Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Harri eta Herri. 1964
«25 bake urte» ospatzen zirenean, eta Gabriel Arestik hogeita hamaika dituela, Harri eta Herri ematen du argitara [160]. Juan San Martinen esanetan, beronek lagundu zion Itxaropena etxekoengana. Ez omen zegoen etxe bat bera ere liburu hau argitaratzeko prest. Baina, azkenez, Itxaropenako Sabin Unzurrunzaga konbentzitu zuten eta Itxaropena «Bilbon den kalerik mehar-murritzena» errealitatez jantzi zen, gerra ondoren euskal letrek ezagutu duten libururik eraginkorrena publikatuz.
Tituluari bagagozkio Gabrielen poesigintzan hainbestetan agertzen den harri hitz honi, alegia, bada Jorge Oteizaren influentziarik ikusten duenik: Oteizaren uste intuitiboetan, euskal gizona harri-aroan heldu zen bere gizatasun osora. Gauza ezaguna da, bestalde, Arestik eta Oteizak garai hartan izan zuten adiskidetasun mina [161]. Jorge Oteiza, behin, gaixotasun gogorrez ohean zetzanean, dei egin zioten Gabriel Arestiri, arren, haren etxera agudo hurbil zedin. Joan ere Gabriel eta Juan Mari Aresti joan zitzaizkion, trenez. Ikus daiteke, gainera, adiskidetasun horren frogagarri, Arestik Mailu Batekin, Egan-en separatan, publikatu zuen Oteizaren karta.
Hirugarrenez Harri berba tituluan atera aurretxoan, honela mintzo zaio Luis Mitxelenari: «(...) mi próximo libro (...) motivado por mi litofilia se llamará Harrizko Herri Hau» [162]. Hernaniarrei azalpen hauxe eman zien: «Euskera harri bat da. Baina euskaldun klase hori itoginaren parekoa da, eta urteen buruan, mendeen eta mendeen buruan, ur tantak harria jaten du» [163].
Celso Emilio Ferreiroren Longa noite de petra liburuaren influentzia ere ikusten du Juan San Martinek. Prologoa egiterakoan hori esatekotan ere egon omen zen, baina gure poetarik berri eta promesgarrienari orijinaltasun hori ez ukatzea erabaki zuen.
Euskaldunok harriez metaforizatzea ez da, bestalde, hain ezezaguna. Miguel Hernándezek «vascos blindados de piedra» deitu gintuen, eta Arrese Beitia otxandiotar foruzaleak behin eta berriro erabiltzen zuen harkaitzaren tropoa euskaldunok signifikatzeko. Gabriel Arestik berak, azkenez, inoiz esan zuen, behin Abadiñoko Salbatore ermita-aurrean hamabi herriak beste hamabi harriz ordezkatuak, zirkuluan, ikusi zituenean, otu zitzaiola metafora hori, titulu paronomaxikoa borobilduz.
Urte honetako apirilean, Juan San Martinek Zeruko Argia-n publikatzen duen «Bearrezko gaurkotasuna» [164] artikuluan, Harri eta Herri, laster publikatuko dena, irakurri berria duela adierazten du. «Ez du lotsarik beste izkuntzetakoen aurrean» zioen, eta arrazoitzen: «Arnasa berriak dakarzki izkuntza zarrari, (...) gaurkotasunez jantzita dagoalako».
Esan dugunez, Juan San Martinen prologoaren hasieran «Aresti ezaguna» dela esaten zaigu, baina «ez ditu iritzi guztiak bere alde». Edozelan ere, «aize berriak dakarzki euskal poesiaren erresumara», eta «zenbat dira beste orrenbeste ematen dutenak?» galdetzen du. Badaki San Martinek zergatik ez datorren bat jende asko: «Uskeritik uskerira utsean» dabiltzalako. Prologistak ez du ontzat ematen Lizardi eta Orixerenganako dagoen menpetasun antzu hori, «garai bakoitzak berea eskatzen» baitu.
Arestirengan nabaritzen diren eraginei begira hasita, Pablo Nerudaren Canto General, Blas de Otero eta Gabriel Celaya begiztatzen ditu.
Euskaldun berri honen hizkuntza maisuak Altube eta Barandiaran omen dira: «Bata Erderismos-gaitik eta bestea Eusko-Folkore orriengaitik. (...) Ta, nere aburuz izan ditu beste maixu batzuk ere, auek lirake gure idazle zaarrak. Axular, Leizarraga eta Etxeberri buru dirala. Ta bere errikoitasunari, erri bat ezin diogu aukeratu, ezta euskalki bat ere».
Lan honek kritika asko izan zuen. Guztien, edo kasik guztien, aipamenak emanen ditugu, ordena kronologiko bati jarraituz.
Izan zuen kritikarik hoberena literaturaren eremutik zetorrelako, batez ere Mikel Lasak egin ziona da. «Seguru nago esaten zuen Lasaren luma finak Harri eta Herriren kontrarioak ere ez direla libratuko Arestiren influentziatik euren kritikak eta erantzunak prestatzen. Beraz nere iritzi hau idazterakoan kontuaren gaiñean nago, nere boz berezia ez dezadan gal.
»Beste arrisku bat ere ikusten dut, alegia, Harri eta Herriz mintzatzean, Arestiri buruz aritzea, haren gai berezia azturik. Ontan ez naiz segur ez ote naizen eroriko.
»Orain ez dut denbora galdu nai ideia arruntekin, bi arrixku hauek zer adierazten diguten esanaz. Gutxienez esan diteke egilleak personalitate aundia duela.
»Baiñan zergatik erabiltzen dut "arrixku" itza, esate baterako "ohoreren" ordez, idazle baten ahalmenaren ezaugarririk aundiena eragiteko indar ori dalarik? Lenen, nere laudorioak, naiz egiatiak izan, garrantzirik ez duelakotz. Beraz, sobera daudez. Bigarren, zeren iduri baitzait lurriñak goraipatu ez baiñan belztu egiten dutela Harri eta Herri poema, bere arritasunezko tankera ederrean. Irugarren, zeren egiazki sinesten baitut arrixku hoiek arrixku direla eta ez bakarrik egillearen nortasunaren adierazgarri. Lizardiren eta Loramendiren arrastoa gure egunotan oraindio ain nabarmen ikusirik, bildur dut Arestiren kutsuaz ez ote geran kutsatuko beste ainbeste denborako. Esan nai dut Aresti bat dugula, eta naiko ozen bere boza, milla poeta txikiren marmarraren bear izateko. Gaurko poesiak nai eta nai ez eskatzen duela Arestiren eta gizarte poesiaren tankera hau? Bai, bear bada, baiñan nik, egia esan, molesti pitin bat sentitzen dut, J. San Martinek bezela, ainbeste premiatzen nautenean gaurkotasun orretara. Ta ba dirudi San Martinek ainbeste maite duen aldaketa ortan gaurkotasunera saltoka ta besterik gabe irixten dela. Hau esatean, San Martinen kontra ez nago. Bear bada, bera baiño areago joan nai dut esanaz, gaurkotasun ori ez dela lortzen ideiak eta kezkak soillik erabilliaz, baizikan idaz-tankerak, estiloak ere gaurkoa izan bear duela. Nik ez nioke ideien gaurkotasunari jaramon sobera eginen, ezpanu Arestigan ikusten gure izkuntza gaurko izpirituaren moldeetara biurtzeko alegiña ta egiña. Lizardiren poesi mundua adierazteko balio ez badu Arestiren idazkerak, are gutxiago letorkioke Arestiren munduari Lizardirena. Ajola gutxi dio literatura baten aurrerapenerako egunean eguneko problemak arrotzen badira soilik, idazkerari alako jite ta biurgune berezi bat ematen ez bazaio. Sintaxia gora-bera (ez dut onetan deus ere ulertzen, ezpada jaiotzetik ikasi nuena), Aresti da lenen ausartu dena euskerarekin esperientzi apur hauek egitera, eta zorionez ez du uts egin. Arestik euskera bortxatu egiten du eta agian zenbaitetan min eman, ikusi baitu euskeraren gorputza gogorturik dagoela. Hemingway, Steinbeck eta Joyceren esperientziak gure izkuntzan egiteko daude eta haien maillara iritzi artio euskaltzale zintzo eta prestuak izango dute eskandalo geiago oraindik.
»Ideia haueri indar eman nai badiet, ez dut Harri eta Herriren funtsa gutxiesten. Arestik badu iada denok galdu dugun zerbait: egia esateko griña. Egia esateko amorrua galdu dugun ezkeroz, egia aulak, eguneroko egi-erdiak, aoz-ao uxaturikakoak soilik komeni zaizkigu. Gure estamu delikatuak bigarren edo irugarren maillako autore izpiritual iñozoak onartzen zituzten bakarrik. Eta euskal-idazleak ere bortxaturik zeuden euskaldun prestu ta zintzoen iduri serios eta demokratazalearen imitatzerat. Egia esateko, ez ginduzten diruz ortara bortxatu, baizikan moralaren prestijio utsez eta gure erriaren ohorea gordetzearren. Bitartean iñor etzan ausartzen gure badaezpadako kristautasunaren anbiguitatea, nobiziaduen aszetika dudakoa, euskaldunaren euskotasun beratua, euskeraren gizarte-egoera probetua, burgesen gutizia amorratua... argitara ematera. Hauek eta gaiñerako gaiak tabu izanik, metafisika utsa edo bertsoak egitera bearturik geunden.
»Bi era daude munduaren lotsa izkutua agerian ezartzeko: edo profeten moduan, aldarrika, ozenki, ukabilka egiak boteaz edo ezer esaten ez duenaren moduan, bere inguru-munduaren kontuak emanaz, kontabilidade bat eramaten den bezain serioski, zeatz eta inportik gabe. Oteiza euskaldunak Euskalerria salatzen badu, ez du gutxiago salatzen Kafka juduak. Geienbat, Aresti lenengo moduan mintzatzen da, ta ortarako eskubide osoa du. Alare baditu beste milla aurpegi ustegabeko, predikari aspergarri izatetik begiratzen dutenak. Ta ustegabeko joera hauek dira idazle onen alderik interesgarrienak. Arestik bere baitan daraman bufoiak eman bear ditu (ala espero dut) ustegabeko sustuak eta solasak. Lau kopla zuhurrak betiko esanak daude, baiñan gaiñerako bost eroak eman dezakete suma ere ezin dezakegun mundu berria... Ni bost kopla zoroen fruitu ugari eta ondo elduen esperoan geratzen naiz. Ez dut esan nai ezer borobillik lortu ez duela, baiñan etorkizunerako material ugari eta bikaiñak biltzen ari delakoan nago. Eta Arestiri sinesten diot "bere ordua ez dela oraindik allegatu" dionean.
»Arestiren gizarte-sentipenak ez du gaurko positivismo berriaren formalismoarekin zer ikusirik. Ta realismoari gogo onez eta borondatez amor ematen badio, idazle garaien nihilismoa ere bere izaeran erroturik somatzen dut. Emen dago, nere ustez, Arestiren alde izkutu ta aberatsena. Ez nintzake batere arrituko egunen batean, luzaro gabe, Hikmet eta Joyceren tartean ikusiko bagendu. Baiña hau, bear bada, aruntzegi joatea da» [165].
Lasak begiz jo zuen Arestiren berritasun hori laster begiztatuko du Arbidek ere: «¿Nola gauden euskal literaturan? galdetzen zuen Zeruko Argia-n [166]. Edertzen eta umotzen goaz. Ingurukoekin aldendu ezkero, berriz, atzeratuta. Arrazoiak dauzkagu. Onatx indartsuenak: laguntzik eza ta erreztasunaren palta. Txillardegi, Aresti ta pamilikoak arrotu digute zertxobait zaharraren zaharrez iltzera kondenatua zegoen gure kultura». Eta aurreraxeago «Arestiren zirikada esnagarriak» aipatzen ditu berriz ere.
Hilabete geroago, Arritokietak berdin antzera dihardu. Luis Mari Mujikaren aurkezpena egiterakoan, Arestiren eskua nabaritzen du: «Entzun detanez, Españin Machado, Dámaso Alonso, Vicente Aleixandre, Azorín, J. R. Jiménez... oso ezagunak zaizkio. Paul Claudel, Bernanos, Elouard eta... biziki maite omen ditu. Eta zer esanik ez Aresti, Txillardegi ta saillekoak. Izan ere, ba-dirudi auek danak ezkontide dituela eder-ideolojiz, itxuraz beintzat» [167].
Baina uste guztiak ez ziren era berekoak. Oraingoan ere Bilbotik dator aurkakoa (ala ez?), kronista baten eskutik: «Bilbao. Harri eta Herri izeneko poema argitaratu barriak egundoko zalaparta itzala atara dau uri onetako euskaltzaleen artean. Txoko guztietan euskaltzaleen iruzkiñak etengabeak dira. Kritikak, bai aldekoak bai aurkakoak, ez dira falta. Baten batek beste poema txiki batez egin dautso kritika Kuliska Sortako oneri. Eguneroko esamesak egillearen inguruan dabiltz. Giro ederra dago gure uri nagusian. Bere elermenez "eskola" egin ei dau idazleak. Laster agertuko dau beste gazte batek poema berri bat, izen onegaz: "Arro ta ero"... ta biraorik gabe. Etar J. A.» [168].
Aste biren buruan, firma gabeko editorial antzeko bat agertu zen astekari berean. Etxebarriaren kronikari emaniko arrapostua dela dirudi. Begien bistan jartzen du, lehen-lehenengotik, liburu honek izan zuen arrakasta: «Olerki-bilduma onek Euskalerrietan griña-ekaitza arrotuko du eta "erantzunen" bat bidean omen du. Gure zenbait irakurlek, liburu au gure epaimaira ekartzeko eskatu digute, ta bat baiño geiago izango dira guk idazti ori madarikatu dezagun zai egongo diranak ere. Ala ere guk eztugu madarikatuko.
»Gure Euskalerria madarikatzailez betea dago, baiña asmatzaillez eta eraikillez oso urri gabiltza. Ez, guk ez degu madarikatuko Arestiren liburu au; bertan gauza on asko aurkitzen baitira». Editorialistak «liburua gogo onez irakurri» du, eta argudiatzen zuen: «Zoritxarrez ezer esaten ez diguten idazle askoren lanak irestera beartuak bizi gera». Honetan, Mikel Lasaren kritikarekin bat dator: «Gure gizartearen puzuloak ateratzen dituzten gaiak aitatzea, naiz gure arteko zuzendu bearrak dirala, naiz zabalduak ditugun gaitzak sendatzeko esan bear dana dala, askoz saillagoa da». Eta hitz hauekin bukatzen zuen: «Gure gaitzak ateratzen dakiten auetakoak, bear-bearrezkoa ditugu» [169].
Gorriz azpilerrotzeko baieztapena: «Gure Euskalerria madarikatzailez betea dago, baiña asmatzaillez eta eraikillez oso urri gabiltza».
Astebete beluago, beste editorial bat ematen du donostiar okendotarrak «Euskal Literatura bizi da» tituluarekin [170]. Nik ez dakit zergatik, baina lan hau egin zuena ez zen literatura zale bat. Trentoko Kontzilioan, latin gutxi jakin arren, gauza jatorrak esaten zituen halako hari gertatzen zitzaiona gertatzen omen zaio Arestiri: euskara ondo ez dakien euskaldun berria da, baina gauza santuak esaten ditu. «Ta zer esango degu aren Harri eta Herri-ri begira?» galde egin ondoren, jarraitzen zuen: «Bi gauza esan ditezke. Lenbizi, idazkera orrek ez du bizi luzerik izango. Erderaz ere, onen antzera ari dira Gabriel Zelaia eta Blas de Otero ta abar. Guztiok berri izan nai degu (...). Bigarrenen eragiña, idazkera orrek euskeraren saillera ekarriko duana auxe da: sozialistak eta komunistak kristauoi gizarte arazoan langilleekiko zuzentasuna sortu diguten bezela, Aresti ta onen lagunen euskereak, beste euskaltzaleoi erderatiko itzak botatzeko geiegizko lotsa kenduko digu». Editorialista konturatu zen, baita ere, Arestik batasunerako seinalatzen duen bideaz; baina «Geroko euskera ezta izango Aresti'rena, ez ere beste gaurko iñorena» iragartzen zuen.
Gorago aipatu dugun Etxebarriaren kronikari erantzun luzeagoa eman zion Joxe Azurmendi ez du mindu ez Arestiri asto deitzeak ezta erotzat jotzeak: «Baina ta biraoen hori? Nola ulertu bear dudan ez nago ziur» [171]. Azurmendik artaz irakurri du bere lagunaren liburua eta konklusio hau baino ezin du atera: «Ez dut iñor publikoki ta jendearen aurrean biraolari salatzeko zerarik aurkitu». Horregatik esanen du: «Gustatuko litzaidake, ba E'tar J. A.k banan banan seinalatuko balizkit». Azurmendi, baina, urrunago doa: «Iraiñik ez baiña maitasuna aurkitu dut nik liburu orretan Jaungoiko eta Jesukristo-ganako. Ez asko moduzko maitasun beraxka, biguinkeriazkoa. Militantearen amodioa baiño. Giartsua, zaintsua. Jainkoaren billa dabillenaren kantua».
Eta bukatzen zuen: «Anarteraiño, ta nire iritzian, Harri eta Herrin eztago biraorik, eta kalte baiño askoz gehiago espero dut liburu honetatik».
Astebete geroago, Arestik berak irteten die bidera kritikariei. Lehendabizikoz, literatura-zientziaren autonomia exijitzen du: «Nire liburua poesi-liburu bat da, eta alde horretatik juzgatu behar da haren balorea, haren bertute edo akats poetikoak seinalatu behar dira, eta ez besterik» [172]. Bigarrenez, Etxebarria kalumniadore eta maiseatzaile bezala salatzen du: «Juan Anjel Etxebarriak kalumniaren pekatua kometitu du». Gainera, eroa nor den medikuek deklaratu dute: «Bere erotasuna (Juan Anjelena), Mondragoeko zora-etxean probatu zuen». Eta bukatzen du: «Gaurko kritika labur hau amaitzera noa. Mikel Arruza eta Egia jaunak poema txiki bat atera du lagun artean, hain urri delako, niri irri eragiten didana. Baina haren gainean ez dut ezer esanen, Mikel Arruza jaunaren izenaz akordatu ere nahi eztutalako» [173].
Arestiren liburuak beste gerra ortografiko tematsua erakarri zuen euskal letretara. Eta hauxe dateke Gabriel Arestiren tragedia: h-aren arazoa, beste idazle batzuek sortua gure artean, berak pairatu behar izan zuen gerra honen alderdi eta samarik astunena. Pelay Orozko izan zen galdezka hasi zitzaiona: «¿Zergaitik sartzen dezute letra h zatar ori gure euskerara?» [174].
Aste bi geroago, Arestiren erantzuna «Fonema baten sinboloa» [175] da. «Euskerak ortografia bakar bat euki dezala nahi dudalako. Mila heterografia diferenteren esistentzia defenditzen dutenek euskal erriaren kontra lan egiten dute».
Ale eta orrialde berean, Irigarai jaunak arrazoi berdin xamarrak ematen zizkion. «Euskera-idatzi batasun aldera abiatzeko, obrak bear dira eta ez ele alferrik. Auzi hunetan iritzi zuzena emateko beraz, bai iparreko eta bai mendebal edo sartaldeko irakurgai on zenbait ezagutu bear» [176]. Irigarai jaunak aparteko konstatazio bat ere egin zuen. Honen ustez, «Ziberotik asi eta Bizkaiaraiño jende ikasiek, errezenik irakurtzen aal duten euskal autoreetatik bat, (h eta guzti) Aresti da, dudarik gabe».
Hala ere akademikoen arrazoi filologikoak ez dira nahiko indartsuak gertatuko eta Salarik burlak eta isekak eginen ditu Bilbotik igorriko duen kronikan [177], delako «h» horretaz.
Arestiren eragina, horregatik, ukaezina gertatzen da euskal literaturaren landa barruan. «Gazteak zioen Luis Mitxelenak joka omen datoz, (Aresti, Gandiaga, t.a.), eta izkuntzaren inguru ditugun ezpai biziak, auxe adierazten dute: euskera bizi dala, ta gazteak artzen ba-dute, biziko dala geroagoan ere» [178].
Pelay Orozkok publikoki barkazioa eskatzen dio Arestiri eta animuak ematen: «Yarrai ezazu zure bidea, bidurrik gabe, eta euskeraz ez jarduteko tentatzen ari zaizuten etsai beltz oyek, lenbailen, alde batera bidaldu itzazu, mesedez» [179].
Soloazpik ere mesedegarri ikusten du Gabrielen poema liburua: «Gabriel Arestiren Harri eta Herri batzuentzako txarto parau da aldrebeskeriak dagozelako bere liburuan; bañan bere olerki sozialak euskerari kezkadunagoa, ausartagoa izaten erakutsiko deutso, ta bera osoro bateotu gura bagerik, liburu ori komenigarria da gure literaturan estremismu gitxi ikusten dalako, ta neurri batean ontzat da olako korrienteak sortzea naiz eta eskandalua egin» [180].
Juan San Martinek «Nire aitaren etxea defendituko dut» poema poesia modernoaren etsenplutzat jartzen du Zornotzako Larrean Olerti-zaleen aurrean [181]. Aurrerantzean, eguneko poetak zitatzerakoan, Arestiren izena gogoratzea beharrezkoa izanen da: «Noiz adieraziko diegu zioen Karlos Santamariak poesia gauza serioa ta benetakoa dala eta gure Gandiaga, Aresti ta amaika orrelakoak, lan ederra ta baliotsua egiten dutela?» [182]. Izan ere, «Kuliska-Sortan, Aresti Gabirel'en Harri eta Herri (Kopla, ditxo, bertso eta poemak), sarata aundia atara daben liburua da», esaten zuen Ozerinjauregik [183].
Azkenez, Euskaltzaindiak Gabriel Aresti epaimahaiko izendatu, eta Juan San Martin eta Irigoienekin batera, 1964ko Domingo Agirre nobela-sariaren epaimahaia osatzen du [184].
[160] Itxaropena, Zarautz, 1964. Kulixka Sortaren 55. zenbakia. «(Kopla, bertso, ditxo eta poemak)» subtitulua darama eta ohar hau: «1963 urtean Tolosan Orixeren gorazarrean eginikako txapelketan lehen saria irabazitako lana, egilleak berak tajuturikako itzulpen batekin, eta Juan San Martinen hitzaurre batekin». Prologoaren aurretik, bere eskaintza zekarren. «Liburu honen azken asmoa Martin Maria Arrizubieta eta Larrinaga jaun erretoreari eta Josepe Azurmendi eta Otaegi frantziskano gazteari eskeintzen diet. Gainera, aurrenekoari bigarren parteko A, B eta W poemak... Antonio Arrue jaunari eskerrak eman behar dizkiot hemendik, hura izan delako nire kritiko bakarra. Erantzuna ematen diot euskera klaroa deitzen den poemarekin. Aingeru Irigarai jaunari, nire prekritikoari goraintzi bat». Beste poema batzuk Mitxelena, Lekuona, Ziriako Parraga, Rafael Castro, Peilhen, Gereziaga ahizpak, Julian Landajo, Basaldua, Vidal de Nicolás, Gregorio San Juan, Julio Maruri, Aurre Apraiz, Bladi Otero, Mikel Lasa, Jiménez Pericás, Sebero Altube, Mikel Barandiaran, Juan Mari Aresti, Darío Ruiz, eta Jurgi Oteiza jaun-andrei eskaintzen dizkie.
«Axularren gaineko ditxoak» zergatik eskaini zion Lekuonari galdetu diogunean, «neronek ere ez dakit diosku. Nik Arestirekin oso artu-eman gutxi izan nuan. Bañan, Axular aipatzen duan ezkero, ba det susmo, zergatik izan ote zitekean.
Bein batean, Euskaltzaindiakoak, Bayonatik edo Lohitzunetik ez dakit zihur nundik gentozela bera autoaren aurre-alkietan eta ni atzeko-aldekoetan deitu eta galde bat egin zidala det gogoan. Ba dakizu Labayen jaunak eta biok guk Axularren laugarren argitalbena egin genduala orain urte batzuek; eta argitalben aren aurre itzean nik, Axular´en, Salamanka´ko "itzalik gabeko" ipuia aipatzen dedala. Bidean gentozela, ipui ura aipatu zidan eta esan ere. Ageri denez, oso atsegiñez irakurria bide zuan argitalben horri nik ipini nion Aurreitza...
Orixe besterik ez det gogoan nik, Aresti zanarekin gai ortaz izandako autorik (...)» (1976.VII.28ko kartatik).
Harri eta Herri 1964.V.14an atera zen Itxaropena editorial eta inprentatik. 972 aleko tiradatik, 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 autoreari, 29 zentsura, deposito legal eta horrelakoei, eta besteok liburu-saltzaileei. (Itxaropenak Arestiri 1968.XII.23an emandako informetik).
[161] Oteizarekin izaniko harremanez, Sabina de la Cruzek ere jardun izan du: «Recuerdo también una exposición del escultor Jorge Oteiza en Gernika, donde pasaba algo que no entendíamos muy bien. Habían invitado a Oteiza a una reunión en Elantxobe y los que estábamos allí Aresti, naturalmente, yo y algún otro también queríamos ir, ¿por qué no? Debía tratarse de una reunión política muy importante, por lo que después he sabido, pero en aquel entonces no era más que "ir a la comida esa donde van Oteiza y Aresti. Ellos van, pues nosotros también". Debimos caer como una tormenta inesperada. Y llegamos así al año 1964. (...) En julio, siguiendo ya con este interés que en mí había despertado la lengua vasca, me invitaron a una excursión extrañísima, casi esperpéntica, utilizando la DKW de un amigo nuestro, José María Laso, que era además el conductor. Fuimos el Padre don Martín de Arrizubieta ya mayor y con una respetable barriga, Gabriel Aresti y yo. Fue un viaje muy raro. Primero fuimos a Irún, a casa de Oteiza así le conocí, de la mano de Aresti. Salimos ya de noche y como eran fiestas en Irún y Fuenterrabía no encontramos donde hospedarnos (...). (In Bilbok bere seme..., 72an).
[162] Ik. Artikuluak..., 1986, 170.ean (Mitxelenari 1970.XI.4ko gutuna).
[163] Ik. «Euskeraren izen poetikoak» in id., 91.ean, Hernanin egindako berbaldia.
[164] Ik. ZERUKO ARGIA (1964), IV.19ko 3.ean. «Harri» hauen sinbologiaz, eta Ferreiroren eraginaz, bada komentariorik: «Hortik harearen sinbolo eta metafora. Hau da, lehen irakurketa batean desertuarekin eta desolazioarekin lotzen bada ere, ezin ahantzi haren harri hautsia dela eta, beraz, Arestiren sinboloaren desintegrazioa, honez gero ezaguna denez. Bilboko poetak harriaren bidez sinbolizatutako herri finko eta tinkoaren irudia ukatzen ari da Atxaga harearen bidez, nortasun nazional berezi eta bereizgarria daukalako irudi mitifikatuarekin apurtzen, eta baita Arestiren poesiaren atzean dagoen teoria nazionalista eta marxistarekin ere». Kortazar, Izagirre eta Apalategiren lanak aitatuz, eutsiz, zuzenduz..., beti ere Jon Juaristiren teoriei jarraiki. (Ik. AZKORBEBEITIA, Ahizpea: «Hamaika hitz Bernardo Atxagaren unibertso metaforikoaz, eta bat gehiago» in EGAN (1999) 3-4, 41-68). Ikus, bestalde, Arestiren beraren azalpenak harri honetaz jarraiko atalean.
«Aitaren Etxea» delakoaz berba egiteko, kontu izan behar da Francoren diktadurak Bilbon zeukan José Macián gobernadore zibilak agindu zuela, 1960ko abenduan Sabin Etxia harrotua eta desegina izan zedila. Gabriel Aresti ehun metrora bizi zen, Barroeta Aldamarren: jarraiko endekasilaboak idatzi zituen (gaztelaniaz, geroago euskaratzeko), batzuk «a minori», besteak «a maiori». Azkena irregularra da, harean.
Desagravio ante las ruinas
de Sanbinetxe en Albia
...
quisiera estar hablando todo el día,
quisiera estar hablando todo el año,
para decir quién eres, quién has sido,
y que lo sepan todos, capitán,
Sabino Policarpo Arana y Goiri,
no enmudezca jamás la voz que el pueblo
me pusiera en los labios, por cantar
la ruinedad del gobernalle roto,
la mudedad de los castaños altos,
la solidez de piedra del palacio
y la antena (no cruz) del viejo templo...
Sabino Policarpo Arana y Goiri...
padre mío... me escuchas...? óyeme...!
Albiako Sabinetxeren hondamendien
aurrean irain-garbiketa
...
egun guztian egonen nintzake mintzatuz,
urte guztian egonen nintzake mintzatuz,
esateko zein haizen, zein izan haizen,
guztiek jakin dezaten, kapitaina,
Sabino Polikarpo Arana eta Goiri,
ez dadin inoiz mututu herriak
ezpainetan jarri zidan boza, kanta nezan
gobernailu apurtuaren hondamendia,
gaztainondo haltuen mututasuna,
jauregiaren harrizko fermutasuna
eta eliza zaharreko antena (ez gurutzea)...
Sabino Polikarpo Arana eta Goiri...
aita enea... aditzen nauk?... Nanzuzu!
«Aitaren Etxea» lur gainean laututa ikustea negargarria gertatu zen. Aitaita negarrez ikustean, harritu egin zen iloba Jon Juaristi: «Todavía hoy me pregunto de dónde sacó el régimen a semejante acémila». (JUARISTI, J.: El Bucle Melancólico. Madril, 1997, 347.
Ez zuen poema hau Arestik inoiz argitara eman. Argitasun gehiago, ARESTI, G.: «Antolojia Laburra» in EGAN (1982), 1-6. 13. eta j. San Martinen edizioa; eta bertsio luzeagorako, ik. ARESTI, G.: Poesia argitaragabea..., 1986, 136. eta j.). Ik. 496. oharra.
[165] LASA, M.: «Liburuak» in EGAN (1964), 1-6 (161-163. orrialdeetan).
[166] ARBIDE: «Bide-Giroak» in ZERUKO ARGIA (1964) III.22ko 3.ean.
[167] ARRITOKIETA: «Euskeran aide berriak» in ZERUKO ARGIA (1964) IV.26ko 3an.
[168] Etar J. A.: «Arro ta ero» in ZERUKO ARGIA (1964), VI.7ko 2.ean. "Etar J. A." Juan Anjel Etxebarria santurtziarra da, Orixeren latin gramatikaren argitaratzailea, Fedro, Catulo, Ciceron, Esopo... eta hainbat klasiko grekolatinoren itzultzailea. San Antongo katekesian argitaratzeko: «txoko guztietan» dioenean, San Anton, don Klaudio Gallastegi barne... uler liteke. Ik. 173. oharra.
[169] «Harri eta Herri» in ZERUKO ARGIA (1964), VI.21eko 3.ean.
[170] Ibidem (1964), VI.28ko 3an.
[171] AZURMENDI, J.: «Gabriel Aresti, poeta, arro, ero,... ta biraolari?» in ZERUKO ARGIA (1964), VII. 12ko 3.ean.
[172] ARESTI, G.: «Harri eta Herri (kritika batzuen kritika)» in ZERUKO ARGIA (1964) VII.19ko 3.ean.
[173] Etxebarria Arrasateko gaixo-etxean internaturik egon zen, zorionez ez luzarorako, berberak artikulu hunkigarri bezain salatzaile batean azaldu zuenez: ETXEBARRIA, J. A: «Mondragoeko Zoro-Etxea» in ZERUKO ARGIA (1964), X.4ko 6.ean. Arruza jaunaren poema «urri» hori Arestik berak publikatu zuen in Mailu Batekin. Donostia. Egan-en separata (1964) 3-4.etan.
Arestik Lauaxetaren eskolako poetatzat zeukan santurtziarra. Ik. 215. oharra.
[174] PELAY OROZKO, M.: «Euskaldun bakoitzak bere eskola» in ZERUKO ARGIA (1964),VII. 12ko 4.ean.
[175] ARESTI, G.: «Euskararen ortografia eta Pelay-Orozko jauna» in ZERUKO ARGIA (1964), VII. 26ko 4.ean.
[176] IRIGARAY, A.: «H letra zatarra» in id. id.
[177] SALARI: «Barriketak "H" dala eta eztala» in ZERUKO ARGIA (1964), IX.13ko 2.ean.
[178] «Espelunca´ko billera Donostian» in ZERUKO ARGIA (1964), XI.1eko 8an.
[179] PELAY OROZKO, M.: «Olerkariaren bide bakarra» in ZERUKO ARGIA (1964) XI.22ko 3.ean.
[180] SOLOAZPI: «Gaztetzen ari gera» in ZERUKO ARGIA (1964), XI.29ko 3.ean.
[181] Ikus in OLERTI (1965), I-II. 3-14.etan. (Ik. 146. oharra).
[182] SANTAMARIA, K.: «Laño artean» in ZERUKO ARGIA (1965), I. 3ko 3.ean.
[183] OZERINJAUREGI: «Euskal-bibliographia, 1964» in ZERUKO ARGIA (1964), I.24. 13.
[184] Conf. in EGAN (1964), 1-6.181.ean. Txomin Peilleni eman zioten lehen saria, beronen Gauaz ibiltzen dana nobelari. Publikatu zuenean, ale bat bidali zion Arestiri, dedikatoria honekin: «Gabriel Aresti adiskideari, ekin eta jarrai».