Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Euriaren dohainak

 

 

                  I

 

Egunetan

bat-bateko zaparradak eta euri txikia atertu gabe.

Ugaztuna geldi,

lastozko hanken gainean lokatzetan,

bere larruak iragartzen dio

eguraldia.

 

Uholdearen mutur zorrotzak

ibaia igarotzeko harriak miazkatzen ditu

eta guztia erauziz doa.

                                                     Bere bizitza

ibitik igarotzen du inoren marmarrari adi.

                                   Ur mailari galga jarriz.

 

 

                  II

 

Hondatutako soroetan zangoak uretan dabilen gizonak

uholdearen kristala hautsi du:

 

lohi-urezko lore bat

bere islarantz ireki da

 

nola ebaki baten arrasto gorri irabiatuak

azpil batean.

 

Palaz berdindutako

ildo urperatuetan dabil

 

eskuak aztarrika, nahitaezkoa duen

atlantida hori. Ondoren

 

ereiten zuen tokira itzuli da

eta zerua eta lurra

 

lur landua haztatzen duten besoen artean

ohi bezala isurtzen dira.

 

 

               III

 

Euri-urak batzen zirenean

gau guztian harrabotsa

izaten zen ibian.

Kalean hezitako belarriek

 

ohiko solasaldiak

jarraitu ahal zituzten, haizea

etxearen hormapikoan zehar,

Moyola harpa jotzen

 

hartxintxarrezko ohatzean:

egun argiz erretenak oro

euren doinuz mukuru

eta istil-upelak gainezka

 

negar luzean.

Entzumena zorrozten dut

ausentzia bati adi —

odolaren dei elkarbanatuarekin

 

dator

dilubio-aurretiko jakintzarenganako nire gosea.

Hilen ahots eztiak

mismisean ari dira ur ertzean.

 

Galdetuko nieke

(nire seme-alaben hobe beharrez)

galdutako uztez, ibaiko lokatza

glasatzen duen buztin egosizko zolaz.

 

 

               IV

 

Eztarri-hotsez ur gorriak

bere izaera letreiatzen du: Moyola

bera da bere partitura eta harmonia,

 

emari honetan

iltzatzen ditu bertakoak,

ihien musika, kantore zahar bat

 

hango behe-lainoak hats eginez

bokalen eta historiaren bitartez.

Ibai hazi bat,

 

Maitaketa-deia sortzen da

ni atsegiteko, Dives,

larre komunen biltzaile hori.