Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Gurpilak gurpiletan

 

 

                              I

 

Inoiz benaz menperatu nuen lehenengo gauza

(Eskuz) pedalei eragiteko artea ikastea izan zen

Azpikoz gora jarritako bizikleta batekin, atzeko

Gurpila harrigarrizko abiaduran gidatu nuenean.

Maite nuen erradioen ezkutatzea,

Hagunaren eta abatzaren arteko espazioak

Hots gardena egiten zuen modua. Patata bat

Jaurtitzen bazenion, uztaiaren barruko aireak

Birrinak eta bisutsa itzuliko zizkizun aurpegira;

Lasto batekin ukitzen bazenuen, lastoa printzatu egingo zen.

Pedalek bira emateko era horretan bazegoen zerbait

Hasieran nabarmen zure aurka lan egiten zuena

Baina ondoren zure eskua aurreraka zeramana

Bulkada berritu batez — hori guztia nire baitan sartu zen

Ahal aske baterako atea horixe balitz bezala, sinesmenak

Sinesmenaren objektuei oratuz,

Biraka jarriz nostalgiaren orbita mugakide batean.

 

 

                              II

 

Baina nahikoa ez zen aski. Dena den, nor dago eman diotenarekin

Etsitzeko prest?

Gure etxeaz harantzagoko soroetan putzu bat zegoen

(“Putzua” deitzen genion. Urez betetako

Zulo bat besterik ez zen, elorri zuhaitz txikiekin

Alde batean, eta abelgorriek zapaldutako

Basatza zingiratsua bestean).

Hori ere maite nuen. Maite nuen usain uherra,

Leku hartako olio-poto bizitza, kate zaharrak koipeztatzeko olioa bezalakoa.

Eta hurrena, hara eraman nuen nire bizikleta.

Aulkia eta eskulekua sartu nituen

Zola bigunean, gurpilarekin

Uraren gainazala ukitu nuen, gero pedalei eragin nien

Tantaka errota baten hortzen gisa,

(baina alderantzira eta azeri-buztana inarrosiz)

Munduaren ureztatzaile zen atzeko gurpil murgilduak

Begiztak eta buztin-pikorrak josi zituen nire begien aurrean

Eta busti egin ninduen neure lokatza zahar-berriztatzaileaz.

Zenbait astez dirdira zaharreko argi-koroa bat egin nuen hantxe bertan.

Gero abatza buxatu, hagunak oxidatu eta katea askatu egin zen.

 

 

                              III

 

Hori hautsiko zuenik ez zen sortu

Harik eta, zirkuko pista batean, fokupean eta danbor hotsean,

Cowgirlak biraka ikusi nituen arte, lakio geldi baten erdian

Orbange.

Perpetuum mobile. Inoiz ikusi gabeko itzulipurdiak.

Jauzilariak. Juglareak. Gurpil-dantzak. Bejondeiela!