Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
MATERIAREN EGOERAK
Ikasi genuen materiaren egoerak hiru direla:
solidoa, likidoa eta gaseosoa.
Harriak, ibaiak eta hodeiak
gidatu egin gintuzten
estimuen hierarkia zehazterakoan:
zenbat eta solidoagoa, hainbat eta errealagoa;
likidoa, aldi baterakoa;
gaseosoa, erabat galkorra.
Sailkapen hori praktikoa izan zen
gure bizitzak artelan bihurtzeko enpeinuan:
itomena eragiten zigun
bizitza arruntasunera kondenatzeak.
Baina solidoa den oro aienatu egiten da,
Marxek eta Engelsek idatzi zutenez.
Eta gure garun gazteak duda egiten zuen
kontu materialez nahiz immaterialez ziharduten.
Milurtekoa desegitear,
mito berriak zetozen horma jausien artetik.
Hipotesi hori funtsezkoa izan genuen
denbora erabiltzeko afanean:
sumina pizten zigun
gure denbora antzua izateak.
Ondoren garai likidoa iritsi zen,
be water, my friend.
Amodio likidoak eta jokamolde likidoak
erne ziguten erreparoren bat,
baina uraren estratak abentura paregabea izan ziren
maite nuen gizona anfibioa zelako.
Premisa hori baliotsua izan nuen
gorputza aupatzeko estiloan:
izua ematen zidan
nire gorputza mututzeak.
Azkenik, gasaren aroan,
partikula gero eta sakabanatuagoak garela
mundua den atomo ero harroputzean,
eskukadaka kudeatzen dugu gure gutxitasuna,
zoriona konfeti inpresionista balitz bezala.
Kontzeptu ezegonkorrak gara, zertasun eziraunkorrak.
Teknika hori nahitaezkoa zaigu
nork geure historia kontatzeko moduan:
etsipena sortzen digu
geure historia kapitulu batera mugatu beharrak.