Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Belderg

 

“Bata bestearen atzetik azaleratzen ziren etengabe

Eta uste zen arrotzak zirela” —

Bere etxe ondoan zeuden,

Begibakar eta onbera

Lupetzatik ateratako errotarriak.

 

Zohikatzaren gaineko azala jaso

Eta ikasle gazte hau aurkitu

Neolitikoko gariarekin amets egiten!

Lupetzezko estalkia geruzaz geruza erretiratu zuenean

Emeki pilaturiko mendeak

 

Berritsu ireki ziren;

Han zeuden lehen golde markak,

Harri-aroko zelaiak, hilobi

Berdatua, mentsulekin eta logela eitekoak,

Belar-ikatzez zolatua.

 

Paisaia fosildu bat,

Mayoko horma-harrietan

Harkaitzetako patroiak

Gure begien aurrean errepikaturik.

Alde egitekotan nintzela

 

Iraunkortasunaz mintzatu zitzaidan,

Bat egiten duten bizitzez,

Nola, eremua garbituz eta harriak soilduz,

Bere etxea hazi egin zen

Burdinazko, suharrizko eta brontzezko eraztunetan.

 

Orduan nik Mossbawnez hitz egin nion,

Lur zingiratsu baten izenaz. “Baina, moss?”

Gure antzinako etxearen doinua

Konpas nordiko are zaharragoekin gurutzatu zuen.

Kontatu nion bere oinarria

 

Soinua bezain aldakorra zela

Eta lur hartako hortz biko sustraiak

Hauteman nitzakeela

Bawn-a ingelesen gotorleku bihurtzeraino,

Kolono britainiarraren muino harresitua,

 

Edo bestela santutegi bat topa nezakeela

Eta irlandarra zela pentsatu,

Iraunkorra bai baina zaharkitua.

“Baina zure zuhaitzean dagoen eraztun nordiko hori?”

Errotarriaren begitik pasatu nintzen,

 

Antzinako errota baterako gaia,

Eta nire bihotz-begiekin ikusi nuen

Orekan dauden harrien mundu-lizar bat,

Errotarriak orno-hezurren gisan pilaturik,

Hezur-muin birrinduak zoru.