Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Idazketaren mugatik

 

Tentsioa eta ezereza autoa geratzen den

errepideko puntu horretan, tropek modeloa eta matrikula

aztertzen dituzte eta, batek burua zure leihora

 

hurbiltzen duenean, ohartzen zara gehiago daudela

atzeko muinoaren gainean, erne zelatari

zuri begira jarri dituzten armei sendo eutsiz,

 

eta galdeketa hutsa da dena

errifle batek seinalea egin eta laxotasun neurtuan azeleratuz

aurrera jarraitzen duzun arte —

 

apur bat hustuago, apur bat nekatuago

barne ikaraldietan gertatu ohi den gisara,

azpiratua, bai, eta otzana.

 

Beraz, idazketaren mugaraino gidatzen duzu

guztia berriro gertatzen den lekura. Armak tripodeetan;

sarjentuak bere on-off irratiarekin zure datuak

 

errepikatzen ditu, baimenaren zain dagoen bitartean;

frankotiratzaileak zurekin entseguak egiten ditu

eguzkiari iskin eginez, zapelatz baten moduan.

 

Eta bat-batean pasa egin zara, akusatuta baina libre zaude,

asfaltaturiko bidearen eman beltzera

igaro bazina bezala ur-jauzi baten atzeko aldetik

 

atzean utziz ibilgailu blindatuak, haizetako distiratsuan

ager-ostenka dabiltzan zuhaitzen itzalen antzeko

soldaduen artetik iraganez.