatro hau Egan-en eman zuenean, sarreran jartzen zuena: «Gabriel Aresti bilbotarrari emana izan zaio "Toribio Alzaga" teatro saria. (...) Hamasei ikusgarri bazituzten jujatzeko A. Arruek, L. Mitxelenak eta A. Villasantek, eta Arestiren lana dute hoberenetsi (...) Ez da zaharzale baina berrizale, eta euskuara bizia darabila, batere garbikeriarik gabe. Ideiak ere arras oraikoak ditu, nun ez diren biharkoak edo etzikoak (...) Euskalzain urgazle gazteenari gure goresmenak» [114].
Teatro sari honen berri Egan-ek berak ere eman zuen. «Indar eta nortasun aundiko idazle bezala ezagutzen da euskal-letretan eta euskal poetarik onenetariko bezala» Aresti kontsideratuz [115].
Ez ziren iritzi berekoak guztiak. Gabriel Arestik berak, hil aurretxoan, zera adieraziko du: «La obra con que me inicié como escritor fue Tobera..., que publiqué en mil novecientos sesenta [116], y es ya en esta fecha cuando comenzaron las críticas reaccionarias contra mí, que fundamentalmente partían de posiciones ideológicas de la anteguerra. Fue La Gaceta del Norte, de Bilbao, la que inició esta serie de críticas, acusándome, entre otras cosas, de plagiar a Víctor Hugo» [117].
La Gaceta del Norte-n Arruza jaunak egin zion aurreneko kritika: «Desprecio del léxico y la sintaxis del vascuence en una premiada obra teatral» izenburuaz, argitara eman zituen bi artikulu [118].
Eguileor jauna, laudiotar garbizaleen taldekoa hau ere, zital haserretu zen: «¿Dinero vizcaíno [119] para eso? Ya tenemos dicho que la Caja de Ahorros Vizcaína había puesto en manos de la Academia de la Lengua Vasca determinadas cantidades para premiar la mejor obra teatral. Y sugeríamos que esas obras deberían estar escritas en dialecto vicaíno, ya que los premios procedían de dinero vizcaíno». (...) [120].
Ondoren, «erdarakada» batzuen berri eman Arestik Mugaldeko... teatroan egin zituenak, eta jarraitzen du: «Escribir, publicar y premiar tal cosa no tiene calificativo, pero sí hemos de hacer constar, para que el pueblo euzkaldun lo sepa, que autor y jurado pertenecen a la Academia de la Lengua Vasca y siguen sus directrices, "depurando" y "embelleciendo" así la lengua vasca».
Arruzaren artikuluei ihardespena Gabriel Moral, Iñaki Aldekoa eta Juan J. Zabalak, «hirurak euskeraren amoreagatik, Espainiako prisondegietan egonak» izenpetzen zuten «Arruza eta Aresti» titulupean agertu zen Herria aldizkarian, «Mugaz harainditik» sailean [121].
Gabriel Arestik Hierro egunkarian eman zion ihardespena: «Todo el trabajo de este señor [122] (en otros aspectos quizá buena persona) va orientado a difamar, a tuertas o a derechas, el trabajo de la Academia de la Lengua Vasca, y particularmente su declaración de principios, por la cual nuestra primera autoridad idiomática define los criterios en los que hay que basarse para considerar si un término o un giro vasco es legítimo o no» [123].
Gabriel Arestik sinadurako E. horren gibelean Trifon Etxebarria ostentzen zela uste zuen: «(...) bien pudiera ser un Echevarria cualquiera» esan ere egiten du. Eta amaitzen: «Invitemos a los redomados transfuguistas de la denominación que editan estos desequilibrios a que escriban en vasco y se dejen de teorizar».
Trifon Etxebarriak gauza haiek guztiak zehatz dakizki, baina «viviría él y redactaría con detalle el desgraciado incidente que tuvo lugar en la estación de Laudio por culpa de un escrito denuncia que Aresti escribió en el diario del Movimiento "Hierro" y en el que se refería a la mecánica que empleábamos para poder publicar unos cuadernos y cuya mecánica él conoció por habérsela explicado yo» [124], eta ez digu gehiagorik azaltzen.
Atal hau bukatzeko, Arestiren teatroaren balioaren ezaugarri bezala, Jon Etxaideren azken orduko informazioa ematen dugu: «Beste batean Aresti eta biok Euskaltzaindiaren teatrogintza lehiaketa batera aurkeztu genituen gure lanak. Aresti'k, Mugaldeko herrian egindako tobera presentatu zuen eta nik Begia begi truk, Bereterretxe Zuberotarraz egindako antzegintza hiru egintzatan. Baziren gehiago ere: Antonio Labayen eta Jazinto Karraskedo Olarra, besteren artean. Toribio Alzaga Saria Aresti'ri eman zitzaion. Mahaiko bat Mitxelena izan zen eta beronek esan zidanez Aresti hautatu omen zuten, teatru berriaren teknika berak bakarrik jakin zuelako erabiltzen» [125].
[111] Arestiren azalpenak bataio eta izendatze honi buruz: «Bataiatu, Kordoban parroko dagoen nire lagun on eta apaiz euskaltzale sutsu Martin Arrizubieta jaunak bataiatu zidan. Euskal izen bat imini nahi ukan nuen. Elizan eztago eragozpenik (gehienetan), baina juzgatuan eztute uzten, ezin liteke. Zer egin? Maiatzaren eztakit ze egunean San Nereo ahaztu bat dago; haren andre-izen erderazkoa Nerea da, ta badakizu zer esan nahi duen honek euskeraz». (1961.IX.21eko karta Tauerri).
Autozitatu egiten den «Gabriel Aresti zorioneko edo zoritxarreko hori baldin badago, mesede bat eskatu nahi diot hemendik. (...)» dio Kepa pertsonaiak komedian ere (Beste mundukoak eta zoro bat), aitatzen du izenen joko hau Aita San Nereo pertsonaiak: «Baina egunen batean, euskaldun gurasoak "Nere" izenarekin hasi ziren beren neskatoak bataiatzen; euskal izen propio bat jartzen zioten, ni zeruan nagoen aitzakiarekin».
[112] EUSKERA (1961),VI.356.ean.
«Nik esango neuke Aresti, antzertian, bere ustez hutsune nabaikor bat bete nairik sartu zala, bide barrietan. Niretzat bere lanik klasikoena "Tobera" da. Erri eta oitura kutsuz egiña. Nire ikusbiderako, bizitasun pixkat falta dau. Baiña ez ete dira giro bardintsuko pasturalak eta abar?» idatzi du Zubikaraik (ik. Bilbok bere seme prestuari..., 103an).
[113] HERRIA, 587. alea, aurren orrialdean.
[114] Ikus in EGAN (1961), 4-6.262.ean. «Gogoratzen naiz Alzolak ohartxo bat egin eta bidali niola P. Lafitteri, sari bat irabazi zuenean, eta Herria astekarian eman zuen, lehenengo orrialdean, buru-buruan... Asko estimatu zuen Gabrielek eta beti gogoratu da ohartxo aregaz». (1975.VIII.30eko kartatik).
[115] EGAN (1961) 4-6.308an. «Obra publicada el mismo año en San Sebastián y estrenada el corriente en Hernani» irakurtzen da Euskal Harrian. Bilbo, 1967, 168an.
[116] Saria eman ziotela esan nahi du, nonbait.
[117] TRIUNFO (1975), 666. alea, 44.ean.
[118] LA GACETA DEL NORTE (1962), maiatzaren 27 eta 30ean. (Ik. Arruza honen azken aipu bat in «Est, Est», Euskal Harrian).
[119] Bizkaiko Aurrezki Kutxaren dirua, esan nahi da.
[120] In La Agricultura en el País Vasco. 1972, 32an.
[121] MORAL, Gabriel et alii: «Arruza eta Aresti» in HERRIA (1962) XI.22 eta 29an. Bigarren atalean, hiru autoreon helbideak ere ematen zituzten, oso-osoan: Bilboko García Rivero, María Díaz de Haro eta Alameda de Urquijo, hurrenez hurren. Gabi del Moralek harro-harro erakutsi zizkidan bion fotokopiak, Deustuko Unibertsitatean grekera ikasten ziharduenean, 1975ean.
[122] Aipatu artikulua «E» firmaz izenpeturik zegoen.
[123] HIERRO (1962), ), V.23.
Argitasun gehiagorako, ikus: IKASLE: El vocabulario Euzkeriko. 1960. (Gráficas Llodio). GEU: «Critica de Historia de la Literatura Vasca del P. Luis Villasante OFM», in En defensa de la Lengua. Gráficas Ellacuría. 1962. IKASLE: «Al habla con el Sr. Aresti» in En defensa de la lengua.
T. Etxebarriak esan bezala, Arestik, garai hartan, beste artikulu batzuk ere argitara eman zituen Hierro-n, (14 Arestik berak Tauerri diotsonetik).
Hierro-ko jardunaldiez, Gabriel Arestik: «Nere herrikideen pentsamentu meharra zabaltzeko asmoarekin hamalau artikulu eskribitu nituen hemengo falanjist eguneroko batean, bertatik despedida eman zidaten arte. Nere aburuak eta iritziak deklaratzen nituen bertan, xeheki eta xinpleki, nik beti egin dudan bezala, inor mindu gabe asmoa gabe, baina inor mintzearen bildurra gabe. Hango iskanbilak, istiluak, erriertak eta sesioak. Bilboko erreazio guztia nirekin sartu zen, buru-belarri; Diputazioko batzar batean nire izena entzun zen batere amoriorikan gabe eta asuntua azkenean gobernadorearen despatxuan erabaki zen, zorionez nere kalterik gabe. Erdal erreazioak txarki tratatu ninduen, baina are txarkiago euskal erreazioak. Gure lege zaharren kontrako ielkideen eta "euskotar" Kristorik gabeko kristau katolikoen deiadarrak fuerte altzatu ziren, nere belarriak eta zentzu ona gortu arte. Eskerrak ematen dizkiot Jaunari neregan euskerarenganako amodio hain sakon eta bortitz sartu zuelako, osterantzean nere baitan epeltasunik apurrena egon balitz, dudarik gabe eta erremediorik (?) nuen euskal alorra oraingoz arbuioz abandonatuko. Baina... euskaldunek dute errua eta ez euskerak. (1962 urteko Abenduaren hamaikan. Norbert Tauer jaun agurgarriari»).
Hauetariko bat «El traidor Ugarte (Apuntes para un drama shakespeariano en torno a las Juntas de Guernica)» da, 1966.V.19an argitaratua, Sagarminaga historiadorearengan oinarriturik, «Estanco de la Sal» delakoak sorturiko matxinadaz, Aiorabide eta gainetikoen plaza publikoan urkatzeaz, «con lúgubre silencio y terror de la muchedumbre». Gai bera darabil «Aiorabideren ausentzia» testuan, Harrizko Herri Hau poemategian argitaratu zuena.
[124] 1975.VII.3ko kartatik.
[125] 1975.X.2ko kartatik