Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Antaeus

 

Lur gainean etzaten naizenean

Goizeko arrosa bat bezain gorri jaikitzen naiz.

Borroketan ringaren zorua bilatzen dut

Nire burua hondarrarekin igurzteko

 

Eta horrek edabe baten eragina

Lortzen du. Ezin naiz munduaren ingerada

Zabaletik jaregin, bere ibai-zainak.

Hemen behean nire kobazuloan

 

Harkaitz eta sustrai artean hertsia

Sortu ninduen iluntasunean sehaskatzen naiz

Eta muino txiki baten gisa

Arteria guztietatik naiz elikatzen.

 

Betor hurrengo heroia

Urrezko sagarren eta Atlasen peskizan.

Nirekin borroka egin beharko du lehenbizi

Ospearen erresuma honetara sartu aurretik

 

Zerukoen eta errege-erreginen artera:

Eraitsi nazala eta nire jaiotzea berritu

Baina ez dezala bere asmoa zertu, niri lurra kenduz,

Nire goraldia, nire erorikoa.