Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Aurkibidea
Haritz landatua
Ipuin mingots bat geroaren seinale
Poetika klasikoa ala pertsonala?
Basarri bertsolaria eskolatzen
Karlos Santamariarekin adiskide
Arrue eta Serna Arestiz mintzo
Alderdi Komunistaren aldizkaria
Harizti mehaztua
Saiakerak
Juan San Martinek bere Uhin Berri Donostian aurkezten duenean, «joera berri auetan gauz bat argi ikusten degu: gaurko olerkiak gizonan bizitzara urbildu dirala, ta bizitz orren barrutik irtetzen da, gauz goxoak goxo esanez, ta garratzak garratz. Realismoak sozial poesia sortu du. Joera onetan Aresti da zarrena, ta naigabe absurdo eskola gure izkuntzan barrendu du» [394].
Zeruko Argia-k 400. zenbakia kaleratzen duenean, honako hau idazten zuen Juan Mari Lekuonak: «Gabriel Aresti: Bere kezketan gaurkoa; ta bere tajukeran bertsolaritzaren eta kopla zaarren erabiltzaille trebea. Arnasa berriak euskera antziñatiarentzat. Erriaren aotik mintzo zaiguna: (...) Teknika eta egitura askotan bertso librea ba-du ere, beti bertsolari ta koplarien guna darabil bere esan guztian. Geiago oraindik: zenbaitetan erabat bertsolarien modura egiten ditu bere poesiak; zenbaitetan, berriz, koplarien modura, kopla legedi zaarrean tajutuak.
»Diodanaren adibide bezala, aukera egin bear ta, nere gustorako aipamen berezia diet "Egun da Santi Mamiña" kopla berriei. Ta nola ez "Astepeko Sekretarioaren bertso berriak" izeneko poesiari. Xenpelarren egitura ber-berean, bertso legean emana. Iparagirreren bozean Berrogei ta amabost bertso, arnas luzeko abiaduran. Gaiaren aldetik, berriz, erromantze erara tajutua derizkiot, Astepeko sekretarioaren istoria kantatzen dualarik. Eta istori ori, egilleak esan zidanez, bere aitonaren istoria omen. Egiaz, istori bizi-bizia ta mentalidade jakin jakiña, eguneroko filosofia girokoa, eskarmentuzkoa; "eskarmentua duenik ba-da", Xenpelarrek esango zukean bezala. Itz batean: Arestirentzat, nere iduriko, Bertsolaria teknika bat ezezik, batez ere giza-tematika errikoia ta egiazkoa da; falzifikaziorik gabeko giza-legea. Erriaren kezka ta istori bizia. Erriaren ispillu egiatia» [395].
Iker Hurtsuak, berriz, zenbaki eta orrialde berberean, zera esanez dihardu: «Orduantsu Txillardegiren Peru Leartzakorekin batera agertu zitzaigun Gabriel Aresti. Bere lehen poesiak Euzko Gogoa-n irakurri genizkiola uste dugu. Poeta Poetatza zer dan ondo dakian gizona. Herriaren bertsoak eta poemak hezurretaraino sarturik dauzkan gizona. Baina, hemen ez bait gara ari poetez, hor geldituko zaigu Gabriel Aresti euskal teatroaren berritzaile onenetakoa bezala ere. Izango du kontrariorik, agian, bateren bati bere artikuloak etzaizkio gustagarri izango, baina hala ere, idazle honen artikuluak irakurriz gero, nor gelditu baketan eta aisara?» [396].
1970ean Arestik zenbait lan ematen ditu liburu berriez. Errekreazio poetikoaz, aitatzen duen literaturaz eta hizkuntzaz. Aurrena, Larresororen Sustrai Bila liburuari egin ziona. «Ez naiz hemen zioen Larresororen laudoriotan hasiko, haren merezimendu merezituak aski klar eta gora mintza baitira berez». Baina «euskalki guztiok erdaratik berezten dituena» estudiatu behar hori, Arestirentzat «bildur handia» ematen duena da. Eta bukatzen du «lehen akats honen» parteari dagokiona: «Gereñok esan dautan bezala, ez dezagun euskararekin anti-erdera bat egin». Ondoren, «huts xipi batzuk» aipatuz, «ene/neure» eta «ni/neu» «eridite» hori «nundik hartua duen aipatu» behar zuela dio. Izan ere, Mitxelenak geroago esango duenez, «Aresti zenak, berriz, eta hemendik kanpora, bi hauzi larri garbitu zituen. Bata guztiok dakigunez, ene/neure, hire/heure (...)» [397].
Bigarrena, Jose Artetxe zenaren El abrazo de los muertos liburuari egin zion kritika izan zen. «Nobela hau erdaraz eskribitu da, eta horregatik euskal literaturaren historietan ez da agertuko. Euskaldunok gai honetaz eta estilo honetan beste nobela hobe eta zintzoago bat ba dugu, zeinetaz harrotu behar dugun: Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin. Hitz bitan: José de Artecheren El abrazo de los muertos erdal nobela, oso nobela eskasa da, gaizki eskribitua, eta pertsonaia oso kategoria moral behereko baten hazaña tristeak kontatzen dauzkiguna. Dena dela, Artecheren lumatik "Besarkada" honen protagonistak bere aberriari, Espainiari, zerbitzu bat errendatu nahi dio. Hala lor beza» [398].
Arestik zoriontsu dihardu «Munstro bat, bi munstro» idazten duenean: «Mauletik Bilbaora, automobil izeneko katxarro txar batean» hiru euskaldun berri (Gabriel Aresti, Xabier Kintana eta Andolin Eguzkitza) datoz. Azken honen mintzaeraz harrituta daude bilbotar biak: «(...) hain itxuroso eta korrontoso euskeraz mintzatzen bakarrik urte-betean ikasi zuela esan zaukunean, bioi atera zitzaikun animaren zolatik aldarri sentitu hau: "Baina, hi munstro bat haiz!". Andolin Santurtzetarrak euskaldun alderdi guztietako jendearekin aisa ulertzeko duen posibilitatea, euskera batuan gaurko euskaldun berriok asmatu dugun euskera "berri" honi eskerrak» dela oihukatu ondoren, amets egiten zuen: «(...) hainbestetan profetizatu dudan etorkizuneko Euskal Herri zoriontsu harek gorputz bat hartzen zuen. Laredotik Ejeara eta Oloroetik Belarodora gure euskera orokor eta bateratu hau urte-betean ikasitako mutil galant eta neska ponpoxez populatutako lur bat ikusi nuen. Hasi nintzen kontatzen: Munstro bat, bi munstro... bi milloi munstro, denak ene lagun Andolin Eguskitza mutil gaztearen fedearekin eta nobleziarekin. Eta behingotz, zoriontsu sentitu nintzen ni ere» [399]. Mikel Arregik gogoz irakurri du artikulu hau. Beronek ere hala dio, «euskaldun guztiak zoriontsu izanen garen egunarekin egiten dut amets, hizkuntza trebeki eta erraz erabiliko duten bi milloi munstro euskaldunekin». Baina «(...) bildur naiz bi milloi munstro sortzea ezinezkoa ez ote den, munstroak gizon apartak izaten baitira. (...) Halaere ez dut oraindik esperantzarik galdu, zinezko premia zer dugun ohartuko garen eguna ez baitugu hain urruti, aski berton eta eroso baizik. (...) sinesten baitut gizonengan, eta bai baitakit hamar, ehun gizonek eta guttienez mila munstrok tinko eta firme jarraituko dutela munstro formatze bide nekoso eta humilean» [400].
Juan Mari Arestik esaten zigunez, «Gabriel estimaba más a las personas por lo que significaban que por las ideas que representaban». Horrela, gauza askotan ez da Jon Miranderekin bat etorriko, baina beronen literatura goraipatu egiten du. Zuberotarraren Haur besoetakoa aurkezten duenean Lur-eko edizioaren azal-hitzak Gabriel Arestirenak dira, «literaturarekin eta liburuarekin zer-ikusirik ez duen gauzarik, ez dut hemen ukituko» ohar egin eta, Mirandez zenbait berri biobibliografiko eman ondoren, jarraitzen zuen: «Hemen aipatuko nituen nolako kontra-karrak eta atakeak pairatu behar ukan zituen Mirandek zenbait euskaldun eta sasi-euskaldun pentsamolde mehar eta laburrekoren intentzio gaiztotik. Hobe isiltzen baditut. Baina ostrazismo eta debekatze tirano hartatik, haren artean orain Lur editorialak euskal jendartera ateratzen duen gaurko nobela labur hau». Hizkuntzaren aldetik, «nobela hau bere autorearen baimenarekin, eta egungo tendentziei jarraitzeagatik, editoreek euskera batu eta orokarrera itzuli dute, Batasunaren Kutxan agertzen diren erregelak errespetaturik». Azkenez, honela laburtzen zuen bere ustea: «Miranderen liburutik har dezakegun irakaskintzarik harrigarriena, hau da: Obra hau, libertadeari eskaindutako kantu bat dela; gezurra badirudi ere, Munduko hippiek inposiblearen baztarretan libertade amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat. Hitz bitan esan beharko bagenu Haur Besoetakoa zer iruditu zaigun, honela esanen genuke dela: Ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat»
Miranderen poesiak ere argitaratzekotan zebilen: «Mirandek bere poesia guztiak bidali zizkidan "Haur besoetakoa"rekin argitaratzeko, baina orduan, zoritxarrez, zentsura ofizialak baimena ukatu zidan. Gero eskurik esku ibili zen Lurrekoen artean, eta galdutzat emanak nituen; zorionez egun batetan agertu ziren. 27 uste dut direla, eta orain Andolin Eguzkizaren eskuetan utzi ditut, garbi ezar ditzan; gainera bere karreran tesina bat egiten diharduka Mirandez».
Mirandek berak zioenez, ez zeukan poesiari buruz Arestiren uste bera: «Beste galde bat: Euskera-n Maldan Behera Gabriel Arestiren poema-bilduma irakurri dut, Gabino Arestiri ta neuri eskeinia. Idatzi nai nioke egileari, eskerrak emaiteko, bainan haren zuzenbidea ez daukat. Zuk eman dizaikedazu agian, eta aldi berean, xehetasun zenbait eman ditzaizkedazu G. Aresti horrez: nor, nongo, nolako eta zer den, eta zergatik Laphurtar klasikoz idazten duen? Krutwig-kiaren adiskide bat ote delakotz?».
«Eskerrik asko zure bestengusuaren artikulua gatik; eta eskerrik asko berari ere, ikusten ba duzu, nire Poemez duen iritzi ona gatik. Halaz ere uste dut ba dela diferentzia bat ez ttipia Arestiren eta ene artean: Arestik zerbait handi, zerbait goien ikusten du poesian: harentzat poetak mandatu bat ba omen du, jendeari esan beharra. Niretzat, berriz, poesia joku bat da, hitz-joku bat da: ez da serioski hartu behar. Nik euskaldun neurtitz-egile gehienei hatzemaiten diedan akatsa, beren antzea bakunegi izatea da: ez hiztegiaren aldetik ez neurtitzaren ritmu ta musikalitatearen aldetik ez dute saiakera aski sakonik egiten gauza berririk asmatzeko (non ez duten Sabindar eskolakoek bezala euskera artifizial batean idazten, bainan hori ez da zilhegi!); ene aburuz hori gertatzen da bertsolaritzari lotuegi geratzen direlakotz; bainan bertsolaritza gauza bat da, eta poesia beste bat, oso bestelakoa gainera. Ene ustez, ingles poesia barrutik istudiatu behar lukete euskal neurtizlariek, hura baita orotako poetikoena».
Andima Ibiñagabeitiak ere, Arestiren hasierako poemak atsegin izan arren, «sozialak» deitu horiek ez ditu maite: «(...) zuk eztuzu saldu zeure olerkari izakera jatorra eta ederra, oraingo sozial-olerkari merkeen merkatalgoan. (...) nik eztiot batera olerkoitasunik arkitzen, esanak esan eta erranak merran Arestiren olerkiek nire biotza otz eta motz uzten dute eta ederraren arnasik batere ez didate sortzen ene baitan». [401].
Liburu argitaratu berriak direla eta, Arestik «atsegin bitarikoa» hartzen du, «adiskide zahar bat, gaztaro urrunetik gehiago» ikusi ez duena berriz ere «irakurtzeko parada» duelako, alde batetik. (Etxeberri Ziburukoaren Noelak da berau.) Bestetik, «euskal literaturaz zenbait hitz aspertu esateko okasioa gertatzen» zaiolako.
Aurrera egin aurretik, berriz ere Lino Akesolorekin sartzeko oportunitatea du, liburuaren edizioa beronek prestatu baitu: «Puntarik ez ondorik ez duena, Akesolok eskatzen duena da, zeren kar-militarrek, hainbeste olerki gaizto eta bertso potodun argitaratzeko gastatu duten tinta eta papera, falta diren klasikoak argitaratzeko gastatu balute, dudarik gabe ikusten dut, gure literatura zahar guztia irakurleen eskuetan legokeela (...). Baina errazago ikusten da besteren begian fitsa ezen ez gurean kapirioa».
Bigarrenik, ez dio barkatuko «zenbait eskritore gazte eta desabil, euskeraren gainean jabetza oso batera heldu ez garelako, pikutan» jarri izana. Izan ere, «Aita Lino Akesolok jakintsuaren sona handi baten jabetza du (egia esan, mugimendua ibiltzearekin probatzen da, eta orain artean berak egin duen lanak ez dio egiaztatzen bere fama).
»Fama on horrez baliaturik, gainerakoen lanak kritikatzen oso habila izan da, baina haren kritika-lana ez da inoiz karidadetsu izan, eta inoiz ez ditu kritikatuaren alderdi onak markatu, aitzitik kontrara bere luma eta hegatsa ongi zorrozturik, alderdirik arinena aprobetsatu du beti, bertan krudeltasun partikular batekin zauritu eta gaizkoatzeko; euskera gaietan bere burua sartutik dadukan pertsona argirik ez da haren ziztada mortaletik libratu (ez gara libratu hain argiak ez garenak ere...); azken proba, Bozas-Urrutiak Daskonagarreren liburuan egin dion edizio berriazko kritika da».
Ondoren, Arestik karmeldarraren hizkuntz-hutsuneak agirian jarriko ditu: «(...) liburuan jarritako hitz-aurrea, gramatikaren aldetik haren euskera ez da eredu zehatz bat, akats nabarmenak agertzen baititu, esaterako, zazpitan idazten du bere, haren-en ordez; hirutan beren, haien-en ordez; batetan beren, bere-ren ordez; ezin zutela behin erabiltzen du ezin zezaketela-ren ordez; birritan atsegin zaigu, atsegin dugu-ren ordez; behin berekeri bat, berekeria baten ordez».
Akesoloren bertuteak ere goraipatzen ditu, era berean: «Lino Akesolok ukan duen gaiztasunik handiena, batere dudarik gabe, orijinalaren interpretazioa izan da, bereziki ortografia zaharretik ortografia berrira textoaren aldatzea. Joane Etxeberri hau, bestea bezala, hizkuntza fixo bat erabiltzeagatik ez da luzitzen, eta hitz bakar batek zenbait forma diferente har ahal ditzake; honetan aldatzaileak izugarrizko buru-hausteak eduki behar ukan ditu, Axularrek eta Leizarragak inola eman ez dituztenak. Suaren proba izan da hori Akesolorentzat, eta atsegin handiz aitortu behar dugu, miragarriki atera dela garaile. (...) zenbait huts eskapatu zaizkio», botatzen dio horregatik, frogak presentatuz.
Azken ziria, Akesolorentzat: «Beste alde batetik, Akesolok ez du osorik Etxeberriren euskera errespetatzen (honela ez du berak kunplitzen Bozasi ezijitzen diona), eta zenbait puntutan aldatu egiten dio, hala nola kontsonante baten aurreko beste kontsonante bati bustidura jaten dionean (baina, hala gerta dadin, kontsonantea Akesoloren gustokoa izateko da, gizonak bere maniak baititu; eta, atzeko kontsonantea H-a baldin bada, orduan ez dio kentzen bustidura aurrekoari, nola bait erakutsi behar baitu letra horri dion gorrotoa. Gauza polita Akesoloren editoreek, Akesoloz mintzatzen direnean, H-rekin idazten dute. Seguru asko, letra hori mezprezatuko duen azken euskalduna Akesolo izanen da, erre ta erre bere arta-bizarra, bere XIII-tan dirauen Aita Santu Ohia bezalako astokilorik ez baitago munduan)» [402].
Lehenago esan dugunez, Txirritazalea genuen Aresti, Lizardi bezala. Horregatik, aita Zabalak haren bertsoekin liburua publikatzen duenean [403], Txirritaren punturik behinenen errekreazioa egiten du bilbotarrak Anaitasuna-n [404]. Arestiren ustez, «Txirrita eta poeta berau herriak okupatzen duen galtzadan dago, Txirritarekin, bizimodua nekez eta dolorez aurrera ateratzen duen jende xehearekin. Horregatik, herriak menderik mende bere aukera egin duelako, eta zuek, jakintsuok, Azkueren eta Agirreren ahoz Azkoitiko premio famatu hartan zeuena egin duzuelako, neure erakusketa hau herriaren aukerarekin irekitzen dut, bertsolari batekin, agian ez bertsolaririk hoberenarekin, baina bai bertsolaririk bertsolarienarekin, Jose Manuel Lujambio, Txirritarekin».
Arestiren iritzian, Txirrita «poetatzaren seinale edo estigmarekin jaio» zen, klasikoek esaten duten bezala «poeta izateko jaio» egin behar baita. Baina jendeak Txirrita bertsolari «barregarritzat» hartzen badu ere, «humore argi, zorrotz baina mingots» bat zuela diosku. «Platonek bere errepublikatik jaurtikitako poetei bezala, bizitze burjesaren abantail guztiak ukatu zitzaizkion: etorkizunaren aurreko segurantza bat, familia bat fundatzeko eskubidea...».
Izan ere, «Txirritak, Quevedok bezala, poesia dramatikoan hartzen duelako bere egiazko tamaina», du gogoko. Horren probarako, zazpi puntu jarri zituen irakurleen bistan. Azkenez, lerro hauetara laburtzen zuen bere ikuspegia: «Eta hau zen Txirrita, euskaldun eta proletario, artista eta langile, bertsolari eta poeta sozial; herriaren erraietatik sortua, bera zen herria. Haurra bere amak bezala, Euskal Herriak ez du inoiz Txirrita ahaztuko. Ba zekien berak: (...) Ene aipamenak izanen dira / beste lau hogei urtean».
Anaitasuna irakurtzen dutenen barrenetan bide bat argitzen ari ginela adierazteko, Gabriel Arestiren artikulu hauxe jartzen zuen lekuko Andoaingo Taldeko A.L.k [405].
1971ko maiatzean, Bernat Etxepare komentatzen du. «Abia gaitezen hasten zuen berriz ere bidaje atsegingarri eta eder honetan geure poesiaren inguruan». Donazaharrera iristean, itauntzen dio Etxepareri: «Barka nazazu, mosen Bernat, baina zure izena nola esan behar dugu euskaldunok?». Hauexek, laburtuz: latinez, Bernardus Dechepare; manierismoz, Bernard Etxeparekoa eta euskera «klaroan», Bernat Etxepare.
Jakina da nola galdu genuen Nafarroako Erreinua, 1512an. Hau dela eta, Etxeparek deklaratzen dio bisitatzera joan zaion poetari: «Ai Nafarroaren, Nafarroaren, heure semeek zergatik saldu behar haraukote atzerriari?».
Luis Mitxelenak Etxeparez dioena botatzen dio poetak nafar apaizari: «Gure denboran halako susmo itsusi bat barreiatu dizute zutzaz, ez zinela hain apaiz prestua izan. Zer diostazu horretaz?. "Bekatutik libre dagoenak jaurtiki beza lehen harria" esan zian maixuak (...). Baina orain ene pentsamenduak Jainkoari dioazkiok; ene judizio jeneralaren zenbait kopla entzuk» [406].
Juan San Martinek, hau guztiau irakurtzean, «oso ona iruditu zait» aitortzen zuen. «Poeta izan behar hori egiteko». Etxeparerengan susmatzen diren influentziei buruz, Vinsonen teoriak «chauvinismoz kutsatuak» omen daude. Etxepareren poemei Arestik egiten dizkion goraipamenak irakurrita, badirudi haren estiloa euskaldun soil-soila zela esan nahi duela. Honela interpretatzen du San Martinek ere: «Arestiren uste berekoa naiz, puntu hontan. Eta Etxeparek, inorenik izatekotan, euskal koblakari zaharretarik anitz duela esan behar. Baina honekin ez dut esan nahi euskaldunok Europatik aparteko zerbait garenik» [407].
Arestiren rekreazioa K. Agirrek «atsegin izan du». Ez du «aurpegiz ezagutzen», baina «entzunez eta beronen euskal lanen bidez ezaguna» zaio. «Ez da harritzeko, Arestiren izena sonatua izatea. Izan ere, nork ez du ezagutzen, euskal kulturaren muinean nolabait murgildurik aurkitzen bada bederen? Haren literatur lana handiegia ez bada ere, handi xamarra da, euskara eta euskal kulturarentzat arras onuragarria. Euskararen alde zeharo emandako gizon bat da Aresti».
K. Agirreren ustez, Arestik ezin du astindu euskaldun berri izatearen zera hori: «Arestiren izakera azaletik apurtto bat ezagutzekotan, kontura gintezke, betidanik ukan duela euskaldun berri izatearen konplejua». Bestalde, «Arestiren lanak kritikatuak izan dira eta izanen aurrerantzean agian». Baina honen arrazoia da «ongi egindako lanak zeresaterik asko ematen» dutela.
Euskal Harrian erabili zuen ortografiarekin ez zegoen «batere ados», «pertsonalegi jokatu zuelako». K. Agirrek begiz jota duena haren estilo ezin aberatsagoa da: «Ez dakit nondik ateratako esaera eta hitz bakan pila batzuk eskaini ohi dizkigu. Nik, izen edo izenorderen argitasunik gabe jakin nezake, artikulu hori Arestirena den ala ez».
Euskara batuaren sortzean eta gorpuztean, ostera «kontuan izan beharko dugu gehitzen du Agirrek bera izan dela euskara batuaren alde saiatu diren aintzindarietako bat».
Juan Mari Lekuonarentzat bezala, Agirrerentzat ere, «Arestik euskal literatura zaharra ederki asko ezagutzen du eta, askotan, gehienetan, haren idazlanak ulertzea neketsua egiten bazaigu ere (maizenik, azken orrialdean den hiztegiari behatu behar izaten diogu), haren jokatzeari interesgarri deritzat, horrek gehiago ikasteko abagadunea ematen dauku eta. Hala gertatzen da haren azkenengo idazlanean ere».
Etxeparez egiten duen artikulua, bestalde «pikardiaz eta zirtoz betez izan da (...) aditz erak, oso ederrak eta, euskal aditz batua egiteko orduan, kontuan hartzeko dinak» [408].
Abuztuaren 15ean, Lizardiren aurkezpena egiten du Arestik. Poematis personae, «Ni: Felipe, izkribu honen egilea, aitaren bigarren semea, seme espirituala. Eladioren anaia merprezatua. Aita: Lizardi. Amona: Euskara. Mutikoa: Eladio, poema hau interpretatu behar izan duena, aitaren lehen semea, ohorea bai eta nekea ez hartu nahi duena. Baratzea: Euskal Herria» [409].
[394] ARCELUS, X.: «Uhin Berri liburua Jon San Martinek aurkeztua» in ZERUKO ARGIA (1970), I.18ko 7.ean.
[395] LEKUONA, J. M.: «Aozko poesia eta olerki uain berria» in id. XI.1eko 3.ean.
[396] HURTSUA, I.: «Euskal Prosa hamar urte honetan» in ZERUKO ARGIA (1970), XI.3.
[397] ARESTI, G.: «Sustrai Bila» in ANAITASUNA (1970), VIII.30eko 2an. Conf. MITXELENA: «Euskaltzaindiaren iker lanez». 1975eko udan multikopiaz eta gero Euskera-n. Zaratek ere: «Sarri askotan uste isaten dogun baño artu-emon andiagoa egon da izkuntzen artean (...)». (Conf. Euskal Deklinabidea, 12an).
[398] ARESTIAR: «José de Arteche. El abrazo de los muertos» in ANAITASUNA (1970), X.30.9. Ik. «Aita Gurea» poema, eta Mitxelenari karta in Artikuluak..., Susa, 1986, 169-170.
[399] ARESTIAR: «Munstro bat, bi munstro» in id. XI. 15eko 12an.
[400] ARREGI, M.: «Aresti delakoaren munstroak direla ta» in ANAITASUNA (1970), XII.15.14.
[401] Arestirena, Peilleni 1974.XII.12an eginiko kartatik. Miranderenak, Etxaideri gutunak, 1960.VIII.9an eta 1961.II.18an. Ibiñagabeitiarena, in IBIÑAGABEITIA, A.: erbestetik barne-minez gutunak (1935-1967) (Urkizuren edizioa), Susa, 2000, 306an. (Ik. 18. oharra).
[402] ARESTIAR: «Etxeberri Ziburukoa: Noelak» in ANAITASUNA (1970), IV. 30eko 12an.
[403] ZABALA, A.: Txirritaren bertsoak. Tolosa. 1971.
[404] ARESTI, G.: «Jose Manuel Lujanbio, "Txirrita"» in id. IV. 15eko 8-9etan.
Behinola, garai haietan edo, Baiona aldera bidaia egin genuen, euskararen batasunagatik, G. Arestik, I. Berriatuak eta beste batzuek. Bueltan, hor hamaikak inguruan, Berriatua frantziskotarren komenturantz eramatean, Arestik, lapurren beldurrik gabe zetorrenak, esan zion Berriatuari: «Gaur Txirrita naiz... komentuko ateak itxita badauzkazu ere, ez beldurtu, Imanol, Ánkorara (neskatxak zeuden Iralako komentu aurreko kafetegia) sartuko gara eta handik hots egingo diogu telefonoz Guardianari». Berriatuak, etxetik kanpora bide seguruetatik baino ibiltzen ez zenak, nigana hurbildurik, otoi egiten zidan: «Ez, e, Txikito, ez e...». Ez ginen sartu.
[405] TALDEKO A. L.: «Andoain» in ANAITASUNA (1971), V.15eko 10.ean.
Arestirengan aurkitzen dugun konstante bat da barrokoko autore jatorrenenganako joera hau, Quevedorengan, adibidez. Ik. 288. eta 496. oharrak.
[406] ARESTI, G.: «Bernat Etxepare» in id. V.15eko 8-9an.
[407] SAN MARTIN, J.: «Espriuren eritzia B. Etxeparen buruz» in id.VI.15eko 16.ean.
[408] AGIRRE, K.: «G. Arestiren B. Etxapare» in id. VII.30.eko 12an.
[409] ARESTI, G.: «Lizardi» in id. VIII.15eko 8-9.etan.