Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Egun batian, nik lanik ez eta Selimek ere eguna libria, Zinebekin elkartu ginen eta errekara joateko plana egin genuen, Krimoren txabolaren ondoko erreka hartara bai? nik oso gogoan bainuen toki hori, eta buruan beti idea hori nebilkien: egun batian hara joan behar diagu. Gainera Zinebek Umaima ezagutzen zuen, eta bazuen harekin hitz egiteko zerbait, bueno eta, oilasko pare bat erosi eta kalian ogia eta fruta batzuk ere erosi ditugu eta, taxia hartu dugu hara joateko.

        Herritik gora bidia oinez egin genuen, eguerdi aldia zen baina ya dagoeneko bero latzik ez eta, lasai lasai igo ginen, Zineb ezta ikaragarrizko mendizalia eta poliki poliki, auzoan aurrena Krimoren txabolara joan ginen baina hura itxita zegoen, galdetu genion aldameneko emakume bati eta Umaima, neska «gorri» hura, aspaldi ikusi gabe zegoela esan zigun, Fesen omen dago hura, hala behintzat handik gora egin dugu nik ezagutu bidetik eta goian, tokiaren ederra, Selim eta Zineb harrituta gelditu ziren, erreka garbia, arroka eta belazeen artian itzuliak eginez zetorrena, txori banda batzuk...

        Baziren aurrekoan ikusi nituen bezala emakume batzuk arropa garbitzen, baina orduan etzen umerik jolasian eta jolasa egiten duten umiak eskolan egongo ziren eta beste ume edo mutiko batzuk larrian ardi kontu zebiltzan.

        Bilatu genuen toki babes bat itzalian, putzu batian eta kontuz bainatu ginen, neskatila batek han suge bat bizi zela esan baitzigun, bazkaldu genuen, hango zuhaixka batian habia izan behar zuten txori batzuei begira egondu ginen, txori ederrak eta behin ere ikusi gabekoak ziren haiek: luma laranjak eta buruan kukulin txuri eta beltx polit polit bat, horiei hemen hedhud esaten zaie eta euskeraz batere eztakit, gero txori haundi bat ere pasatu zen bere moko luziarekin, enaiz horren izenarekin gogoratzen baina horrek egiten du ga'ga', esaten zaio, eta igual hori izango da amonak esaten zuena kurrilloa?

        Behintzat arratsaldia lasai eta siestan eta berriz ere bainatu ginen eta ya ilundu gabe joateko prestatzen ari ginenian, bitartian mutil batzuk etorri ziren eta batzuk hango elorri eta sastraken artian zerbait bilatzen eta bestiak errekaren ixkinan sua piztu zuten, bapatian hara begiratu dut eta: hor datorren hori... ez ote da Sussu? Belarren artian gugana bezala bere makilarekin kojoka eta egundoko esiak eginez zetorren, berak artian gu ezagutu gabe eta, ematen zuen kasu egin gabe pasatu behar zuela, orduan nik: I! hots egin nion.

        Begiratu zidan, etzuen ezagutu ninduen itxurarik egin baina, guganaino etorri eta, irriparre txiki batekin hiruroi eskua eman eta bere moduko formulak esanda, esan zidan neri: Ongi etorria hi pobreen paradisura, ogi gogorraren herrira...

        Halako burlairiarekin eta begiak oso zabalik eta esaten zuena baino gehiago baleki bezala, baina berak egun hartan eta harekin egondu ginen hurrengoan ere zer eta nola ibili nintzen etzidan batere galdetu eta horregatik nik ere enion esan etortzeko bere izena erabili nuela...

        Eta, horixe eztakit jakingo zuen, baina bestela, ni harrituta, gero besteekin eserita geundela, halako batian eta Zinebi begira esan zuen: Dar el-kahlan haurrak jotzen dituzte, aurki eroei burua moztuko diete... Dar el-beida Casablanca da, handik baitzetorren Zineb, Dar el-kahla Casanegra izango litzateke. Eta, eroarena berriz, hori beragatik esango zuen noski, ze aditu dudanez oso aspaldi ez dela Sussu Beni Makadako eroetxian egon zen eta hori baino lehenago kartzelan urte batzuk ere bai! granja bat erre zuelako eta atxilotzera joanda polizia bati burua ireki ziolako.

        Baina zatozte, zatozte... Guk, joan egin behar genuela baina, insistitu baitzuen eta lagun haiek bertan baitzeuden, haiengana inguratu ginen.

        Lagun haiek, batzuk etzanda zeuden, beste batzuk sutan txoritxoak erretzen, bitartian bueltan bueltan ardobizia edaten ari ziren, eskeini ziguten baina Selimek bakarrik edan zuen trago pare bat. Han eseri ginen, apartexiago gu, Sussu zen dudikabe batzarreko nagusia, personaje bat, bere jilaba mendiko buztinarekin eta arrainen odolarekin zikindua, begiak ikaran eta zainak daldarka zebilzkiena.

        Ateratzen zituen kontuak lurretik eta zerutik, ikusten zituen gauzen gainian eta jendiaren gainian ere kontuak, eta bitartian esan ziguna, Mustafak kartzelan aldi bat egin eta herrian zela orain, eta Krimoren berri ere bazekien eta, esan zigun poliziari ihesi eta hango baso batian egondu zela gordeta, pinu kopa batian egon omen zen egun oso batez, gero pinu hartatik jeitsi eta ijito batzuekin artzai egon omen zen, gero azkenian eta zeuzkan sosekin txofer bati pagatu omen zion probintziatik ateratzeko eta benpein heldu nahi zuen tokira heldu zela hura...

        Inbitatu gintuzten txoritxoak jatera, honetaz eta hartaz aritu ziren eta, berriz hara joan nahi duen eta bere Europarekin amets egiten duen gure Selimi, Sussuk hitz hauek esan zizkion gutxi gorabehera:

        Heriotzaren beldur gutxirekin, berriz ere zerutik hara joan nahi duk, ez al dakik arrotzaren sukaldian ezin dela kozinatu? Anaia! Biaje hori bueltarik ez duena duk, eta bidian estropezu egin eta errekara erortzen bahaiz, ez badakik igeri, sugia besarkatu beharko duk! Anaia, adizak ondo, handik ez haiz itzuliko eta hire amak negar egingo dik, ez dezala Allahk hala nahi izan! Hartzak anaia arbola hori, lekuz aldazak, bitartian sustraiak moztu dizkiok, orain ezin duk inorare aldatu, orain ihartzen ari duk, hiltzen ari duk... egun batian udaletxeko morgan azalduko duk... Inxallah, ni enauk ba Leuropara joango!... Baina denak baziaztik, dir rasek bin errus u 'eiet l qeta' errus, «jartzak hire burua buruen artian eta dei egiok buru moztailiari», katez loturik eramaten ditek Leuropara jendia, zer ba! paradisura indarrez nahi gaituzte eraman? Hemen duk paradisua! Zuek zaretelako hemen... Anaia, herria uzten duen anaia bakoitza, ni nauk pixka bat alde egiten duena, egun batian nere gorputzik gabe bilatuko nauk, basamortuan itzal bat... Pentsazak, anaia, esaten ditek han gure haurrak despreziatu egiten dituztela, hil egiten direla herriminez, zeren bila joan nahi duk? Diruaren bila? Anaia, uztak aberatsek eraman dezatela beren hilkutxetan dirua! Bitartian hango fabrika izugarri batian bonbilla haundi bat fabrikatu ditek eta, haren argiarekin itsututa, dagoeneko eztizkiagu izarrak ikusten...