Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Arrastoak

 

                              I

 

Joko-zelaia markatzen genuen: lau jaka lau zutointzat,

Hori zen guztia. Hor zeuden

Kornerrak eta areak, zoru malkartsuaren azpian

Longitude-latitudeak bezala,

Batzuetan ados jarriz besteetan ez,

Unearen arabera. Eta gero taldeak aukeratzen genituen

Eta izenez deitzean gure arteko muga zeharkatzen genuen.

 

Gazteak zelaian eztarria lehertu beharrean garrasika

Eguna azkenetan zegoen arren jolasean jarraitzen zuten

Itsu ari ziren jokatzen ordurako

Eta ostikoz jotako baloia beraiengana etortzen zen

Amets astun bat bezala, eta arnas estuek

Ilunean eta zelai gaineko laprastek

Beste mundu bateko lanak ziruditen…

Bizia eta lehiatua, azkenik behar ez zuen

Partida. Muga batzuk gainditu egin ziren,

Han bazen zalutasuna, aitzinamendua, nekerik eza

Aldi bikain, ezusteko eta aske hartan.

 

 

                              II

 

Gustatzen zitzaizkizun orubean taketez eginiko marrak ere,

Listari mehearen lehenengo mutur parean

Zuloa egiten zuen pala bezala. Edo, doi-doi tenkaturiko soka

Etxe baten zimenduak markatzen,

Kantoi bakoitzean angelu zuzena eratzen ipinitako listoi margulak,

Ohol ebaki berri bakoitza,

Harrigarri maskaldutako belar gainean ezin txukunago paratuta.

Edo, lantzeko soroan

Zirrindolari jositako hesola batetik

Bestera doan irudizko lerroa.

 

 

                              III

 

Gauza hauek guztiak zure baitara sartzen ziren,

Batetik atea bera eta bestetik atea zeharkatzen zuen oro, dena bat balitz bezala.

Lekua markatzen zuten, denbora markatzen zuten eta irekita zituzten.

Uzta-makinak brontzezko arta-itsasoa bitan banatzen zuen.

Gindax batek erdiko urak jasotzen zituen.

Bi gizonek trontzarekin igeri daramate

Pago moztu baterantz, euren atzera-aurrerekin

Lehorrean arraunean ziruditela.