Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Ean
Gorago ere zerbait ikusi dugunez, 1973aren azkenerantz, Gabriel Arestik lanean baja hartzen du. «Fue visto por mí con fecha 18 diciembre del 73. Siento no poder decirle la enfermedad que padecía por el problema del secreto profesional, pero sí indicarle que era una afección al hígado. Fue, eso sí, un enfermo ejemplar en todo, haciendo el tratamiento médico con rigurosidad exquisita.
»Su enfermedad, por desgracia, era incurable y ante el gran riesgo de complicidad muy importante, se pensó en una actuación quirúrgica, y para ello le recomendé al Dr. Rey Baltar».
Hurrengo urtean Ean hartutako etxean ematen du uda. Abuztuaren 8an, Miguel Zubizarretak ikusten du eta 12an orientabide hauek ematen: «Le encuentro bien y me parece oportuno reduzca el Seguril y lo tome únicamente si la diuresis es inferior a un litro (...) medir diariamente la cantidad de orina emitida en las 24 horas. Llamar, si no hay novedad, a mediados de setiembre. Un cordial saludo» [516].
Miguel Zubizarreta honek Arestiren familia Arestiko kondearekin erlazionatu zuen eta Parisen badela ondo baino hobeto tratatuko duen sendagilea, joan-etorrien eta trataeraren kostuak eta azaldu omen zizkien, harik eta Meli Estebanek euron ahalmen ekonomikoen berri eman zion arte... Orduan esan omen zien bazela Basurtun ere sendagile eta osasun-ahalmen onik...
Dr. San Sebastián medikuak 1974.I.14an ikusi zuen, lehen aldiz.
Eara ailegatzeaz batera, Aresti komunista dela zabaltzen da herritarren eta udatiarren artean, bereziki bertako erretore izan zen D. Zirilo apaizaren adiskideen artean.
1974ko uda honetantxe idazten ditu «Ea-ko koplak», San Juan egunean, «Bernardo Atxagari» eskutitza, uztailaren 2an, «Enaden Begiak, Ea-ko "Ardi-Barik"-koei», urriaren 13an, «Josepa Mendizabal Zaldibian», (azken biak «Goikalean» datatuak) eta alabei euskara irakasteko metodoa, eta «Bernardo Atxagari» eskutitz hunkigarri hauxe:
«Bernardo Atxagari / Ean, 1974, Uztailaren 6-an. / Adiskide Irazu: / Egun, Bilbaon egon natzaizu, medikuagana joan naiz, eta bide batez lanera buelta bat eman dut. Guztiz nekaturik etorri naiz, baina bertan hartutako kartetatik zurea irakurri dut. Oraindik zure komediatxoa ez; lasaiago zaporatuko dut.
»Zure kartan erraten dizkidazun gauzetaz, ez dakit egiaz zer erran. Bakarrik ongi konprenitzen zaitudala, trantze hoietatik ni ere iragana naizelako, hoietatik eta are gaiztoagoetatik. Oraingo nire egoera ez da kanpaiak jotzeko, baina ez dakit zer demonio gertatzen zaion gizonari, haren sufritzeko kapazitateak ez duela mugarik ezagutzen. Mutil denboran infernuarekin mehatxatzen nindutenean, berdin erantzuten nuen berbera: "Ohituko naiz"!
»Orain Ean nago erretiraturik. Medikuek ia reposo totala agindu didate, eta klaro!, bizirik iraun nahi dut. Horregatik, oraingoz eta Urriak edo Hazila arte, lanari utzi diot. Zer eginen dudan, orduan ikusiko dut.
»Enegatik ez dit inporta; baina umeak oso gazte ditut (zaharrenak datorren urtean 13 beteko ditu), eta etorkizun bat merezi dute. Gainera guztiz argiak dira, talentua dute, eta bizitzean ongi jarri arte ez nuke faltatu nahi ukanen.
»Zure kartan erraten dizkidazunak "Profeta bati" eskribatu nituenak gogoratzen dizkidate. Baina niri gehiago iraun zidan, eta uste dut oraindik diraustadala.
»Zazpi egunetako gerran euskaldun guztiak zeuden israeldarren alde. Ni palestinoen aldekoa nintzela euskaldun gaiztoa omen nintzen. Anti-semita deitzen zidaten.
»Udazken hartan Lamentazioetako Murruaren aurrean zegoen kazbah palestinoa israeldarrek destruitu zuten bere buldozerrekin. Baina etxeak ez zituzten desokupatu. Beraz berdin joan ziren bertederoetara etxeetako paretak, nola zartaginak, lapikoak, umeak, gizonak eta andre ernariak.
»Amerikanoek bere gerrak berdin hasi dituzte. Espainolen kontra, Maineko aitzakiaz baliatu ziren. Lehen gerra mundialean Lusitaniakoaz, bigarrenean Pearl Harbour-ez; Vietnamekoan Tonkingo torpedo-ontziaz.
»Pearl Harbour-en existentziaz dudatzen dut.
»Panpinetako zer-eginaz ez naiz argitzen. Neure harridura guztiak aspaldian bukatu eta gastatu zitzaizkidan.
»Lehen egunean Dinamitako fabrikakoa aste honetan gertatu da Galdakanon. 18 hilen artetik bat zen heuskalduna. Gainerakoak andaluzak, estremeñoak eta gaztelaunak. Hala ere Martin Ugalderen Historia Vasca aste honetan publikatu da.
»Ion Mirande, ene lagun maitea gabon-gauean suizidatu zen. Eta hala ere, Zeruko Argian zeruko gloria deseatu diote. Hilotza errege-egunean aurkitu zuten.
»Baina, nik, oraingoz, ez dut hil behar.
»Datorren 10-ean Andoainen egonen naiz. Rikardori lore batzuk utzi nahi dizkiot bere bostgarren urtean.
»Literato on bat izanen zarela uste dut.
»Publikatzeko laguntza behar baduzu, eska iezadazu.
»Eta ez dakit zer gehiago. Bai, arrazoina duzula, mundua triste dela.
»Besarkada bat,».
Atxaga 1971-72 ikasturtean jarri zen Arestirekin harremanetan, asteasuarrak ohi duen dotoreziarekin historiatu ere egin duen legez: «Nire ibilera dela eta / Asteasun jaio nintzen 1951n, eta artean oso gaztea nintzela sortu zitzaidan irakurtzeko eta idazteko gogoa. Alde batera, etxeko giroa izan nuen alde; bestera, herriko kale nagusian eta eskola inguruan bizi genuena. (...).
»Nire gogo eta zaletasunak mehegi ziren, ordea, idazle bidean aurrera egiteko, eta ez nuen agian liburu bakar argitaratuko baldin eta, Bilbora joan eta unibertsitatean nenbilela, Anjel Zelaietak eta Gabriel Arestik nire antzerki lan ttiki bat Borobila eta puntua aintzat hartu izan ez balute. Baina, zorionez suerte oneko gizona naiz ezuste hura gertatu egin zen. Areago: Gabriel Arestik gutun bat idatzi zidan nire idazteko modua goretsiz eta "Euskal Herriko seigarren idazlea denboran" izango nintzela aginduz. Gaztea nintzen oso, hemeretzi edo hogei urteko, eta Harri eta Herri-ren egile ospetsuak ematen zidan haize hura nireganatu eta idazle bihurtzea erabaki nuen. Orduantxe jaio zen "Bernardo Atxaga" ezizena, eta orduantxe argitaratu nituen nire lehen lanak. Horregatik esan izan dut, zentzurik onenean esan ere, idazle bezala aberri bat dudala guztien artean maiteena, eta aberri hori Bilbo dela. (...).
»Badira hasiera hasieratik osatuta etortzen diren idazleak, bere ibilerari nobela edo poema sorta borobil batekin hasiera ematen diotenak; zoritxarrez nire suertea hain ona ere ez da ni ez naiz talde horretakoa izan. Hamar urtetik gora kosta zitzaidan nondik nora nindoan ulertu eta, Arestik berak behin esan bezala, "nire untzia menderatzea"».
Joan ere egin zen Rikardo Arregiren tonbara: «Ayer hizo 5 años de la muerte de Rikardo. La tumba estaba triste, muy triste, tan desnuda, tan desamparada. Las rojas flores que le dejé eran como una abierta herida en el corazón del euskara» [517].
Ean Miren Tere Benedito emakume abertzalearekin ezagutza egiten du. Beronekin hitzaspertu luzeak egin ondoren, euskara herritarraren egoera sinkronikoa ezagutzen du eta guztiz mira eginda gelditzen da, euskara literarioaren eta euskara hitz eginaren arteko bitarte handiaz kargutzen denean.
Hainbat itzulpen-lan egiten du. Silverio Cañada editorearentzat Asterixen itzulpenak prestatzen ditu (1976an Iñaki Beobidek nork itzuli zituen esan gabe zabaltzen dituenak).
Akal etxeak, Federico García Lorcaren Seis poemas galegos-en edizioa prestatzeko, euskal itzulpena egiten dio, ohar honekin: «Lorcac, poema intelectual batzuc scribatu cituen gailego intelectual batetan. Nic, ezagutzen dudan heuscararic intelectualenean jarri nahi ukan ditut, Leizarragaren heuscaran».
Jucar etxeak Castelaoren Nós emango duen euskarazko itzulpenak ere egiten ditu. Hurrengo urtean, 1975ean, Valentín Paz Andraderen Pranto matricial euskaraz jartzen du [518].
[516] Miguel Zubizarretak Angel Zelaietari 1975.X1.27an bidalitako kartatik.
[517] Ik. Bernardo Atxagari gutuna in ARESTI, G.: Artikuluak..., Susa, 1986, 176-177.etan; Rikardo Arregiren tonbakoa, Haranburu-Altunari 1974.VII.11n eginiko kartatik.
Atxagaren ibileraz, ik. OLAZIREGI, M.J.: Bernardo Atxagaren irakurlea. Zarautz, 1998, 5-6.etan. Atxagak Borobila eta Puntua argitara eman aurretik zenbait laguni utzi zion «jendearengandik zer eritzi jasotzen dauan ikusteko». (ik. ANAITASUNA (1972), VI.30.5ean).
Alabei euskara irakasteko metodoaz «(...) será un éxito por su originalidad y los resultados que por lo menos con mis hijas estoy consiguiendo» ik. Haranburu-Altunari 1974.VII.11n eginiko gutuna, in Artikuluak..., Susa, 1986, 180an.
[518] Ik. Asterixenaz ORTIZ ALFAU, Á.: «Aresti en la distancia» in ZURGAI extraordinario, 1979, 11n. Beroni erantzunez, San Martinek: «asterix komikiak eta g. aresti. Aurtengo apirilaren 12an, adiskide Ángel M. Ortiz Alfau-k "Miscelánea vasca" zeritzan artikulu bat argitaratu zuen Bilboko El Correo Español-en, beste zenbait gauzaren artean Gabriel Arestik Ediciones Júcar-eko Silverio Cañada-ren bidez Asterix-en obrak euskaratzeko eskabidea hartu zuela eta lanori zertan zen galdetuz.
Hara hemen zenbait ohar gai horretaz dakidana agertuz. Itzulpen enkargua hartzetik laster hil zen G. Aresti. Zenbait zirriborro prestatu omen zituen baina lanik apenas burutu zuen. Horietarik zerbait pasatu zen Jesus Mari Arrietaren eskuetara, argitaratzaile arduradunagandik. Ezin nezake ziurtatu itzuli zuen guzia ala parte bat. Baina Jesus Mari berak ezan zidanez, guti aurkitu omen zuen aprobetxagarririk eta goitik behera berriz itzuli beharren aurkitu omen zen.
1976-tik 1978-ra Goscinny-ren egiletzan, Uderzo-ren marrazkiz, Dargaud etxearen jabegopean Mas-Ivars Editores, S. L.ek, argitaratu zituen baina itzultzailearen izenik gabe, euskal itzulpenen jabe eta banatzaile bakartzat Iñaki Beobide. Argitaratutako liburuen izenak: Asterix. Buruzagien burruka; Asterix-en ibilaldiak; Asterix eta Kleopatra; Asterix Legionarioa; Asterix eta normandoak; Asterix Helvetian; Asterix galesa; Asterix eta godoak eta Asterix eta urrezko igitaia. 29,5 x 21,5 zm. neurrizko liburuxkak, 48 orrialdekoak, kartonez enkuadernatuak.
Uste dut argitalpenok ahituak direla. Dena dela, hori da eman genezakean argitasuna». (Ik. SAN MARTIN, J.: «Asterix komikiak eta G. Aresti» in EGAN (1986), 3-4).
Lorcaren itzulpenaz ik. GARCÍA LORCA, F.: Sei poema gailego, Arestik itzuliak. EGAN (1985), 3-4, 83-89etan (San Martinen edizioa).
Castelaorena Madrilen 1974an agertu zen, Buero Vallejok gazteleraz, Ricardo Salvatek katalanez eta Arestik euskaraz itzulia. Paz-Andraderen sei poemak, Arestik Uma-oncitik negarra titulupean itzuliak, Almeidak portugesez, Vallverdúk katalanez eta Viallariñok gazteleraz. Ediciós da Castro. Coruña, 1975.