Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

District eta Circle

 

Txirula irlandar baten doinua txirikordatzen zen

Metroko korridorean gora

Azulejuetako zaindariarekin topo egin ohi nuen tokira

Hurbildu ahala, kapela ondoan,

Haren hatzen jolasa, haren bi begiak niri begira

Salataria ez zen begiratzeko eraz eta, artean behintzat,

Saihestuko ez nuena, biok atera baikinen kanpora

Zer ikusiko.

Musikak birundak egiten zituen bitartean

Prest nuen txanponari

Jirak eta birak ematen nizkion, baina azkenean jaitsi egin nuen soa

Izan ere, ez al zen ba elkar ezagutzea gure arteko tratua?

Bidesaria adostuta, buruarekin agurtuko nuen

Txanpona berriro patrikan gordetzen nuela;

Berak ere buruaz agurtuko ninduen, begirada alboratu gabe.

 

Tente, aurrera begira, ametsezko aldapatan

Gora eta behera dabiltzan eskailera mekanikoek,

Kulunkatze monotono eta leun batekin,

Eraman egiten gintuzten, zutik.

Beste nonbait, han behean, makina bat lanean ari zen,

Zarata egiten zuen, azkartu egiten zen, moteldu, isildu egiten zen.

Azuleju zuriek dir-dir egiten zuten. Tunel hozkirriagoen haizea

Isurtzen zen korridoreetan, ments nituen

Dena estaltzen zuen argia, aspaldiko egun misteriotsuak,

Bazkalorduan eguzki zaleak etzaten ziren parkeak,

Gorputz axolagabeek berotutako belar moztuarekin.

Piztueraren aurreko minutuetako

Piztueraren eszena bat, uda ezegonkorreko

Eta euren atseginen baratzeko, habitués.

 

Maila bat beherago, nasa jendez betea.

Multzoaren babesera sartu nintzen berriro,

Erdi galduta zebilen jendetza, erdi lotuta

Giza-katea osatuz; iritsi berri oldarkorrak

Bultzaka eta presaka gangaren azpian,

Denak marraren atzean prest trenera lehenak igotzeko,

Kalean balira bezala hizketan, artaldearen isiltasunera lotzeko gero…

Traizioa egin nuen edo ez, neure buruari edo berari?

Beti berri niretzat, beti etxeko,

Oraintxe damuturik, oraintxe damutu gabe,

Zain nengoen bitartean, lehen dardararekin pozik,

Han zen norbanako bakoitzaren “orain edo inoiz ez”

Erauntsiak irentsita trenean zehar.

 

Igotzeko tartea igarota,

Bagoiaren metal barruan, heldulekuaren zurtoin beltza

Eustera iristen nintzen, bertan egokituz

Orpoekin eta esku-masailez tinkatuta,

Pixkanaka mugimenduek eta bideko jausi txikiek egonkortzen nindutela,

Abian nintzen, ondo helduta, baina hala ere erortzeko zorian artean,

Kokatua, jitoan, hotz,

Zaratak pixkanaka nola desagertzen ziren entzunez,

Itxi gabeko atearen kontra bizkarra, nasa hutsik;

Eta iraun zezaten desio nuen

Higitu aurreko une arteko pausa luze haiek

Eta leiho lausotuak, edozein aitzinamendu saio

Desatsegin bihurtzen eta gorputzak egokitzera behartzen zituztenak,

Eurentzat nola besterentzat ustekabekoak.

 

Gero eta sakonago, jendetzak bultzatuta, heldulekuari eutsiz,

Beso gora, irabiur baten gisan jiraka,

Gure aitaren aurpegiaren isla lausoa nire gainbeheran,

Eta goraldian…

            Berriro ere marmarra ateak ixtearen

Karranka, kolpe hotsa eta doinu bakuna

Burdina burdinaren aurka joz, ondoren zulo estu bakoitzean

Abiaduraren garraiatze zentrifugo luzea.

 

Eta horrela gau eta egun garraiatua.

Eurekin batera galeria-sare bihurtutako lurretan zehar, non kide ninduen

Horren guztiaren erlikia bakarra bainintzen, aurrerantz bultzatua,

Negarrez ari ziren harri porrokatuz egindako

Leiho ispilatuan islatua.

            Di-da.