Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Bilbotik Eibarrera
Bilboko Evers enpresa utzi eta, luzaroan lanik gabe egon ondoren, Eibarren, Rocandio etxean hasten da beharrean, 1966ko maiatzaren 6an. «Durante este tiempo (1966-VIII-16ra arte) diost Rocandiok tabajó como Jefe Administrativo, cumpliendo siempre con su deber» [256]. Gabriel Arestik bere Eibarko nagusia gizon estrainio bat bezala ikusten zuen. Hara ailegatzean trenez, noski, nagusia bera agertzen zaio estaziora, abarketaz jantzirik. Arestik ez omen zuen konprenitzen nola zitekeen hain zekena bere buruarentzat.
Han ziharduela, Eibarren grebak eta izan ziren. Juan San Martin eta bera batera atera ziren, manifestazioan, Poliziaren etxe aurrera, han giltzapean ziren lagunen libertatea eskatzera. Aresti zurtz eginda dago, langileek, euren artean, euskaraz egiten susmatzen dituenean. Mundu berri bat omen zen hau beretzat. Eibarren izan zuen egonaldi honek badu, San Martinen ustez, zerikusirik haren Euskal Harria poesi-kreazioan.
Behin, halako manifestazio batean, poliziek gizon bat lurrera eraitsi zuten makilaka eta modu txarrez zerabilten. Aresti hurbildu omen zitzaien, trajez eta gorbataz jantzita hauxe zen haren eguneroko janzkera eta ba omen ziotsen poliziei: «Neu naiz mutil honen abokata... zer gertatzen zaio? Neu kargutzen natzaio!». Poliziok bakean utzi ei zuten gure mutila.
Eibar honetan, Juan San Martinen etxean hain zuzen ere, ezagutu nuen lehen aldiz Gabriel Aresti, pertsonalki. Hirurok batera afaldu genuen San Martinen etxean. Niretzat biak ziren maisu jarraigarriak eta biak lehenengoz ezagutu nituen. Benerazioz eta gizon inportanteen artean nengoela-eta begiratzen nien. Estrainiatu egiten zitzaidan, horregatik, nola diskutitzen zuten, «koño!», «joder!», vel similia botaz, edozein tabernatan edozein gizonek legez. Gabriel Arestik SESBen alde egiten zuen eta Juan San Martinek, ostera, Suitzaren organizazio politikoa kontra jartzen zion.
Afaldu ondoren, neuk jaitsi nuen Aresti, Lambretta motorrean pakete ezagutu dudan paketerik beldurgarriena. Agurra egiterakoan, esan zidan: «Behin edo behin nitaz gogoratzen bazara, asko sufritzen duen gizon errukarri bat ezagutu duzula oroi zatez». Gizon arraro baina ikaragarrian deigarriaren zirrara egin zidan eta ezin nuen ulertu nik periodiko eta liburuetan ezagutu nuen gizon hura hain urduria eta seguritate bigunekoa izatea. Aurrerantzean lagun izan ginen, harik eta heriotzak banandu gintuen arte.
Hortxe Eibarren, tabernaren batean, ezagutu zuen Sarasketa, ETAkoa «zenbat maitatu nuen!». Hura atzeman zutenean, Gabriel Arestik «II / Ekainaren 7 egun» kopla hunkigarri batzuk egin zituen:
«Mutikoaren gau hotza;
urtu zitzaidan bihotza;
Herriagatik hiltzeko edo
gerturik dago bildotsa».
Arestiren literaturan badira zenbait hitz-giltzarri inoiz ere alboratzen ez dituenak, goiko azken oktosilaboko «bildotsa», adibidez, liturgiako «Ecce agnus Dei, qui tollit peccata mundi» dena, hasiera-hasierako «Godalet-dantza» goiztiarraren «Poema hunetako Giltza» testuan irakurtzen dugun berbera: «Aker eta Bildotsa elkarrekin gatazkan daudela, zela darabilkegu? (...) Iarraik gaitezen bandera gabe, Euskalerria eta ez... Hobeki zerbitzatuko baitukegu bildotsa martirigoaz, reboluzinoaz baño».
«Ecce agnus Dei, qui tollit peccata mundi» delakoa, bestalde, Mundu-munduan nobelaren bukaerako azken latin-esaldia da. Liburu Santuetako sinbologiak Arestirengan duen eragina uste baino handiagoa gerta daiteke: Orozen iritzian, «Quomodo cantabimus» salmoaren oihartzunen bat du «Nire aitaren etxea defendituko dut» poemak. 137. salmoa da, «Babiloniako ibaien bazterretan» hasten dena, hots, «Super flumina Babiloniae», eta Arestik berak «Sobre la superficie de las aguas» tituluarekin egiten du poema luze bat.
Geure ustez, Elizak aste santuko liturgian kantatzen duen salmoetako «Celus domus tuae» honek eragin handia du euskal gizartean gaur ere: «Hiri etxeazko zeloak ni jan niauk eta enegan jausten dituk hi laidoztatzen hautenen laidoak».
Urte honetan, Dávilako etxea saldu eta Alcázar de Toledo kalean, Iralabarriko frantziskotarren fraidetegitik, hots, Imanol Berriatuagandik hurbil, hartzen dute etxe berri bat Arestitarrek. Frankismo ostean, kale honi Kirikiño kalea jarri zion Udalak hala da gaur egun, seguraski Aresti hemen bizi izan zenik jakin barik.
[256] 1975.XI.18ko kartatik.
«Industrias EugenioRocandio Calvo. Empresa situada en Eibar. Nº de trabajadores: 18. Actividades y productos: Laminación de fleje en frío. Artículos de ferretería. Precintos, enlazadores y grapitas». (Auñamendi Entziklopedian).