Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
HERIOTZA ETA NESKUTSA
ALLEGRO
Beste batzuekin desfilatu nuen meskitan,
babutxa fin eta satinezko diademaz,
amoranteari eskutik oratuta, primaderan,
feriara joateko legez apainduta.
Begiak jaso nituen astiro,
profeta apart hari begiratzeko:
berrogei bat urte, zilbota, bizarra beltza.
Nire bularra laua zen arestian,
ezpata bat bezainbestean.
Oraindik ez neukan hileko odolik.
ANDANTE CON MOTO
Senarraren hortzek triskatu zizkidaten ezpainak.
Kontsolazio-salda egin zuen nire haragiaz,
neure zerraldorako lehenbiziko mondarra.
SCHERZO. ALLEGRO MOLTO
Jo ezazue, jo, laute eta arrabita!
Harro bitza zuen putzak basamortuko hondarrak.
Baduzue, jakina, beste zereginik munduan.
Hautsia dut nik besoa baina;
sabela, ordea, emankorra.
PRESTO
Heriorekin dihardut eztabaidan.
Goiza zabalduz gero hasten da gerra-dantza.
R. naiz ni, bakarlaria,
bere kautan abesten duen dontzeila,
gauez artaziekin amets dagien lilia.