Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
OTALURRETAKO MANIKIAK
Come, walk with me.
Emily Brontë
Goizero, leihoa ireki eta batera,
kanposantua ikusten dute aurrean.
Bizkor zeharkatu behar plazarako,
elgorria duenaren etxerako.
Trumoiaren alabak, hiru uso
lupetz gainean, oinak sutan.
Suak hazbetera goratzen ditu
gurdiek jasotako harri-kixkirrien antzean.
Come, walk with us, diostate,
denborak bihotz guztiak banatzen ditu
eta zu ezin zara salbu geratu.
Ez zara zu, ahizpa, ez kexatu,
elur-zuloa paparrean duzun sorbeltz bakarra.
Geuk ere izan genituen, geure erara,
talaian iratzezko habia,
tea Sidi Kaouki basatian,
alua nork miaztu
eta ezpain mamiak.
Orain zera da hori guztiori,
mendiaren kontra jo duen hodei malatsa,
errautsa, errautsa, errautsa.
Etxeko hormak zuri-zuri pintatu
eta jausi arte ibili arren dantzan,
hezurrak, txiki, astunegi izan dituzu beti.
Gure jantzi parpailadunak, gure eraztunak,
orratz-titareak, ohe-joko dotoreak,
gure meza-liburuak, gure tintazko helburuak,
kartoizko zaldia,
Gaaldine eta Gondal eta Angria,
tuberkulosia, umezurztegia,
denak dautza lurpean, den-denak hautsa.
Gaitz erdi, hilerri guztiak daude azpitik elkarlotuta
pozkideok izan ditzagun gure autu-mautuak.
Mamu bat biltzen du gaur zure ispiluak.
Erdu gurekin, otalurretan da zure firua.
Bilbo, 2018ko maiatza