Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Aitzurrean

 

Nire hatz erakuslearen eta erpuruaren artean

Luma motza probak egiten ari da; estu, pistola bat bailitzan.

 

Leiho azpian, marranta baten hots garbia

Aitzurra lur legartsuan lurrean hondoratzean:

Gure aita da, aitzurrean ari. Behera begiratzen dut

 

Bizkarra baratzean makurtzen ikusi arte,

Hogei urteko tartetik zutitzen da

Erritmikoki makurtuz patata sailean

Aitzurrean zebilen tokian.

 

Bota lakarra gider gainean, heldulekua

Hanka zainaren kontra palankan.

Mastrea erauzten zuen, eta ertz distiratsua sakon hondoratu

Geuk bildu behar genuen patata berria ateratzeko.

Eskuekin gozatuko genuen patataren gogortasun hotza.

 

Bai jauna, zaharrak bazekien aitzurra nola dantzatu.

Bere zaharrak dantzatzen zuen bezala.

 

Gure aitonak Toner zingirako beste edozein gizonek baino

Zohikatz gehiago erauzten zuen egun batean.

Behin, zipotzat paper batekin ondo itxitako

Botila batean esnea eraman nion. Edateko

Zutik jarri zen, eta denborarik galdu gabe bere zereginera itzuli zen,

Erritmikoki kolpe garbiak joz, sorbaldaren gainetik

Zokorra jaulkiz, gero eta sakonago,

Zohikatz onaren xerka. Aitzurrean.

 

Patata lizunaren kirats hotza, zohikatz bustiaren

Plisti-plastak eta zaplakoak, ertz batean geratzen diren puskak

Sustrai bizien bitartez nire buruan iratzartzen dira.

Nik baina ez daukat haien neurriko gizonei jarraitzeko aitzurrik.

 

Nire hatz erakuslearen eta erpuruaren artean

Luma motza frogak egiten ari.

Honekin egingo dut nik aitzurrean.