Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Tollundeko gizona

 

 

               I

 

Egunen batean Aarhusera joango naiz

Haren buruko zohikatz okrea ikusteko,

Betazaletako leka-maluta leunak,

Larruzko txano punta zorrotza.

 

Lurpetik atera zuten lekutik

Gertu den zelaian,

Neguko haziekin egindako azken ahia

Urdailean mami eginda,

 

Biluzik

Kapela, lazoa eta gerrikoa salbu,

Zutik egongo naiz luzaz.

Jainkosaren senargai,

 

Ito arte estutuko zion idunekoa

Eta bere padura zabaldu,

Zuku ilunek santu baten

Gorpu ondu bihur zezaten,

 

Zohikatz biltzaileen

Abaraskako altxor.

Orain haren musu lohituak

Aarhusen du atseden.

 

 

               II

 

Biraokerian jauts naiteke,

Zingira sagaratu

Gure lur santu izendatuz,

Eta otoitz egin ernaraz ditzan

 

Sakabanatutako, laborari

Matxinatuen haragia,

Etxaldeetan dautzan

Hilotz estaliak,

 

Larruazal eta hortz berritsuak

Lau haurride gazteren

Oheak zipriztintzen, herrestan eramanez

Miliatan zehar muga-lerroen ondotik.

 

 

               III

 

Haren gurdiari tira egiten zion

Askatasun hits hartatik

Apurren bat iritsi behar zitzaidan, gidari nindoala,

Izenak ahoskatuz

 

Tollund, Grauballe, Nebelgard,

Laborari jendearen

Esku zailduei beha,

Euren hizkuntza ulertu gabe.

 

Han Jutlanden,

Barruti hiltzaile zaharretan,

Galdua sentituko naiz, triste,

Eta etxean bezala.