Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Wood Road

 

Zoru berritua, sekula zabaldu gabea,

Laharrak hartuak bazterrak, Bill Pickering

Pistola eskuan lurrean etzanda zenean bezala,

Gaueko errondan, uniformearekin

Udako zuhaixken ilara azpian kukuturik —

 

Miliziano berezia.

 

Ilargiaren argia fusilen kanoietan,

Bidea ixten duen

Kamioiaren haizetakoan,

Pelotoi sutsuko enparauak

Alboz, zaintzaile leial,

 

Mulhollandstown jazarriz.

 

Edo ni egun argitan

Taxuz paratutako zohikatz

Zamaren gainean

Begiramenez, begiak beheratuz,

Heldu baten pare uhalak haizu eskuetan,

 

Gurdi zaharra zanbuluka.

 

Abuztuko egun hartan gose grebalariaren

Beilatokiraino joan nintzen,

Atari isil bat zeharkatuz,

Begira zegoen jendetzaren aurretik igaroz

Gorpua gaubeilan zeukaten lekuraino

 

Eta ohorezko guardiaren so tinkoa.

 

Edo bidearen amaieran orbana

Bizikletako neskatila harrapatu zuen

Auskalo nondik azkar batean merkatari batek

Bidegurutzean zakar bira eginez,

Atzeko gurpila jiraka eguzkipean,

 

Aurreko argia mila txiki eginda.

 

Filma ezazu sepia kolorez,

Margo ezazu tantaka odolez,

Wood Road egun dena eta izan zena,

Zoru berritua, sekula zabaldu gabea,

Esne-marmitaren azpia eta

 

Busa gelditzeko seinalea belarrak janda.