Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Alfabetoak

 

 

                           I

 

Aitak eskuak elkartzen ditu

Eta erpuruaren eta hatzen itzalek kosk egiten diote hormari

Untxi baten burua bailiran. Badaki eskolara joaten denean

Gehiago ulertuko duena.

 

Han, klerarekin kea marrazten ematen du lehenengo aste osoa,

Gero Y deitzen dioten kakodun makilatxoa margotzen du.

Hauxe da idaztea. Beltxargaren lepoak eta beltxargaren bizkarrak

2a osatzen dute, eta orain ikusi eta esan biak egin ditzake batera.

 

Bi zutabe eta beste bat zeharka arbelean

Batzuek “ah” eta besteek “ay” esaten dioten hizkia da.

Irudiak daude, goiburuak daude, lumari eusteko

Modu egoki bat eta beste bat desegokia dago.

 

Lehendabizi “kopia” egiten da, eta gero dator “Ingelesa”,

Zuzen dagoena aitzur txiki oker batekin markatzen da.

Tinta-ontzietako usaina zabaltzen da gela isilean.

Leihoan mundua dago erdi etzana, O koloreztatu bat bezalakoa.

 

 

                           II

 

Deklinazioak hosanna bat bezala esaten genituen,

Estratuetan zutabez zutabe,

Elementa Latinaren Lehen Liburua,

Haitzurdinezko eta mehatxagarri, bere baitan hazten zen bitartean.

 

Haritz-basoko patroiaren izena zuen

Ikastegi zorrotzago batean hezi zuten

Non klaseak kanpai hotsen dilindan aldatzen baitziren

Eta etxean bezala sentiarazten zuen kaligrafia berriaren

 

Itzalagatik utzi zuen latindar foroa.

Alfabeto honen hizkiak zuhaitzak ziren.

Hizki larriak loretan zeuden fruitu arbolak,

Idatzitako lerroak ubideetan korapilatutako basalarrosen gisakoak.

 

Hemen, txanodun janzkiekin eta oinutsik,

Guztia asonantzia eta egurrezko notekin kiribildua,

Poetaren ametsa pixkanaka etorri zitzaion eguzkiaren argitasuna bezala

Eta sasi ilunak zeharkatuz barrenean errotu zitzaion.

 

Delako beste idazketa hori ikasten du. Bera da luma zurien taldea

Soro zurira bideratu zuen eskribaua.

Bere logelaren ate inguruan zozoak dabiltza joan etorrian.

Ondoren bere buruaren ukazioa, baraua, hotz-beltza.

 

Zenbat eta iparralderago orduan eta gogorrago diren arauei leial

Mahaian jartzen da berriro ekiteko.

Kristoren igitaia sasi artean egon da.

Biluzik eta merovingiar hazi egiten da idazkera.

 

 

                           III

 

Mundua biraka ibili da. Zurezko O batean zutitu da.

Shakespearez ari da. Gravesez ari da.

Denborak ikastegia eta ikastegiko leihoak eraitsi ditu.

Belarretan ari direnek inprimatutako testuak bezalako azao trinkoak uzten dituzte

 

Lambdak itxuratuz belar sortekin galtzuetan,

Eta patata ildo bakoitzaren delta aurpegia

Ahurka berdintzen zen eta izotzari aurre egiteko eran egokitu.

Amaitu egin zen dena, ate bakoitzaren gainean

 

Jagole egoten zen zorte onaren ferra-omegarekin batera.

Musika-kode erako hizkuntza batek, erabat airean

Constantinok zeruan irarritako IN HOC SIGNO bezala,

Oraindik aginpidea dauka; edo necromantea

 

Koloretako mundu baten irudia jartzen zuen

Bere etxeko ganga itxurako sabaian zintzilik

Era horretan unibertsoaren irudia

Eta “ez gauza bakunak soilik” topa zitzan haren begiradak

 

Atzerrira joaten zenean. Astronautak bere leiho txikitik

Behean utzitako guztia ikusten du,

O goitua, urtsua, bakarra, argitsua

Ovum erraldoi eta jostari bat bezalakoa —

 

Edo kontzientzia hartu aurreko begirada galdua

Denok zirraraz igeltseroak eskailera gainera igota

Ate burua pala txikiaz atontzen zuenean bezalakoa

Hizki arrotzez gure izena bertan idatziz.