Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Soziolinguistika
Ni apaiz egin nintzenean (edo egin nindutenean, zeren eta apaiz obispoak Gurpide zenak nire kasuan egiten baitu), nire ideia «nazionalist razistengatik», Bilbo hegaleko errebal edo suburbio batera Etxebarriko San Antoniora destinatu ninduen Bilboko Kuriak.
Hemen, haragi-haragian ezagutu nuen inmigranteen mundua, filosofia politikoz baino gehiago existentzialki ikusten eta sentitzen nuela. Handik, «Bilbao hegaleko historiak» izeneko zenbait artikulu bidali nituen Zeruko Argia-ra. Hauetariko bat «Gehienak extremeñoak» zen. Ni bizi nintzen toki hura «apartheid» bat zela esaten nuen, erdaldun inmigranteentzat egina. «Baina amaitzen nuen ba dot esperantza. Eta aundia: euskaldun bat landatu da jende onein artean» [294].
Egigurenek egoera konprenitzen zuen, baina lana «zalla benetan» nuela esaten zidan [295]. Egiguren honentzat, niretzat bezala, «Barakaldo, Etxebarri... euskal herria da, ta hango jendeak euskaldunak ez badira, beste gertakizun oso luze (ez ditut orain kontatuko) batzuengatik da».
Halere, nik inork baino hobeto nekien hori euskalduntzea: nire lana, nire ofizio eta destinoaren arabera, kristautzea zen! oso zaila zena... Egigureni, baina, Gabriel Arestik berak erantzun zion (nik ez nuen hura ezagutzen, ezta Arestirekin honetaz hitz egiteko okasiorik izan nuen). Eta haren eta honen artikuluetan nire izena ikusteak, inmigranteen arazoa plazara aterata zegoenez gero, poztu egin ninduen. Aresti gauza batez zegoen konbentzitua: «Etxebarriko San Antonio hauzoan bizi diren erdaldunen haurrei euskal eskola batera bultza eta obligatzea deretxoaren kontrako bide gabe bat dela. (...) Gaur egunean Bilbao, Etxebarri, eta Barakaldo erdal herriak dira. Hemen euskaldun batzuk bizi gara; gure haurrentzat euskal eskolak eskatu behar ditugu (ez hortik ikusten diren ikastola burgesak), hori izanen baita gure libertatea. Ukatzen dizkigutenak izen erreza dute. Baina kale arte honetan dauden erdaldunentzat euskal eskolak zabaltzea, eta bertara erdaldun umeak bortxatu eta behartzea, hori faszismoa da» [296].
Dudarik gabe, aurreregitxo joan zen, beti erronkaka. Dioen «faszismoaren» auzi hori ez zekarren politikarien eran, profeten hitz borobilez baino.
Garai hauetan edo, Julita Berrojalbizekin ere egona zen, beronen haurrak hark zuzentzen zuen ikastolan sartzeko. «Baina ezin dut hainbeste diru ordaindu... eta gainera PNVaren eskola batetan ene haurrak edukatzeko!», esaten omen zion.
Berrojalbizek, diruagatik bazen, konponduko zutela omen ziotson... Baina, kuestioa da ez zituela eraman. Karmele Rotaetxek esaten digunez, «harroegia» zen inoren diruarekin bere alaben estudioak pagatzeko. Diruarena, ordea, aitzakia baino ezin zen izan, Arestiren soldata ez baitzen ikastoletako haurren gurasorik gehienena baino kaxkarragoa.
Begiarmenek Arestiren artikulu hau estudiatzen duenean, arras ahazten du Gabriel Arestik ezagutu zuen ingurua. Juan San Martinek bazeukan honen berri eta zuzenketa hau egiten die Sei idazle plazara [297] liburuaren egileei: «Arestiren kontra nabarmenago agertzen da ganore gutiko salakuntza. Autore honen bizitza giroa behar bezala ez aztertzetik sortuak, noski. Bilbon, Bilboko giroan, euskaltzale, euskaldun-berri eta langileriaren alde, klase borrokak kezkaturik. Eta bere izakera gogoan harturik, nahasmendurik izan zuen Gabriel Arestik, erlejio aldetikakoak ere ez guti; baina euskaltzaleengandik zenbat zaplazteko eraman zituen? Guzien artetik, beren burua "garbizale" agertzen zutenak ez ziren hobeak izan. Hala ere nork ukatu aitaren etxea defenditu ez zuenik? Nik neronek izan ditut eztabaidarik aski, baina bere eragina inoiz ez dut ukatu, eta bere euskaltzaletasunik gutiago» [298].
Trifoik arrazoia baino ez zion ematen Arestiri, «Bilbaoko Euskal herritik» idazten duenean [299]. Honen ustez, etorkinek erdaldunek, alegia «edozein hizkuntza "de porvenir" bada, onhartuko dabe, eta euren umeentzat diru eta kategori geyago emoten deizan pozik-pozik eutsiko deutsoe». Denok gaude ados hau Euskal Herria dela esatearekin. Auzia «euskaraz ikastean» zegoen. Hau da, nola erakarri poeta batek hori baita Aresti jendea euskal alorrera? Gogora dezagun, berriz ere, 1960 eta 1975ean esan zituenak: «Hori izan behar du euskal poesiak: Gure hizkuntzaren, gure euskera deseatu honen, salbazioko taula» [300]. Hori 1960an. Oraintsuago: «De cara al porvenir del euskera sólo puedo manifestar mi deseo de que viva, y para eso trabajo y escribo» [301].
Baina Aresti profetak ez zituen neurriak gordetzen, eta Trifoirekin eta beste anitz euskaldunekin eraz aditu zitekeena, «Astos y astokillos» artikulu profetiko-esperpentikoan, auziari irtenbideren bat aurkitu beharrean, laztu eta mingostu egiten du. Eta, agian, ez arrazoi gabe, baina guztiz bortizki, exabruptoan legez. Uxolak geroago esan duenez, Arestik ez zuen ezer gordetzen, «leial jokatu» baino [302].
Artikulu horretan salatzen zituen «astakeria» guztiak deportearen desarrazoitzea, folklorismoaren mitifikatzea, euskaldun-fededun perpausa, Rh negatiboa edo «apillidutasuna»... guztiok gaindituak geneuzkalakoan geunden, baina giro hartan [303] ez zen hain gainditutzat eman.
Bi hilabete geroago berriz ere gai berberari heldu zion. Askok esan omen dio «Bilbaoko erdal herritik» ez zaiela gogoko gertatu. «Baina gezurra al da? galdetzen omen zien. Nik bertan esaten nuena, gezurra al da? Eta isiltzen ziren». Berriz ere, poesiaz gainezkako lerro batzuen bidez, Bilbo inguruko «erdaldun» erdaraz egiten dutenen errealitateaz mintzatzen da, zeinak euskal sentimenduei min egingo baitzien, gero esateko: «Nire artikulua inori gustatu ez zitzaiola konprenitzen dut, niri ere gustatu ez zitzaidalako. Nik ere hartu nuelako min. Gure egi murritza delako. Baina hobe da egiarekin min hartu, ezen ez gezurrarekin poz hartu» [304].
Gabriel Arestik ez du albo batera uzten bere bilbotartasun mingarri hori. «Aresti izan da, nik uste Luis Mitxelenak Bilbaok izan duen euskal boz edo eztarri bakarra. Besterik ere mintzatu da euskaraz, baina ez bilbotar gisa. Arestiren bilbotartasun hori, J. San Martinek ederki eman du arestian aditzera, da, bistan badago ere, hainbestek ikusten ez duena» [305].
Edozelan ere, «euskalduna izateko, euskeraz egin behar da» esaten zigun Arestik artikulu hartan. Beraz, inmigrante erdaldunok? Beharbada, «egun batean pozik joanen dirala erdaldun jende hoien haurrak euskal eskoletara? Auskalo», baina hori ezingo dugu egin derrigorrean, zeren «parada dugunean gure herri artean dauden erdaldun haur guztiak euskaldunduko ditugula, ez gaitezen harritu baldin erdaldunek gure haurrak erdalduntzeko pauso guztiak ematen badituzte».
Artikulu honen bukaeran lengoaia poetikoa erabiltzeko zorte txarra izan zuen nola egin hark, bestela?: «Aitor dezadan nik nire egia. Zororik nagoelako naiz euskalduna, eta gainera zororik egoteko eskubidea dadukadalako. Baina nire zorotasunetik, beste zorotasun horretara, lagun hurkoaren borondatea bortxatzeko zorotasun horretara, alde haundia dago».
Arestik, bada, bere «zorotasunean», bere libertate santuan, egin zuen euskaldun izateko aukera, eta horretan saiatu. Utopia modu hau Ángel Ortiz Alfauri Meaberen Alegiak eskaintzean agertzen dio: «A Ángel Ortiz Alfau amigo / compañero hacia las Españas / hacia las Europas, porque desea / mos algo mejor que Euzkadi, / que España, que Europa».
Batzuek, garai hartan, Juan San Martinek kasurako, «Etor hadi euskal herrietara» ziotsoten. Baina ez zen horrelakorik gertatuko. Aresti luziditate guztiaz kargutzen zen bere infernuko egoerarekin, eta egunetik egunera pairatu behar zuen bera euskara lantzen, liburuak prestatzen, hitzaldiak ematen, akademiako batzarretara joaten eta enbata guztiak sufritzen zituen bitartean, zelan bere ingurukoek senide, adiskide eta ezagunek ingelesa eta karrerak egiten zituzten, aziendaz eta diruz profitatzeko... Hauen artean zenbat «euskaldun garbi»!. Aresti mintzen zuena gizon hori zen, ahoz euskaltzalea agertu eta praktikan erdaldun zen gizon kanpae hutsala.
Beste behin ere gai horri heldu zion, nahiz oraingoan guztiz linguistikatik kanpo, historian zehar eta abiatuz [306]. Montero Sagastik erantzun ere egin zion, eta hor gelditu zen arazoa [307].
[294] ZELAIETA, A.: «Gehienak extremeñuak» in ZERUKO ARGIA (1967), II.12ko 3.ean. Bazen (baginen: maisu bat eta ni, kasurako) barne-inmigranterik ere, Arratiatik eta etorriak, Bandas, Basconia, Edesa.... eta abarretara lanera. Nukleoaren alboetan, horrez gain, baserrietan, Bilbotik ekialdera ateratzean diren lehen euskaldunak bizi ziren, eta dira: Jugo deritzen baserrietakoak, adibidez.
[295] EGIGUREN: «Arazo garbi bat» in ZERUKO ARGIA (1967), III. 5eko 7.ean.
[296] ARESTI, G.: «Bilbaoko erdal herritik» in ZERUKO ARGIA (1976), IV.2ko 3.ean.
[297] BEGIARMEN: Sei idazle plazara. Ed. Aranzazu, Oñati (Jakin kolekzioa), 1974. "Begiarmen" Jokin Apalategi Begiristain eta Paulo Iztueta Armendariz dira.
[298] SAN MARTIN, J.: «Sei idazle plazara kritikaren aurrez aurre» in HOJA DE LUNES DE SAN SEBASTIÁN (1975), X.6an.
[299] TRIFOI, T.: «Bilbaoko Euskalherritik» in ZERUKO ARGIA (1967), IV.23ko 3an.
[300] ARESTI, G.: «Poesia eta euskal poesia» in EGAN (1960), 3-6.166.ean.
[301] HARANBURU-ALTUNA, L.: «Gabriel Aresti» in TRIUNFO (1975) VII, 666.a., 44.ean.
[302] ARESTI, G.: «Astos y astoquillos edo aldapa behera arin baten azken pauso bat» in ZERUKO ARGIA (1967), IV.30eko 3.ean.
[303] «Felipismoaren» garaia zen. (Conf.: ORTZI: Historia de Euzkadi: el nacionalismo y ETA. Ed. Ruedo Ibérico, Paris, 1975, 320. eta j.).
[304] ARESTI, G.: «Azken hitz bat Bilbaoz» in ZERUKO ARGIA (1967), VI.11ko 3.ean.
[305] 1975.X.29ko kartatik.
[306] ARESTI, G.: «Hizkuntza eta herritasuna» in ZERUKO ARGIA (1967), VI.15eko 3an.
[307] MONTERO SAGASTI, J.J.: «Tudelako batek Arestiri» in ZERUKO ARGIA (1967), VIII.20ko 3an.