Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Aitortzarik gabeko legegile baten ametsa

 

Arkimedesek uste zuen mundua mugitu ahal zuela palankarentzat puntu egokia aurkituz gero. Billy Hunterrek esan zuen Tarzanek munduari dardara eragiten ziola zuhaitz batetik jauzi egiten zuenean.

      Estatuaren eta dekretuaren adreiluetan ezagutzen dudan pitzaduran nire makila hondoratzen dut, dantzan nabil Bastilla barruko sekretuen huntz artean.

      Ene herri makilatuak bozkarioz aldarri dagi kaiola barrutik. Kateko zakurrak mozalik gabe daude, soldadu batek bere armaren begia zuzendu du nire belarri zulora; zutik naukate begiak zapiz estalita eta eskuak buru atzean ditudala, zintzilik nagoela dirudi.

      Ofizialeak esertzeko keinua egin dit — “Ohorea da poeta bat izatea gure zerrendan”. Jostaria eta originala da. “Edozein modutan, hemen seguru egongo zara”.

      Ziega barruan, txoko batean lekua hartu dut besoak luzatuz, eta arnasari buelta ematen saiatzen naiz, harlauzak frogatze aldera gainean jauzi eginez. Zure begiak ziren oraintxe bertan judasetik begira zeudenak?