Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Kantu-eskola

(zatiak)

 

 

         Agente baten bisita

 

Bizikleta leiho-hegiaren kontra zegoen,

Gurpil azalaren kautxu bilgarria

Aurreko lohi-babesak estalirik,

Eskuleku lodi eta beltzak

 

Eguzkipean berotzen, dinamoaren “patata”

Dirdaitsu eta oker,

Pedala zintzilik

Legearen botapetik aske.

 

Kapela azpikoz gora zegoen

Lurrean, eserlekuaren ondoan.

Kapelaren marra arrakala bat bezala

Nabari zitzaion ile izerditu berrian.

 

Askatu egin zuen

Kontaduriako liburukotea, eta aitak

Laborantzako kontuak erakutsi zizkion

Akreetan, lakarietan eta anegetan.

 

Aritmetika eta beldurra.

Pistola-zorro distiratsuari begira jesarri nintzen,

Botoidun hegala zuen eta soka txirikordatua

Errebolberraren kulatari lotua.

 

“Labore gehiago?

Bazka-erremolatxarik? Kuiatxorik? Besterik?”

“Ez”. Baina ez al zegoen ba arbi ildo bat

Haziak agortzean patata sailean

 

Aldatutakoa? Bekatu txikiak zirela

Ulertu nuen eta jesarri egin nintzen

Kasernako zulo beltza irudikatuz.

Jaiki egin zen, borraren zorroa zuzenduz

 

Gerrikoaren jira bueltan,

Erregistroen liburua itxi zuen,

Bi eskuekin kapela atondu,

Eta begiratu egin zidan agurtzeaz batera.

 

Itzal bat agertu zen leihoan.

Parrilako goma elastikoa estutu zuen

Liburukotearen gainean. Botekin bultza

Eta bizikleta tirriki, tirriki, tirriki.

 

 

         Danbor orangistak, Tyrone, 1966

 

Maskuri-puxika sabel gainean, pisuak bizkarra

Harrotzen dio, harrabotsa trakets gordez

Hor, kokotsaren eta belaunen artean.

Behean lotuta daraman horrek zutitzen du.

 

Zur oneko atabal banatan luzaturik besoak,

Desfilean doa atzetik. Eta nahiz eta danbor-joleek

Agur egiten dien jendetzaren artetik bidea zabalik izango duten,

Danborrak dira aurretik doazenak, tumore erraldoiak legez.

 

Gutizia izan eta adi entzuten duen edozein belarrirentzat,

Bere idazpuru mailatuak “Aita Santurik Ez” berresten du.

Tarteka odolez orbantzen zaio ahuntz larrua.

Inguruko giroak erritmikoki jotzen du estetoskopio batek bezala.

 

 

         1969ko uda

 

Poliziak jendetza jagoten zuen bitartean

Fallsera tiro eginez, nik

Madrilgo eguzki errea besterik ez neukan pairatu beharrik.

Arratsaldero, pisuko eltzearen berotan,

Joyceren bizitzaren gorabeherek

Izerditan nindukaten bitartean, arrain postuen sunda

Lihozko ezponda bateko kiratsa bezala igotzen zen.

Gauak balkoietan, ardoa edanez,

Umeak ezkutalekuetan ote dabiltzan,

Atsoak leihoan xal beltzekin,

Airea, arroila bat espainieraz mintzo.

Berriketan itzultzen ginen etxera izar azpiko lautadan,

Non Guardia Zibilaren txarolak

Diz-diz egiten baitzuen lihoak pozoituriko uretan arrainen sabelek bezala.

 

“Itzul hadi,” esan zuen batek, “saiatu jendearekin harremanetan egoten”.

Beste batek bere muinotik Lorca ekarri zuen gogora.

Heriotzen zenbaketak eta zezenketen kronikak ikusten genituen

Telebistan, ospetsuak

Artean gauzak benetan jazotzen ziren tokitik zetozen.

 

Pradoko freskurara jo nuen.

Goyaren Maiatzaren Hiruko Fusilatzeak-ek

Horma bat estaltzen zuen — errebeldearen

Beso goratuak eta espasmoa, militarrak

Kasko eta motxilekin, fusilen

Eskuare eraginkorra. Aldameneko aretoan,

Haren amesgaiztoak, jauregiko horman txertaturik —

Zikloi ilunak, altxatzen, lehertzen; Saturno

Seme-alaben odolaz egindako bitxiekin apainduta,

Anabasa Erraldoia aldaka basatiak jiratuz

Munduaren gainetik. Baita ere, duelu hori

Non bi eroek ohoreagatik hiltzeraino makilaz elkar jipoitzen duten

Lupetzan sartuta, eta hondoratzen.

 

Ukabilez eta ukondoez marrazten zuen,

Odolez tindatutako bere bihotzaren azala erakutsiz historiak eraso egiten zuen bitartean.