Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Triptikoa

 

 

         Sarraski baten ondoren

 

Han zeuden, gure memoriak errunak balitu bezala,

Fundatzaile egonezinak berriro abian balira bezala:

Muinoaren gainean bi gizon gazte errifleekin,

Euren gailuak bezain profano eta irmo.

 

Nor da gure auziaren erantzule?

Nork egin zuen amets geure baitan bizi gintezkeenik

Euripean eta argi marruskatuan eta aire zabalean lehortutako harrien artean?

Basaltoa, odola, ura, hilarriak, izainak.

 

Brandonetik Dunseverickeraino

Jatorrizko bakardade neutral hartan

Bizirik atera ziren lore begi txikiez oroitzen naiz,

Eder-iritzitako, orkidea esetsi bakoez.

 

Harrizko etxea ikusten dut kaian.

Bizi eremu bat. Leihotik argi indartsua.

Bihotza igo egiten da. Hogei yarda egin

Txalupetaraino eta berdela erosten duzu.

 

Eta gaur gure etxera neskatxa bat sartu da

Saski bete patata berrirekin batera dakartzala

Hiru aza-buru, eta azenarioak

Berde eta guzti, lur oraindik bustiaz.

 

 

         Sibila

 

Nire mingaina mugitu egiten zen, gontz lasaigarri uhintsu bat.

Galdetu egin nion, “zer gertatuko da gurekin?”

Eta goizean izandako leherketa batek

Putzuan ahaztutako ura mugiarazten duen gisan

 

Edo teilatua pitzatzen duen arrakala batek bezala,

Hitz egiten hasi zen.

“Uste dut geure izaera nahitaez aldatuko dela.

Zakurrak setioan. Saurioen arra-suntsitzeak. Txindurriak.

 

Barkamenak bere ahotsa eta zaina aurkitzen ez dituen artean,

Odola darien kaskoa jantzitako zuhaitzek berdatu eta umeen ukabilen gisako

Fruituak ematen ez dituzten artean,

Eta magma ustelduak ninfa distiratsuak

 

Inkubatzen ez dituen artean… Nire herriak diruaz pentsatzen du

Eta eguraldiaz mintzo da. Euren etorkizuna petrolio putzuek

Baretzen dute erosgai soil bihurtuz. Isiltasuna

Ontzi txikiek jaulkitako oihartzun artean galtzen da.

 

Entzuteko belarria gainean luzaz jarri genion lurra

Ebakita edo isildua dago, eta bere erraiak

Iragarpen fedegabe batek tentatuta.

Gure irla zarata deserosoz mukuru dago.”

 

 

         Ur ertzean

 

Devenishen istingorra entzun nuen

Eta guardiaren eresia-errezitaldia

Dorrearen azpian. Tailaz landutako monasterioetako buruak

Ogia uretan bezala papurtzen ziren.

 

Boaren gainean Jainkoaren begiak, hilobi artean txertaturiko

Sexu-ahodun harriak, aurki-ifrentzuak, trepanatuak,

Nire isiltasunari isiltasunez ihardetsi zion.

Euriarentzat ur bedeinkatuaren harri bat. Madarikazioa.

 

Horse Islandeko supazter hotz batean

Tximinia zulotik ortziari begira egon nintzen

Eta patruilatzen ari zen helikoptero militar baten

Errota-hots astunak entzun nituen.

 

Mailu bat eta armiarma sarez beteriko pitxar hautsi bat

Zeuden jarrita leiho ertzean. Naizen guztiak

Men egin nahi zuen, neure burua eskaini,

Hanka-hutsik joan, umeki gisa edo penitente gisa,

 

Eta ur ertzean otoitz egin.

Nola ibiltzen ginen lau-hankan oinez ikasi aurretik! Newryranzko martxan

Itzal egiten zigun helikopteroaz oroitu nintzen,

Atzeraezineko urrats izutuez.