Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Bladi Oterorekin
Bladi Oterok, Kubatik Yolanda Pinorekin etorri berria zenean, fama handiarekin eta dirurik gabe noraezean, Gabriel Arestiren etxea hartu zuen ostatu, pare bat hilabetez edo. Arestik elkarrizketa bat egin zion, eta Zeruko Argia-n publikatu 1966ko gabon ostean. Ez du berebiziko garrantzirik bere biografiarako, Bladirenarentzako baino. Baina interesgarria egiten zaigu datu hau jakitea Otero Kuban, SESBen eta beste zenbait estatu sozialistatan ibili berria baitzen. Garai honetan Eversen lan egiten zuen Arestik. Geroago, ikusi dugunez, Rocandiora joango da, baina han denbora gutxi egiten du, abuztuaren 16ra arte. Lehentxeago, maiatzean, M. Arruza hil da. Eibar hartatik alde eta, Bilboko Boluetan, Arania etxean sartzen da [280].
Lantegi honetan, pertsonal-buru egiten du, hasieran, gero, berak eskatuta, kontulari lanari heltzeko. Pertsonal-buru zegoelarik izan omen zituen zenbait arazo, poesietan bezain prestu konpontzekoak ez zirenak. Kasurako, haurdun zeuden emakumeekin ez omen zegoen bat ere gustura, eta bere ardurapeko langileren bat kaleratua ere izan zen [281]: «Eman diezadatela edozein lan, baina ez nazatela obreroen aurrean jarri» esan ohi zidan.
Gabon zahar egun batez, afaltzen zeudenean, fabrikaren guardarekin gogoratzen omen zen, eta taxia hartu eta haren bila joateko gogoak sortzen omen zitzaizkion.
Fabrika honetan lanari ekin eta bixkor, enpresak Valentzia aldera bidali zuen, negozio gorabeherak arakatzera eta konpontzera. Honelako bidaia batean, Bartzelonako Coro Vasco osatzen zutenek hitzaldi bat literaturazkoa ematera gonbit egin zioten [282]. Coro Vasco honetan parte hartzen zuten, beste batzuen artean, Imanol Abando eta Eduardo de Felipek, gaur arkitektoak (hauen bidez ezagutu zuen Natxo de Felipe kantariak poeta).
Hitzaldi luze xamarra egin zien, «triste pueblo agonizante» eta «desconocimiento de la lengua patria» (Oteiza salatuz) bezalakoez ihardunez. Afaloste honetantxe 80 afaltiar inguru idatzi omen zuen «Maldizio Betikoa», Natxo de Feliperen kantaldiei esker hain ezagun dena: «Zuei / Barcelonako euskaldun / unibersidade-mutilok, egian dioxuet (...)», liburu santuetako «Amen, amen dico vobis» halako haren moduan.
[280] «Aranía SA, Sociedad Anónima constituida en Bolueta (Bilbao) el año 1963 para la laminación en frío, fabricación de perfiles y artículos metálicos. Trabaja con un capital de 1.000.000 de pesetas», irakurtzen da Auñamendi Entziklopedian.
[281] Gabriel Aresti honetan guztian tradizionalista izan zitekeen: haurrak segidan, pastillak antinaturaltzat zituelako, lantegietan «harrak»...
[282] Ik. ARESTI, G.: «Lengua y Literatura vasca: breve historia e incierto futuro de su relación» (Bartzelonan emaniko hitzaldia, 1966an) in ARESTI, G.: Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986, 70. eta j.