Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
HELEGITEA
Bizitzari egozten diogu
ustez dagokiguna ez jasotzearen errua.
Bizitzari esleitzen profetaren,
epailearen eta borreroaren lana.
Baina bizitza adierazle bat besterik ez da,
adieraziaren berririk ez duena.
Eta guk hauxe beste gurarik ez dugu:
felix meritis idaztea gure kontzientzietan.
Ispiluan gela islatzen da.
Haizeak basatxakurren barre zizkolatsua dirudi.
Gau-mahaian txosten ikusgaitz bat dago
zor-hartzekoen aritmetikaz.
Tiraderak fruitu lorrinduz beterik.
Zergatik begitantzen zitzaidan
beti etortzen zinela esku hutsik?
Hustasun hori zabaldu egiten zen
bere dekoratuan atxikitzen ninduen
hormako paper bat bezala.
Noizbait nahi izan ez duenak
beste izarape batean galdu
maparik, kriseilurik, iparrorratzik gabe,
jaurti dezala lehenengo harria.
Zer eskuk ez du behar ahorik, edaten emateko?
Filosofia-gida laburrak landuko ditugu
gure ekintzak arrazoitzeko, baina
desinkronizazioak jotako
historia nekoso honetan
talisman bakar bana geneukan aukeratzeko.
Nik neure alde egin nuen apustu.
Zer lehenetsi zenuen zuk?
Seinale kontraesankorrekin nahasi zintudan.
Abandonatu egin ninduzun eguraldi berdean.
Bihotza higatzen duen urnegarra da desengainua.
Eskerrik eza, desertura arrastatzen gaituen zirimola.
Itzuli nintzen, baina orain ez zaude.
Eta ez da alda-haizerik etorriko.
Alda-haizerik ez zuri begiak irekitzeko,
niri ahoa ixteko.
Urteak emango nituzke
erlojuei atzeraka eragitearren.
Esango nizuke, Zurekin geratuko naiz, ez larritu.
Zuk zer esango zenidake?
Oilarrak ez du inoiz kukurruku
hiru aldiz egin beharko berriro.