Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Neagh itsasadarraren sail bat

 

Arrantzaleentzat

 

            Itsasertzean

 

                            I

Itsasadarrak biktima bat eskatuko du urtero.

Zura harri bihurtzeko dohainak ditu.

Bere urek herri bat daukate hondoratua.

Isle of Manek utzitako zauriaren orbana da.

 

                            II

Itsasorako bidea hartzen du, Toomebridgen

Ur-joanei aurre egiteko ate eta tanga berriak ezarri dituzte.

Aingiraren bidaia eteten dute tarteka

Eta bostehun harri jasotzen aldiro.

 

                            III

Baina han Antrimgo eta Tyroneko itsasertzean

Arrantzaleek egoki irizten diote tratuari.

Buruz buru egiten dute borroka itsasoarekin

Eta miliak nabigatzen dituzte barrura, eta ez dute inoiz ikasten igeri.

 

                            IV

“Horrela, lehenago itoko gara”, diote —

Eta hemen ez dela ekaitzik izaten esaten badiezu,

Ordubetez eusteak lurrera onik itzultzea esan nahi duela —

“Itsasadarrak biktima bat eskatuko du urtero”

 

 

            Amua

 

Gauerdian eskuargiak astiroegi doaz soroan.

Zelaian hiru gizon, zeinek bere sudurrari jarraitzen dio,

Eskuargiek euren branka eta konpasa proiektatzen dituzte.

 

Hobe da orain kuboaren giderrak zaratarik ez badu egiten:

Isiltasunak eta argi bitxiak amua biltzen dute.

Heldu egiozu, baina itxaron

 

Kizkurtu artean, hatz lodian likatsu.

Utzi egiozu atzera bere tunelean sartzen.

Ondoren tira lasai eta etorri egingo da.

 

Hosto konkortu eta kokosdunen azpian

Lokatzezko koroetan biribilkatzen diren milioien artean

Gutxi batzuk ezinbestean kurruskatuko dira gaueko segada hauetan,

 

—Lurraren haizagailu errugabeok—

Kristal borobilaren neurri perfektuarekin.

Gutxi batzuk ezinbestean limurtuta jausiko dira

 

Gauerdian eskuargiak astiroegi doazenean soroan,

Arrantzaleek badiarako girnaldak behar dituztenean

Eta lokatz artetik irtetean, berriro nondik etorriko diren badakitenean.