Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Hega-Probak

 

ONGI ETORRI ZORTZIGARREN BATAILOIKO GAZTEAK.

      Pankarta hark probokazioren bat izango zuen gordean harresiko horman baitzegoen margotuta, albiste zaharren goiburuekin, OROITU 1690 eta EZ ERRENDITU, tupustean jaso nituen alderik alde idatzita zeuden mezuok.

      Atorra kakia eta letoizko belarridun gerrikoa soinean, auzoko desmobilizatu bat gure ate ertzaren gainean zegoen. Nire aitak txin-txin egiten zuen eskuak bi patriketan sartuta eta barrez hasi zen arrosarioaren ale ozenak erakustean.

      “Papista bihurtu al haute hor kanpoan ibili haizenean?”

      “Ez hadi beldurtu! Hiretzat ostu nizkian, Paddy, Aita Santuaren jantzi-gelatik bizkarra emanda zegoenean.”

      “Asto bat apaindu dezakek horrekin”.

      Haien barre-algarak nire buru gainean aske zebiltzan, aldarri zakar bat, bi hegazti urduri amil egin eta aireratzen, lurraldean barrena hega-probak eginez.