Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 

 

Dublin bikingoa: zirriborroak

 

 

             I

 

Masail-hezurra izan zitekeen

edo saihetsa edo beste zerbait

gogorragoren zatia:

dena dela, lerro mehe bat

 

zuen irarria, kaiola bat

edo araoak egiteko zurezko hesi bat.

Bere kaligrafiaren

eginahalei jarraitzen dion

 

haurraren mingaina bezala,

otarretik atera ezinda dabilen

aingira bezala,

lerroa miretsirik dago

 

jaten ematen dion

eskuari itzuri egiteaz,

moko bat hegaz,

sudur-mizpira bat igeri.

 

 

             II

 

Hauek zirriborroak dira,

artisautzaren misterioak

hezurrean inprobisatuak:

hostotzak, bestiarioak,

 

arbasoen eta merkatarien

bide-sareak bezala

landutako korapiloetan lotuak.

Erakusketarako handitu

beharra daude,

eta sudur-mizpira

Liffey ibaia usaintzen duen

branka migrantea bihurtuko da,

 

ibiraino harro puztuta,

kukutuz

larruzko orrazietan, hezurrezko orratzetan,

txanponetan, haztakinetan, pisuko platertxoetan.

 

 

             III

 

Buztinezko hilobi

hezean gordetako

ezpata luze bat bezala,

gila hondoa jota dago

 

ur ertzeko ezpondan,

oholez egindako kroskoa

hezurtsua eta herskaria

Dublin bezala.

 

Eta orain eskueran ditugu

orno puskak

hesiaren saihetsak

ibaiak sortutako ezkutalekuak —

 

eta ume batek irarritako

zirriborro hauek,

drakkar bat, lerro goranahi

migrantea.

 

 

             IV

 

Nire kaligrafian murgiltzen dena,

letra etzan bihurtzen da,

ubera zoomorfiko bat askatuz,

lupetza barruraino jarraitzen diodan

 

pentsamenduaren zizare bat.

Hamlet Daniarra naiz,

buru-hezurrarena, paraboletakoa,

estatuaren ustela

usaintzen duena,

bere pozoiz enpo,

mamuek eta estimuek,

erailketek eta errukiek,

 

esku-lotu zutena,

hilobien gainean jauzika

kontzientzia hartu zuena,

aiko-maiko, eldarnio batean.

 

 

             V

 

Zatoz nirekin hegan egitera,

zatoz usna egitera,

bikingoek ohi duten

antzeaz —

 

auzotasunez, euretako eginez

hiltzaileak, sorginak

eta tratulariak, lukurreroak,

zekenkeria eta irabazien metatzaileak.

 

Harakinaren patxadarekin

birikak erauzi

eta hego epelak

jarriko dizkizute sorbaldetan.

 

Asaba zaharrok, gera zaitezte gurekin.

Feudorako nola

segadak edo herriak antolatzeko

aholkulari ezin azeriagook.

 

 

             VI

 

“Entzun duzu zerbait”

galdegin zuen Jimmy Farrellek,

“Dublin hirian

dituzten buru-hezurrez?

 

Buru-hezur zuriak eta buru-hezur beltzak

eta buru-hezur horiak, eta hortz guztiak

dituztenak batzuk, eta hagin bakarra

dutenak beste batzuk”,

 

eta historia larria

“Uholdean daniar zahar bat

itoko zen beharbada”

galbahean.

 

Nire hitzek galtzada-harrizko kaiak

miazkatzen dituzte, eta ehizara doaz

sandaliak bezain arin

buru-hezurrez estalitako lur gainean.